Pintoreak

Amarica Medina, Fernando

Pintore arabarra, Gasteizen jaio zen 1866ko ekainaren 1ean. Jaioterrian bertan hil zen 1956ko azaroaren 6an.

Ikasle fina zen. Hiriko institutuan ikasi zuen batxilergoa, eta lege ikasketak, ordea, Valladolideko Unibertsitatean egin zituen; 21 urte zituela bukatu zuen karrera. Familiaren nahien aurka, inoiz ez zuen abokatu gisa lan egin. Ezkon-osaba Ramon Ortiz de Zarate politikari arabarra zuen, aitaren arreba batekin ezkonduta baitzegoen.

Pinturako lehen ikasgaiak Emilio Soubrier esperientzia handiko maisuaren eskutik jaso zituen, Ignacio Diaz Olano lagun onaren maisu ere bazena. Ikaspena modu partikularrean izan zela uste dugu, ez baitzen Gasteizko Arte Ederren Akademiako ikasle izan. Fernando Amaricaren gaztaroko obra xumeak gorde dira, baina mendearen azken hamarkadan barneratu zen benetan pinturaren munduan.

1895eko bukaeran Erromara joan zen; han Diaz Olano zegoen, eta hiru hilabetez Napoli, Milan, Florentzia, Pisa eta Venezia bisitatu zituen. Une hartan erretratuen teknikarekin lotutako guztia interesatu zitzaion. Hiru urte geroago, Madrilen Sorollaren tailerra bisitatu zuen. Valentziarraren margolanetako argitasunak eta kolore tinbreek txundituta utzi zuten. 1900ean, Erakusketa Unibertsala zela-eta, Parisera joan zen; han, Delecluze Akademian gorputz biluziak margotzeko ikasketak interesatu zitzaizkion, Anglada Camarasaren lagun egin zen eta inpresionistak aztertu zituen. Monet eta Sisleyen lanak miretsi zituen. Frantziako hiriburuan zegoela aprobetxatuz, Herbehereetara joan zen Carlos Bacaflor Peruko pintorearekin. Rembrandten zenbait kopia egin zituen, nahiko bat-batekoak.

Mende bukaerak jarduera handieneko unea ekarri zion Gasteizko pintoreari. Bidaiei, jendaurreko agerraldiei eta arte asmoei dagokienez, bereziki. 1899an Zadorra y Badaya desde Trespuentes paisaia bidali zuen Madrileko Arte Ederren Erakusketa Nazionalera. 1903an Tarde de septiembre a orillas del Zadorra (Trespuentes, Álava) bere obra onartu zuten Parisko Aretoan, eta 1905eko edizioan ere gauza bera gertatu zen Derrière L'eglise, triste coin ensoleillé izeneko paisaia batekin. 1908an Parisen lehiatu zen berriz, Arte Ederren Sozietate Nazionaleko Aretoan, Soledad melancólica obrari esker. Marsellako Nazioarteko Erakusketan ere parte hartu zuen hiru mihiseekin.

Zenbait desengainuk eta atsekabek aldartea aldarazi zioten, eta etorkizunean Frantziako hiriburuan agertzea baztertu zuen, publikoa eta kritika bere lana onartzen ari bazen ere. Une horretan borrokatu zen Amarica haren izena artearen munduan ezaguna eta onartua izan zedin, lanak arte-merkatarien eskuetan utziz, gordailuan, saldu eta promozionatu zitzaten. 1912an, hain zuzen ere, sorta horietako bat garraiatzen ari zirela, galdu egin zen Berlinen, urte batzuk lehenago Marsellan ikusgai izan zituenak. Horren ondorioz, Paloma Apellaniz biografoak gogorarazten digun gisan, "ez zuen inoiz beste lanik gordailuan utzi, ez eta saltzen saiatu ere. Gutxi batzuk lagun minei saldu zizkien, eta asko eskatu eta erregutu ondoren" (itzulpen moldatua gazteleratik).

Ondorengo urteetan prestigiodun lehiaketetan parte hartzeko hautatu zuten, esaterako Arte Espainiarreko Erakusketa 1828-1928 delakoan, Belgikan eta Herbehereetan ospatu zena ehunka autorerekin baino gehiagorekin, eta hurrengo urtean, 1929an, Madrileko Arte Ederren Zirkuluko Aretoan antolatutako Agrupación de paisajistas erakusketa kolektiboan; hala ere, Fernando Amaricaren izena toki esparru jakin batera mugatzen zen geroz eta gehiago.

