Txintx izeneko jokoan mutilak ibiltzen ziren, urte guztiko igandeetan. Jokalariek bost xentimoko txanpona jartzen zuten lurrean, bata bestearen gainean. Lurrean uzterakoan txanponaren alde jakina gora begira jartzen zuten beti, lurrean egindako marratik hiruzpalau metrotara. Ondoren, aldez aurretik txotx eginda egokitutako txanda gordez, marra horretatik banaka botatzen zuten hamar zentimoko txanpona. Hamarreko txanponarekin bosteko txapon-mordoska jo eta lurrera botaz gero, aldi berean txanpon hauek buelta emanda utziaz, tiratzailearen sakelara joaten ziren. Botatakoan inork ez bazituen bostekoak jotzen, bere bost zentimoko txanpona hurbilen utzi zuenak berriz eskuan hartu eta pilatutako txanponak jotzen zituen, eta buelta emandakoak berarentzat izaten ziren. Honek aukera ematen zion bost zentimoko txanponei bigarren kolpea emateko -elkarren ondoan bazeuden behintzat-, eta buelta emandakoak berarentzat izaten ziren. Mutikoren batek jokoan huts egiten zuenean, bost zentimoko txanponetatik bere hamarrekoa hurbilen uzten zuen hurrengoak hartzen zion txanda. Jokoari hasiera emateko bost zentimoko txanponak elkarren gainean jartzen ziren, eta aurrekoan irabazle gertatua izaten zen jokoaren hasiera-emailea ere. (Erasun)
