Écoles basques

Patronatua

Sestao

Sestaoko Txabarri kalean, 23. eta 25. zenbakien artean, Langileen Patronatua altxatu zuten. Patronatua 1901ean inauguratu zuten. Gerra Zibila bukatutakoan apaiz batek hartu zuen Patronatuaren zuzendaritza. Apaiza Txabarri kalean bertan jaiotakoa zen, eta 1944an Juventud Obrera Cristiana (JOC) taldea sortu zuen: "ikusi, erabaki eta ekin" goiburu hartuta. Patronatua loraldi eta gainbehera Labe Garaien eta Txabarri kalearen gorakada eta galerarekin batera etorri ziren, modu paraleloan. Villar Palasi 1970ean ezarritako legeak, Oinarrizko Hezkuntza Orokorraren Legeak, amaiera ekarri zion Patronatuari. Patronatua hilzorian zegoen eta batxillergo taldeak zikloa bukatzearekin batera galduz joan ziren. Zahartzaroak eragindako heriotza.

San Valentin Berriotxoa elizbarrutiko ikastetxeak iraganari begiratuta egin zion aurre amaierari, ia 70. urtean behartsuenei irakaskuntza eskaintzeak ematen zion harrotasunarekin. Aldiz, Ezkerraldeko ikastolak hiltzera zihoazen, etsita, artean ahalegin eta sakrifizioz beterik hasitako prozesua bukatzerik ez zeukatela ikusita. Ikastoletako batek ere ez zituen betetzen legedia berriaren oinarrizko bi arauak: ikasle bakoitzeko eduki beharreko lekua (4,3 metro karratuak) eta urtero gehitu beharreko matrikulazioak (35/40). Eskakizun hauek direla eta, Herrikoa eta Elai Alai norgehiagoka aritu ziren, baliabide ekonomikoak eta ikasle gehiago nork eskuratuko lehia mikatzean.

Biek egoitza bana zeukaten Portugaleten. Izan ere, banaketa baten ondorioz sortu ziren bi ikastetxeak, eta bien artean irabazteko gehiago izan zuen Herrikoa ikastolak. Andereñoak Herrikoa proiektura batu ziren eta legedi berriak ikastetxe pribatuetarako agintzen zuen irakaste titularrik gabe geratu zen Elai Alai. Hortaz, Resurrección María de Azkue ikastolako sortzaileengana jo behar izan zuten eta haiek lortu zieten andereño titular berria.

Titulazioaren oztopoa gaindituta, gurasoek eurek egin zioten aurre ikasturte berriari, ahuleziaren jakitun egonda ere. Ikastolako lehen batzarrera 20 guraso baino ez ziren joan, eta, bistan zenez, banaketak oso egoera latzean utzi zituen. Hala eta guztiz ere, lau talde eratu zituzten eta lanean jarraitu zuten. Ikasturtea amaituta zegoela, 1971ko abuztuaren 10ean, Hezkuntza Ministerioak Bizkaian zeukan ordezkaritzak, jakinarazi zion baimena zeukatela aurrerantzean Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko eskola bat emateko.

Baimena, beraz, salbuespena izan zen. Horrelako salbuespen bat baino gehiago egin zituzten orduko urteetan, harik eta Estatuak gizartearen eskaerari erantzuteko beste ikastetxe publikoak eraiki zituen arte. Edonola ere, lekuaren eta matrikulazioaren inguruan zeuden trabak ez ziren konpondu, legeak zehaztu bezala, ezta ikastolak berak zeuzkan arazoak ere. Izan ere, ikasgela berean ziharduten Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko lehenengo eta bigarren mailakoak.

Gainerakoan, egoera antzekoa zen. Bihotz Gaztea ikastolak Herrikoa ikastolara bidaltzen zituen ikasleak, zuzendaritza biek hitzartu zuten bezala. Bitartean, Sestaon, Umeen Etxea alegaltasunean aritzen zen, konponbidea noiz etorriko zen.

Egoerarik latzena Barakaldon, Alkartu ikastolan ezagutu zuten. Lege berria zela eta, Bagaza eskola publikoa zabaldu zuten Santa Teresa auzoan, eta hara bildu zuten ikastola. Urtean behin, ekainean, ikasturtea amaitu orduko, lehenengo, bigarren eta hirugarren mailetako ikasleek azterketa egin behar izaten zuten euren ikasketak baliozkotzeko. Alkartuko ikasle bakar batek erez ez zuen birritan egin behar izan Oinarrizko Hezkuntzako lehenengo urteak baina gurasoak eta andereñoen horren beldurrez ibiltzen ziren beti. Errebalida, egoera ekonomikoa negargarria eta ikastolaren etorkizun beltza zirela eta, hasierako bazkideetariko batzuek atzera egin zuten eta beste ikastetxe sendo batzuetara jo zuten; esaterako, San Vicente Paul-era eta San Paulino de Nola salestarren ikastetxera.

Ver versión en euskara.