Concept

Nafarroako ikastola txikien sorrera

Estatu espainoleko Gerra Zibilaren aitzinean Euskal Herrian sortzen ari zen euskal irakaskuntzaren esperientziekin bat etorriz, hiru "ikastola" aurkitzen ditugu Nafarroan: Iruñean (1931), Lizarran (1932) eta Elizondon (1935). Hagitz interesgarriak suertatzen dira esperientzia hauek, izan ere une horretan Europan zabaltzen ari zen mugimendu pedagogikoak, Eskola Berria-k, martxan jartzen zituen molde pedagogiko aintzindariak ezarri nahi izan zirelako bertan.

Diktadura garaian, Nafarroako Foru Aldundiak estreinako ekimenak onartu zituen euskararen alde. Horien artean aipagarrienak Euskararen Aldeko Saila sortzea 1957an eta 1967an euskararen inguruko Akordioa onartzea. Urte honetatik aurrera eta laurogeiko hamarkada bitartean Akordio horren bitartez, "euskal eskola txikiak" babestuko ziren. Nafarroan jaiotzen ari ziren ikastolak egoera honekin profitatu ziren andereñoaren soldatak ordaintzeko subentzio horiek erabiliaz eta bereziki ikuskarien aurrean babes ofiziala erakutsiz. Halaxe, jada jaioa zen Iruñekoaz gain (1965), beste batzuk sortzen hasi ziren herrietan, lehenak Leitza, Olatzagutia, eta Tafallan, ondoren beste batzuk geografiatik barna. 1976ko abendurako jada 14 ikastola jaioak zirelarik, denen artean onartu zuten Nafarroako Ikastolen Elkartea (NIE) sortzea abenduaren 20an. Ikastolei begira jaiotzaren inguruko momenturik gorena 1980/81ean eman zen, izan ere 42 ikastola -batzuk eskolaurreko etaparekin bakarrik- egon ziren herri hauetan kokatuak: Agoitz, Altsasu, Arantza, Arbizu, Atarrabia, Auritz, Aurizberri, Bakaiku, Barañain, Basaburua, Bera, Deikaztelu, Elizondo, Etxalar, Etxarri Aranatz, Eugi, Gares, Goizueta, Igantzi, Irunberri, Iruñea (4), Irurtzun, Jaurrieta, Lakuntza, Larraintzar, Leitza, Lekunberri, Lesaka, Lizarra, Olague, Olatzagutia, Otsagabia, Tafalla, Uharte Arakil, Uharte, Urdiain, Viana, Zangoza eta Zizur Txikia.

Nafarroan hezkuntza eskumenak eraldatzeko prozesua geldirik egon zen 1984tik 1990era. 1982/83 ikasturtean lanean ari ziren 34 ikastoletatik, hamabost Oinarrizko Hezkuntza Orokorra ematen ari ziren, eta gainerakoak eskolaurrekoa besterik ez. Gainera, haietako bi besterik ez ziren Hezkuntza Ministerioak baimena emandakoak. 1986ko Euskararen Legeak sortua zituen hiru hizkuntz eremu, baina Nafarroako ikastolak jaioak ziren horiek kontuan hartu gabe, desoreka administratiboa zein legala sortuz. Egoera honen aurrean Nafarroako Gobernuak 1990ean eskatu zuen sinatzeko akordio zabal bat hala eskatzen zuten ikastolak sare publikoan sar zitezen, eta akordio hau 29 ikastolari eskaini zitzaien. Nafarroako Gobernuko Lehendakariak, Gabriel Urralburuk, eta Ikastolen Federaziokoak, Txomin Izkok, 1990eko uztailaren 4an sinatu zuten. Kooperatiba bezala geldituko ziren hamasei ikastola eta beste lau udal titularitatearekin. Halaxe zehaztu zen Nafarroan lehen ikastolen mapa.

Ver versión en euskara.