Aitzitik, bizitzako azken urteetan, laurogei urtetik gora zituela, Madrileko Udazkeneko Aretoan ere lehiatu zen, 1948, 1949, 1950, 1952 eta 1955ko edizioetan; gerraosteko Arabako arte erakusketa kolektibo garrantzitsuenetan ez zen haren presentzia zalantzan jartzen. Garaikideen artean borroka falta egozten ziotenak ugaritu ziren, arriskuak hartzeko gaitasun eza eta profesionalki hobetzeko nahi eza leporatzen zioten, Amaricak nahiko eroso bizitzeko egoera ekonomikoa zuela argudiatuta. Egia esan, hala zen. Ez zuen margolanak saltzeko beharrik bizi ahal izateko. Baina erabat bidegabea izango litzateke nazioarteko panoraman nabarmentzeko borroka, liskar, indar eta lo-galtze urteak ez aipatzea.

Gasteiz bezalako hiri txikian giltzapetu zen, bere borondatez, garaiko arte zirkuitu handietatik urrun, eta bizi zela erakusketa pertsonal gutxi egin zituen (soilik hiru laurogeita hamar urteko bizitzan, Madrilen 1923an, Gasteizen 1924an eta Bartzelonan 1935ean). Horrez gain, apaltasun amorratuko gizona zen, baita Diaz Olano laguna ere, eta horri zor zaio urte luzez Amaricaren obra nahikoa hedatu ez izana eta zaleen sektoreetan nahikoa balioetsi ez izana.

Jarrera horrek beste norabide bat hartu zuen artista zendu zenean, bere izena eta aitaren izena daraman fundazioaren lanari esker. Gaur egun dagokion postua du, ez soilik euskal pinturaren panoraman, baita Espainiakoan ere. Obra guztiak, 420 margolan baino gehiago, jaioterriari eman zizkion. 1966tik Arabako Arte Ederren Museoan obra horietako asko daude ikusgai.

Fernando de Amaricaren arte ekoizpen ospetsuena paisaiaren generoari dagokio, nahiz eta erretratu eta lore margolan ugari ere iritsi zaizkigun. Arabako pintura garaikidean paisaiaren aitzindaritzat hartu izan da, eta berak finkatu zituen genero horretako oinarriak. Modalitate honetako interesa eremu geografiko txiki batera mugatu zen, gertukoena eta horrenbestez, ondoen ezagutu eta interpretatu zuena: Gasteiz, Arabako lautada, Gipuzkoako eta Bizkaiko bailara itzaltsuak, euskal kostaldea, Errioxa eta Nafarroa.

Estiloa inpresionista gisa ulertzen dugun horretarantz bideratu zuen. Osaera hezurmamitzeko marrazki leun baten gainean Amaricak pintzelada libreekin eta orban mamitsuekin paisaiak zehaztu zituen, plenairista sentimendu nabarmenarekin: argi irekia maite zuen, egunsentikoa, eguerdikoa edo iluntzetakoa; eguzki zein euri egunak. Hala, panoramika guztien faktore erabakigarria atmosfera zela agerian utzi zuen, bai hiri paisaietan zein landa eremukoetan.

Berehalakotasunarekin konpromiso tinkoa hartu zuen: Elementuen eta objektuen dinamika gisa interpretatutako errealitatea inguruarekin eta egoerarekin duten harremanak definitu zuen. Paisaia zehatzak eta errealak dira, hunkiberatasuna irekitzen dute eta artista zein ikuslea gardentasunen joko finean barneratu zituen, beti desberdina zen joko batean, beti alda zitekeena. Horrenbestez, Amaricak espazioak eta argiak ukitu magikoa, bakarra eta errepikaezina emateko gaitasuna zutela uste zuen, inpresionistek bezala. Horregatik, agian, paisaia puruak maitemindu zuen, batzuetan figurekin osatu bazuen ere.

  • APELLÁNIZ, Paloma; CORREDOR MATHEOS, José. El pintor Fernando de Amárica. Amarica Fundazioa-Eusko Jaurlaritza-Arabako Foru Aldundia-Arabako Aurrezki Kutxa, Gasteiz, 1986.
  • APELLÁNIZ, Paloma; MORENO RUIZ DE EGUINO, Iñaki. Amárica en las colecciones. Gasteiz: Arabako Foru Aldundia, Amarica Aretoa, 1999.
  • PANTORBA, Bernardino de. El pintor Fernando de Amárica. Gasteiz: Amarica Fundazioa, 1965.