Pintoreak

Chillida Juantegui, Gonzalo

Pintorea eta grabatzailea. Donostia, 1926ko urtarrilak 12; Donostia, 2008ko uztailak 5.

Euskal testuinguruan XX. mendeko bigarren zatiko pintore garrantzitsuenetakoa da. a href="/eu/artikulua/ar-36023/">Eduardo Chillida eskultorearen anaia zen.

Gonzalo Chillida Juantegui Donostian jaio zen 1926an. Bere afizioa eta balioa pinturan erakutsi ondoren, eta lehenengo klaseak Donostian jaso eta gero, 1947an Madrilgo San Fernando Arte Ederretako Akademian sartu zen. Bertan ikasketak burutu zituen pintura espezialitatean 1951ra arte. Urte horretan Parisera jo zuen eta ikasketak sakontzen jarraitu zuen 1953ra arte Pariseko Espainiako Ikastetxean egindako egonaldiari esker.

Heziketaren lehenengo urte horietan, Gonzalo Chillidak pintura errealista eta naturalista landu zuen kubismoaren erangipean, irudi gemoetrizatuak, marra zuzenak eta kolore sendoak erabiliz. Lehenengo garai horretan bere margolanetako batzuk Pablo Palazueloren lanak ere gogora ekartzen dituzte, baita Benjamin Palencia eta Giorgio de Chirico pintoreen lanak ere. Orduan hasi zen Gonzalo Chillida bere lana lehen aldiz erakusten taldeka burututako erakusketetan. Bereziki nabarmentzekoa da bere parte hartzea 1949ko XV. Gipuzkoako Artista Berrien Erakusketan eta Donostiako Aranaz-Darras galeriak antolatutako Gabonetako Lehiaketan. Azken horiek Gipuzkoako hiriburuko San Telmo Museoan erakusgai izaten ziren. Berez, 1950 eta 1965 artean antolatu ziren hamahiru lehiaketetan bere artelanak hamar aldiz aukeratuak izan ziren eta bitan Donostiako Udalaren Saria lortu zuen, 1953an "Segovia" izeneko margolanari esker eta 1956an "Sepulveda" izenburua zuenagatik. Gainera, urte horietan Donostian bertan gipuzkoako artistak antolatutako hainbat talde erakusketatan parte hartu zuen eta 1955ean Erromako Espainia Akademian.

Hirurogeigarren hamarkadan Donostian bertan bizitzea erabaki zuen eta 1962an bakarkako lehen erakusketa antolatu zuen Entre puntas izenburuarekin Donostiako Udaletxeko erakusketa areto nagusian. 1964an beste erakusketa prestatu zuen Madrilgo Juana Mordo galeria ospetsuan -El Paso taldeko kide izandako pintore gehienek hortxe erakusten zituzten euren lanak eta hirurogeigarren hamarkadan Gaztela-Mantxako Cuenca hirira sarritan joaten ziren-. Urte berean, Jose Luis Merinok zuzentzen zuen Bilboko Grises galerian ere beste erakusketa antolatu zuten. Bertan Euskadiko, Espainiako zein nazioarte mailako artista abangoardistenak euren lanak erakusten zituzten. Halere, urte horietan zehar, batez ere hirurogeigarren hamarkadaren amaieraz geroztik, Gonzalo Chillidak piskanaka bere estiloa aldatzen hasi zen. Horrela, bere margotzeko era abstrakziora hurbilduz joan zen kolore tonu leunetan bildutako formak erabiliz. Berez, garai horretan figurazioa alde batera utzi eta abstrakziorako joerari heldu zioten beste euskal pintoreekin bat egin zuen, estaerako, Amable Arias; garai horretan hasi zen hondartzaz interesatzen, hain zuzen olatuak atzera egiterakoan itsasoak hondarntzan uzten zituen arrastoaz. 1967an 24 abstractos izenburua zuen erakusketan parte hartu zuen Sevillan.

1970ean Madrilgo SEN galerian hamaika litografi aurkeztu zituen Juan Ramón Jimenez poetaren El Nuevo Mar izenburuko liburuaren edizio berrirako egindakoak. Hamarkada horretan zehar bere lana erakusten jarraitu zuen bakarka zein taldeka. Honako erakusketa hauek bakarka burutu zituen: 1971ean Donostiako Ikuska galerian, 1974ean Donostian ere El Pez galerian eta 1979an Madrilgo Theo eta Bilboko Ederti galeriatan. Taldeka, hainbat ekimen artistikotan esku hartu zuen eta honako hauek dira nabarmenenak: 1971ean El paisaje en la pintura española contemporanea izenburupean Lisboako Gulbenkian Fundazioak antolatutako erakusketa, 1972an Iruñako Nafarroako Museoan Encuentros. Arte vasco actual ekimena, 1977an Lanzaroteko San Jose Gazteluan burututako Arte Garaideko Nazioarteko I. Lehiaketa eta 1979an Donostiako Aurrezki Kutxa Munizipalak prestatutako Gipuzkoako pintoreak, 1939-1979 erakusketa.

