Pintoreak

Ruiz Balerdi, Rafael

Gipuzkoar margolaria, marrazkilaria eta grabatzailea. Donostian jaio zen, 1934ko maiatzaren 5ean, eta Alacanten hil, 1992ko martxoaren 11n.

Lehen margo-ikasketak Donostiako Arte eta Lanbide Eskolan egin zituen, Madrilgo San Fernando Errege Akademian eta Arte Ederretako Zirkuluan zabaldu zituenak (1955-56). Garai hartan, Eduardo Chillidaren adiskide egin zen, eta, horren bitartez, garaiko arte-abangoardiak ezagutu zituen.

1955ean, Lehen Saria lortu zuen Donostiako Artista Berrien XVII. Lehiaketan. 1956an, hainbat horma-irudi egin zituen Tarragonako Lan Unibertsitatearentzat. Urte horretan bertan, lehenbiziko aldiz joan zen Parisera, eta École du Louvre eskolan matrikula egin zuen. Bertan, europar artearen joera aurreratuenekin kontaktua izan zuen. 1957an, Lehen Saria lortu zuen Artista Berrien XVIII. Lehiaketan, eta 1958an, Aldundiaren Saria, gipuzkoar hiriburuko VIII. Gabonetako Lehiaketan. Urte horretan, Veneziako XXIX. Bienalaren "Margolari Gazteak" atalean parte hartu zuen, eta Carnegie Institute-ren Pittsburgh International Exibition erakusketan.

1959ko Gabonetan, Donostian Exposición de los Diez delako erakusketa kolektiboan parte hartu zuen, garaiko panorama artistikoarekiko haustura izan zena. 1960an Parisera itzuli zen. Urtebetez bizi izan zen bertan, eta amerikar abstraktuen obra ezagutu zuen. 1961ean, lehenengo erakusketa indibiduala aurkeztu zuen, Madrilgo Darro galerian, eta Nueva Yorkeko Berta Schaeffer galerian egindako erakusketa kolektibo batean eta Donostiako Lehen Arte Garaikideko Erakusketan parte hartu zuen.



1962an Pintura Gaztea saria jaso zuen, Gipuzkoar Ateneoaren eskutik. Urte horren amaieran, Madrilera joan zen bizitzera, eta, bertan, Nebli Aretoan banakako erakusketa egin zuen abenduan. Zine esperimentalaren inguruko lanak egin zituen, eta grabatua ikasi zuen, Dimitri Papageorgiu-rekin.

1966an, Gaur taldea osatu zuen, Mendibururekin, Eduardo eta Gonzalo Chillidarekin, Sistiagarekin, Amablerekin, Oteizarekin, Basterrecheareakin eta Zumetarekin batera. Taldeak garrantzi handia izan zuen euskal arte modernoan, eta lehen erakusketa Barandiaran galerian egin zuen, Donostian. 1970ean, Madrilen, Birminghamen (Alabama, AEB) eta Mexikoko Euskal Margolari eta Eskultoreen Erakusketan obrak aurkeztu zituen. 1971n, Ruiz Balerdik Nueva Yorken aurkeztu zuen bere obra, eta hurrengo urtean, Iruñeako Euskal Arte Garaikidearen Erakusketan. 1973an, Donostiara itzuli zen, eta banakako erakusketa egin zuen Durangoko Ezkurdi Udal Aretoan.

1974an, atzera begirako erakusketa ibiltari handia egin zuen, honako leku hauetan ikusgai izan zena: Donostiako San Telmo Museoa, Bilboko Arte Ederretako Museoa, Iruñeako Gotorlekuaren arte pabilioiak eta Madrilgo Arte Ederretako Zuzendaritza Nagusiaren aretoak. Une horretatik aurrera eta 1978ra arte, umeekin margo tailerretan lanean aritu zen, Lasarteko, Andoaingo eta Herrerako arte eskola nazionaletan. 1976an, Chillidarekin batera erakusketa egin zuen Zarautzen, eta hiru urte beranduago, bertan erakusketa egin zuen berriz ere, baina bakarkakoa.

1980an, hainbat obra aurkeztu zituen Durangon, Bilbon eta Zarautzen, hala nola paper gainean klarionekin egindako lehen lanak. Hurrengo udan, Stuttgarten erakusketa egin zuen, eta 1982an, Biberach-en, Madrilen, Donostian eta Bartzelonan. 80ko hamarkada erakusketez betetako garaia izan zen: Bilbon, Nantesen, Parisen eta Donostian (1983); Murtzian, Iruñean, Zarautzen, Valentzian eta Zaragozan (1984); Bilbon, Oviedon eta Donostian (1985); Frankfurten eta Mahonen (1986); Frankfurten eta Donostian (1988); Zarautzen (1989) eta Madrilen (1990).

Horma-irudi margolari gisa, azpimarratzekoak dira Euskadiko Orkestraren Entzunaretoan eta gipuzkoar hiriburuko Kutxan egindako lanak.

Haren obra bilduma publiko zein pribatuetan sakabanatuta eta hainbat museotan aurki dezakegu: San Telmo, Bilboko Arte Ederretako Museoa, Gasteizko Probintzia Museoa, Caceresko Museoa eta Madrilgo Arte Garaikideko Espainiar Museoa.

Javer Viarrek honela deskribatu zuen (1987):

"Balerdiren pintura informalismo ondoko garrantzitsuenetako bat dela esan daiteke. Ikerketa du jatorri, eta haren garapenean, ezagutzarako bidetzat planteatzen du. Bide horretan, formak eta irudiak, koloreak eta espazioaren tentsioak azterketa obsesibo batean agerian geratzen dira, eta keinuaren zoria eta errealitatearen behaketa sakona, mikroskopikoa batzuetan, nahasten ditu. Forma elementu grafisten edo puntillisten bidez deskribatzen saiatu diren margolariekin ahaidetuta dago. Kolorista bortitza eta marrazkilari bikaina da, eta azken obrek horrenbesteko tormentua dute, ezen Miguel Angelen erreferentziatik aldentzea zaila den. Balerdiren lana utopia handien eta muturrera eramandako esperientzien zigiluaz markatuta dago" (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Iñaki Moreno Ruiz de Eguinok, bere aldetik, honako hau adierazi zuen (1992):

"Haren obra erabateko abstrakzioaren eta bakartzearen emaitza da. Bertan, artistak bere lanarekin hitz egiten du, aromaz eta esentziaz betetako munduaz duen ikuspegia emateko, eta forma zurrunek ez diote izanari eusten. Gure garaiko sortzaile plastiko garrantzitsuenetako bat izan zen, eta funtsezko artista euskal margo abstraktuan" (itzulpen moldatua gaztelaniatik).