Écoles basques

Umeen Etxea

Sestao (1968)

Aipatzekoa da Umeen Etxea ikastola ez zela legeztatu, baina, hala eta guztiz ere, honek ez zuen egoera txarragoan ipini, beste ikastola batzuen aldean. Hain zuzen ere, kalte gehiago egin zion Barakaldori beti legearen babesean egoteak. Sestoa herria, halere, giltzarria izango zen Ezkerraldeko ikastolen aurkibidean, hantxe batuko baitziren denak.

Umeen Etxea berandu atzean sortu zen, 1968an. Sortzaileek Elai Alaira jo zuten, Ezkerraldeko lehenengo ikastolaren sustatzaileekin elkartzeko. Euren asmoa zen Sestaon ikastola bat zabaltzea. Guraso talde bat aspalditik zebiltzan ideia hori zelan gauzatuko, eta horregatik Elai Alaiko lanaren berri jakin nahi zuten zehatzago. Noizik behin batzartzen ziren, Euzko Lorak dantza taldearen lokaletan, ikastolen gaineko asmoak zehazten joateko. Behin Elai Alairen egitura eta lana ezagututa, eta ahoz aho ikasle talde bat lortuta, urte hartako udazkenean bertan hastea pentsatu zuten. Antolatzeko modura, Portugaleten antzera: lokalak dantza taldearekin erdibana izango zituzten. Abiatzeko dirua 25.000 pezeta izan ziren, guztien artean ipinita; horrez gainera, gurasoek 100 pezetako kuota ordaintzen zuten ume bakoitzeko. Errifak, zozketak, dena delako kupoiak eta batek baino gehiagok emandako dirua lagungarri izan ziren defizit kronikoa murrizteko.

Andereño behar eta bat etorri zen. 42 umek hasi zuten ikasturtea irailean. Ikasleak topatzeko kanpaina emankorra izan zen eta lehenengo urtean etorkinen hainbat seme-alaba era sartu ziren ikastolan, laster utziko bazuten ere.

Leku arazoak izan zituzten. Ordurako baziren 50 ikasle eta toki zabalagoa behar zuten. Gutxienez bi ikasgela. Gainera, Euzko Lorakeko lokalen osasuna baldintzak ez ziren oso egokiak, eta beste lekuren bat topatzea komeni zen.

Isilpeko euskara eskolen hasieratik, sortzaileek oso harreman ona zuten apaizekin eta eurengana jo zuten lokal eske. Baietza lortu zuten eta Santa Mariako parrokoak baimena eman zien ikastola abadetxean jartzeko. Sakristiaren ondoan gela bi gertatu zituzten eta beste andereño bat etorri zen. Eskolaurrea haren izenean jarri zuten eta legeztatuta egon ez arren, Ministerioko ikuskatzaileak ez zien eragozpenik jarri.

Umeen Etxeak urte bi egin zituen abadetxean. Aldi horretan eztabaidak eta tirabirak gertatu ziren, batez ere gazteen eta Batzordeko gurasoen artean. Eztabaida garratzak izan zituzten, ikastola dohainik izan behar ote zuen eta jabea nor ote zen, gurasoena zen ala herriarena,... Handik gutxira beste ikastola berri bat sortu zen Sestaon, gizartean hedatzen ari zen ezkertiar ikuspegiaren emaitza Simondrogas ikastola. Bere kontura sortu zen, ez Umeen Etxetik banatuta, eta gutxi iraungo zuen. Sestaoko ikastolak berdin jarraitu zuen 1971ra arte. Une hartan Elai Alairekin bat egin zuen eta lehenengo oinarria eratuko zen Ezkerralde osorako ikastola bakarra sortzeko.

Ver versión en euskara.