Roman

Manu militari (1986). Joxe Austin Arrieta

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

Manu militari Joxe Austin Arrietaren bigarren nobela da, Abuztuaren 15eko bazkalondoaren ondoren nobelagintzan idazleak egindako ahalegin berria. 1986an argitaratu zen, eta argitaratutako momentutik bertatik liburuaren bi ezaugarri nabarmendu ziren besteen gainetik: testuaren luzera eta nobelan bat egiten duten maila desberdinak.

Izan ere, liburuak ia bostehun orrialdeko testua zuen (470 orrialde, lehenengo argitalpen hartan), urte haietan euskal nobelagintzan ohikoa izaten zenaren kontra. Eta, Lasagabasterrek nobelaz aritzean adierazten zuen moduan, testuaren luzaerak liburuaren kalitateaz ezer esan nahi ez badu ere, luzerak berak idazlearen helburuaz eta asmoaz zerbait iradoki dezake, esaten duena esan ahal izateko diskurtso luze eta sakona behar izan duen neurrian.

Baina lehenengo ezaugarri horren aldean, bigarrena garrantzitsuagoa da. Izan ere, nobelan argumentua bi mailatan gauzatzen da. Egitura horrek nobela osoa biltzen du: eskutitz bidezko narrazio bat eta nobelaren barruko hariak erakutsi nahi dituen kontaketa. Beste hitz batzuekin esanda: anekdota baten kontaketa eta nobela baten idazketaren kontaketa.

Bi maila horiek nabarmen agertzen dira irakurlearentzat lehenengo momentutik. Mailetako bigarrenari (nobela baten idazketaren kontaketari, alegia) dagozkion atalen hanpaduran aurkitu behar da, ziur aski, nobelaren garrantzia euskal literaturaren historian, azken finean, atal hauen bidez, intertestualitatea eta metaliteratura bezalako kontzeptuak modu ikusgarri batez plazaratzen baitzaizkio euskal irakurleari.

Bi maila horien presentzia, bestalde, zenbait eratara agertzen da liburuaz aritu direnek argitaratu duten bibliografian. Batzuetan, anekdotaren atala lirismoarekin lotzen da, eta idazketaren kontaera, ostera, metaliteraturarekin (Kortazar 1987); beste batzuetan, esaten zaigu maila bitan ematen dela normalean irakurleari batera ematen zaion diskurtsoa: bi mailen bidez "zer esaten den " eta "nola esaten den" zeharo desberdintzen dela (Lasagabaster 1987).

Lehenengo mailan, anekdotari dagokion horretan, Iñaki eta Izaskunen maitasun-istorioa kontatzen zaigu, eta honetarako Iñaki soldadutzan dagoen bitartean elkarri bidaltzen dizkioten eskutitzetan oinarritzen da egilea, eskutitzen transkribapenak aurkeztuta. Edonola ere, anekdotaren maila horrek askotan horixe baino ez dirudi, anekdota, aitzakia hutsa, gero liburuan gauzatuko den diskurtsoa burutu ahal izateko.

Maila horretan, halaber, aipagarria da autobiografismoaren garrantzia, Melillan soldadu dagoen Iñaki Arretxeak, idazlearen beraren maskara izango balitz bezala, idazlearenak diruditen jarrerak eta sentimenduak adierazten baititu.

Bi pertsonaiek elkarri bidaltzen dizkioten eskutitzek osatzen dute batez ere anekdotaren kontaketa, baina benetako eskutitzetan gertatu ohi den bezala, pertsonaiek ez diote elkarri dena kontatzen. Errealitatean gertatzen dena irudikatuz, pertsonaiek elkarri esan beharrik gabe ulertzen dituzten gauzak egon badaude, baina irakurleak, halakoak eskutitzetan azaltzen ez zaizkionez, nobelan zerbait ezkutatzen ari zaion inpresioa hartzen du. Era ahul batean baina, misterioren bat badela antzematen da. Gainera, pertsonaien eskutitzak, argumentuari jarraiki, idatzi zireneko daten arabera daude ordenatuta, eta haietako batzuk osorik barik zatika baizik ez dira agertzen. Horrek areagotu egiten du aipatu dugun inpresioa, ezen elkarren segidan dauden eskutitzek ez baitute zertan izan bata bestearen erantzuna. Puzzlearen itxura hartzen du maila horrek, eta neurri handi batean, irakurleak berak osatu beharko du puzzle hori.