Laurogeigarren hamarkadari hasiera emateko, Gonzalo Chillidak parte hartu zuen Bilboko Arte Ederretako Museoan antolatutako La Trama del arte vasco izeneko taldekako erakusketan. Hamarkada horretan zehar ere 1985ean burutu zen Donostiako Lehen Pintura Bienalean parte hartu zuen, epaimahaiaren Aipamen berezia lortuz. Urte berean ere, euskal aurrezki kutxek antolatutako Euskal Pintura garaikidea 1910-1985 erakusketa ospetsuan parte hartzeko aukeratu zuten. Erakusketa hori Euskadiko hiru hiriburu nagusietan eskaini zen.

1990. urtean Gonzalo Chillidak bere bizitzako erakusketa garrantzitsuena eskaini zuen, hau da, bere ibilbide artistiko osoa bildu nahian Arenas izenburupean Bilboko Arte Ederretako Museoak eskaini zion erakusketa, artelan berrienek garrantzi handiagoa izan bazuten ere; bertan ikusi ahal izan zenez, Gonzalo Chillidaren hizkuntza piktorikoa bilakatzen joan zen aldaketa nabarmen eta handirik sumatu gabe sinpletasun eta soiltasun handiago lortuz. Irudien muga eta lerroak gero eta lausoagok ziren, eta konposaketan batasuna nagusitzen zen. Hamarkada horretan Gipuzkoako lurraldean beste bi talde erakusketa garrantzitsuetan parte hartu zuen: 1993an Mende osoko artea Gipuzkoako Foru Aldundiaren fondoetan eta 1995ean euskal artea eta artistak hirurogeiko hamarkadan, biak Donostiako Koldo Mitxelena Kuturuneak antolatuak. Bakarka beste bost erakusketak ere antolatu zituen: Madrilgo SEN galerian 1991ean, Donostiako Altxerri galerian 1992an, Gasteizko Ugarabe galerian 1993an, Madrilgo Elvira Gonzalez galerian 1994an eta Londreseko Cynthia Bourne galerian 1996an. Hamarkada horren bukaeran Donostiako pintoreak Egunsentia izeneko murala burutu zuen Donostiako Benta Berriko elizarako.

Azken hamarkadari so egiterakoan, zera nabarmendu behar da, 2001an Madrilen Espainiako Arte Ederretako Urrezko Domina jaso zuela. Geroztik ez zuen banakako erakusketarik antolatu, baina hiru talde erakusketa garrantzitsuetan bere lanak erakusgia ego ziren: La poética de Cuenca. 1964-2004 2004ean Madrilen, Obras maestras del siglo XX en las colecciones del IVAM Segovian 2005ean eta Arte español del siglo XX en la colección BBVA Madrilen 2006ean. Azken urte horretan Tf argitaletxeak bere alaba Alicia Chillidaren gidaritzapean prestatutako monografia bat argitaratu zuen, non bere lana katalogatzen zen -katalogazioa Mariana Arterok y Javier Chillidak egin zuten-. Bertan zenbait Gonzalo Chillidaren lanaren inguruan idatzitako hainbat testu biltzen ziren, esaterako, Gabriel Celaya -aurretik Madrileko Theo galeriak argitaratua 1979an banakako erakusketa eskaintzearekin batera kaleratu zuen katalogoan-, Joaquin Gurruchaga, Francisco Calvo Serraller -aurretik Bilboko Arte Ederretako Museoak argitaratua 1990an banakako erakusketa eskaintzearekin batera kaleratu zuen katalogoan-, Antonio Saura -aurretik Madrilgo Elvira Gonzalez galeriak argitaratua 1994an banakako erakusketa eskaintzearekin batera kaleratu zuen katalogoan- eta Miguel Zugaza. Handik bi urtera, 2008an, Gonzalo Chillida hil egin zen Donostian.

Gonzalo Chillidaren lana hainbat museo eta arte bildumetan dago, besteak beste, Artium Museoa Gasteizen, Donostiako Udala, British Museuma Londresen, Sevillako Arte Garaikdeko Andaluziako Zentroa, Madrilgo BBVA bilduma, Bartzelonako La Caixaren Col-lecció Testimoni, Gipuzkoako Foru Aldundia, Madrilgo Juan March Fundazioa, Valentziako Arte Modenoko Institutua, Lanzaroteko Arte Garaikideko Museoa, Bilboko Arte Ederretado Museoa, Cuencako Arte Abstraktuko Museoa eta Donostiako San Telmo Museoa.

  • Euskal artea eta artistak 60ko hamarkadan. Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia, 1995.
  • Certámenes de Navidad. San Sebastián (1950-1965). Donostia: San Telmo Museoa, 1988.
  • Gonzalo Chillida. Bilbao: Arte Ederretako Museoa, 1990.
  • Gonzalo Chillida. Madrid: Tf Editores, 2006.
  • Euskal margolariak Aurrezki Kutxen bildumetan. V. Bol. [Donostia]: Bilbao Bizkaia Kutxa-Gipuzkoa San Sebastián Kutxa-Caja Vital, 1996.
  • Mende bateko artea Gipuzkoako Foru Aldundiko Fondoetan. Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia, 1993.