Lexique

klarinete

Zurezko tutu zilindrikoa, goialdean kanaberazko mihi bateko pita eta behealdean kanpai gisako zabalgunea dituen soinu-tresna. Tonu aldaketarako zuloak ditu eta eskala kromatikoa egin ahal izateko metalezko giltza-sistema du. Munduko eta bereziki Europako beste herri askotan bezala, klarinetea Euskal Herriko hainbat eskualdetan askotan agertzen da herri-musikaren munduan, danborraren laguntzarekin, beste klarinetearekin bikote eginez, bestelako soinu-tresnekin talde txikiak osatuz edo orkestra-fanfarre-txaranga-banda gisako taldeetan. Baztan aldean, dantza batzuetarako txistuaren ordez klarinetea erabiltzen zen. Kasu askotan txistulariak izaten ziren klarinete-jotzaileak. Lapurdiko dantzetarako ere erabiltzen zen. Nafarroa Beherako inauterietako dantza ikusgarrietan, klarinete-jotzaileak izan dira musika horien emaile eta gordetzaileak.