Maila horrekin batera, bigarren bat ere badugu: idazketaren kontaerari dagokiona eta aurreko mailarekin txandakatuta agertzen dena. Nobelaren diskurtsoan, diskurtsoa bera nola eraikitzen den, nobela-diskurtsoan agertzen diren barne hariak eta diskurtsoak dituen inplikazioak azaltzen zaizkigu.

Itxuraz, bigarren maila hori osatzen duten atalak kontalari desberdinek anekdotaren aurrean nola jokatzen duten azaltzean agertzen dira. Horrelako azalpenekin, azken finean, idazleak metaliteraturaren eta intertestualitatearen alorrean sarrarazten du irakurlea, azalpenek diskurtsoa nola sortzen den azaltzen baitute. Atalotan hainbat kontalari eta pertsonaia agertzen dira, eta guztiek dute euren erroa beste testu batzuetan, besteak beste, Fullini edota Fallini izeneko zinemagileak agertzen zaizkigu, Umberto Ecoren Il nome della rosatik hartutako pertsonaiak, Günter Grassen Latorrizko danborra lanean agertzen zen Oskar Mazerath, Prousten aipamenak, nobela gotikoa, garai batean oso ezagun izandako telesail poliziakoak... horiek guztiak agertzen zaizkigu banaka edo elkarren eraginpean, elkarren dialektikan, eta Iñakiren eta Izaskunen istorioari buruzko komentarioak egiten dituzte.

Atalok, askotan, Bakhtinen teorien adibide aukeratuak ematen dute. Izan ere, testuaren aurrean inolako esfortzurik gabe honelako ideiak datoz burura: inauteria, parodia, hainbat testuren arteko dialogismoa, testu-polifonia, ahots-aniztasuna... Eta horiek guztiak bilduta, bi puntuok: batetik, nobelan hainbat testu arteko elkarrizketa agertzen da; eta, bestetik, nobelak parodia baten itxura hartzen du.

Dagokigun nobelaz hitz egitean, umorea aipatu izan da batzuetan (Mendizabal, 1987); beste batzuek, ordea, nahiago dute ironiaz hitz egitea (Kortazar, 1987). Baina umore edo ironia horren jatorrian aipatutako atalek duten inauteri-fartsaren itxura ere aurki daiteke, izan ere, anekdotan agertzen zaizkigun pertsonaiak txotxongiloak baizik ez dira, besteen eskuetan dauden txotxongiloak, gainerakoek eskutitzetan agertzen den informazioa erabili egiten dute ikuspuntuak azaltzeko, argumentu baten atzean dauden hariak azaltzeko, baina pertsonaia horiei gertatzen zaiena benetan kontuan hartu gabe.

Desberdintasun horren arabera azal daiteke ere bi mailen artean dagoen tonu-aldaketa. Anekdotaren mailan, idealismoa eta erresistentzi nahia agertzen direla adierazten zuen Kortazarrek. Pertsonaiak, beraz, neurri batean, benetan arituko balira bezala agertzen zaizkigu, tragedia bat (txikia, pertsonaien epika oso mugatua baita, baina, edonola ere, tragedia) jasan behar balute bezala. Pertsonaien maila horretan ez dago ironiarik. Diskurtsoaren kontaketan, ordea, ahots horiek guztiak txantxetan ari dira, pertsonaien izaera nobeleskoaren jakitun baitira, argi baitakite Iñakik eta Izaskunek nobela deitzen den diskurtso barruan baizik ez dutela existentziarik. Diskurtsoaren kontaeran agertzen zaizkigun fikziozko izakiek guztiek (Oskarrek, paper zaharrak arakatzen dituen fraideak, Fullini edo Fallini izeneko zinegileek...) badakite nobela baten barruan daudela, kontaketan baizik ez dutela zentzurik, eta, beraz, eurek esaten edo egiten duten guztia ez da benetan hartzekoa; euren fikziozko izaera, literatura-izaera, gogoan dute.

