Levanteko margolari handiak (Valentzia, 1863-Cercedilla, Madril, 1923) lotura nabarmena izan zuen Donostiarekin.
Udako egonaldi ugari egin zituen hiri horretan 1890etik, batez ere 1910-1920ko hamarkadan, eta Igeldon izan zuen estudioa, Zarautzen izango zuen bezala. Halaber, Donostiako giro artistiko eta intelektualekin harremanak izan zituen, eta euskal dizipulu nagusiak Ignacio Ugarte, José Salís, Vicente Berrueta, Rogelio Gordon eta Fernando Amarica izan ziren. Euskal paisaien eta eszenen koadro, marrazki eta apunte ugari egin zituen (Donostia, Zarautz, Hondarribia, Pasaia, Ronkal, Biarritz...), baita bere lagun handi Madinabeitia, Unamuno edo Baroja bezalako pertsona ospetsuen erretratuak ere. Euskal bilduma partikular askok eta museo batzuek (Donostiako San Telmo, Bilboko eta Gasteizko Arte Ederren Museoa) Sorollaren obrak dituzte. 1992an erakusketa antologiko handi bat egin zen Gipuzkoako hiriburuan, "Sorolla en Guipúzcoa" izenburupean. Erakusketa horren liburu-katalogo bat ere argitaratu zen, hainbat artikulu, testu eta argazkirekin.