Literatur hizkuntzari dagokionez, dagokigun nobelak badu zer esana, hizkuntza bera ez baita arazorik gabe aurkezten. Lehenengo eta behin, esan behar da aho batez aitortzen zaiola Joxe Austin Arrietari euskara erabiltzeko maisutasuna. Bada, Manu militari baino urtebete lehenago-edo agertu zen Marguerite Yourcenar-en Hadrianoren oroitzapenak nobelaren euskal bertsioa eman daiteke horren adierazgarri.

Hala ere, euskara erabiltzean erakusten duen maisutasun horrek nobelaren hizkuntzan agertzen den beste ezaugarri bat nabarmentzeko balio digu: Joxe Austin Arrietaren nobela hau diglosiatik idatzitako nobela dela esan daiteke, eta idazleak ez du egoera hori ezkutatzeko saiorik egiten. Are gehiago, diglosia bera ere erabili egiten du nobela eraikitzerakoan, testuen arteko elkarrizketa ez ezik, hizkuntzen arteko elkarrizketa ere sortuz.

Diglosiatik idatzitako nobela da, nobelan, bai argumentuan eta bai testuan, bi hizkuntza agertzen baitira, eta bi hizkuntzen presentzia ulertzea derrigorrezkoa da nobela ulertzeko.

Alde horretatik begiratuta, adibide hau aipa daiteke: Iñaki eta Izaskunen arteko harremanak beraien eskutitzen bidez azalduta daude, eta nobelan eskutitzak transkribatzen dira; baina Izaskunek ez daki euskaraz, eta, beraz, bien arteko harremanen adierazgarriak diren eskutitzak istorioaren mailan gazteleraz idatzita daudela suposatu behar da. Fikziozko eskutitz horiek nobela-testuan sartzean, transkribatu ez ezik, itzuli ere egin dira, horrek inplikatzen duen guztiarekin. Hortaz, nobela ulertzeko derrigorrezko da ulertzea zein hizkuntzatan gauzatzen den istorioan hizketaldia, gazteleraz gauzatuz gero, testuan euskaraz ager baitaiteke, edota diskurtsoan bertan nabarmen baitaiteke hizketaldi horren hizkuntzaren jatorria, gazteleraz utzita. Egoera hori modu ikusgarrian agertzen zaigu soldadutzari buruzko kontuak aipatzen direnean: Iñakik Izaskuni ofizial batekin izandako elkarrizketa baten berri ematen dio, erreferentzia guztiak gazteleraz agertzen dira, beste guztia euskaraz dago (Arrieta, 1987, 167). Istorioan, ordea, eskutitz osoak (gogoratu Izaskunek ez dakiela euskaraz) gazteleraz egon behar luke. Bai istorioan, bai diskurtsoan, bi hizkuntza agertu arren, ez dago hizkuntzak parekatzerik edo korrelaziorik egiterik.

Testuan, beraz, hizkuntza bera arazoa dela esan daiteke, diglosiaren eraginpean gauzatzen diren literaturetan gertatu ohi den bezala. Bada, diglosiaren presentzia ez da idazlearen ezintasun moduan ulertu behar, idazleak jakinaren gainean egindako aukera esanguratsu moduan baizik.

Joxe Austin Arrietaren nobela euskaraz nobela modernoa egiteko saiotzat har daiteke, eta, dudarik gabe, halaxe baloratu behar da, intertestualitatearen eta metafikzioaren arazoak era nabarmenean eta ikusgarrian agertzen baitira planteatuta. Alde horretatik, euskal literaturaren historian toki berezi bat du Manu Militari liburuak.

  • ARRIETA, Joxe Austin. Manu Militari. Elkar. Donostia: Elkar, 1986.
  • KORTAZAR, Jon. "Manu militari: Frankismo osteko mamuak". Eguna. 1987-03-05
  • LASAGABASTER, Jesus Maria. "Jose Auxtin Arrieta eta 'Manu militari'. Testuaz bestaldetik, literatura". Literatur Gazeta. 5. zenb. 1987, Maiatza.
  • MENDIZABAL, Mikel. "Joxe Austin soldadu izan zenekoa". Argia. 1141. zenb. 1987-03-08.
  • OLAZIREGI, Mari Jose (2002): Euskal eleberriaren historia. Bilbo: Labayru & Amorebieta-Etxanoko Udala, 2002. 101-103. orr.