Portugalete (1963)
Elai Alai ikastola, urteekin "Francisco Javier" ofizialki, Ezkerraldean sortutako lehenengoa izan zen, eta gehien garatu zena. 1963an jaio zen bost gizonen ekimenez. Guztiek hiru urte eskaseko seme-alabak zituzten. Bost umeekin hara eta hona ibiltzen ziren etxerik etxe euskara irakasten. Lehenengo, haietako batek eskaini zien bere etxeko egongela eskola emateko. Hara joaten zen egunero andereñoa Bilbotik. Hogei urte zituen eta ez zeukan maistra titulurik, halere, gurasoak guztiz fidatzen ziren berarekin eta beste familia batzuk ere batu ziren hango giroa ikusita. Ikasturte osoan kide gehiagoren bila ibili ziren: euskal kulturaren aldekoak ziruditen guztiekin hitz egiten zuten, baita antzeko pentsaera politikoa zutenekin ere.
Hurrengo ikasturtean zenbait berri gertatu ziren: umeak, hamar bat ordurako, beste sortzaile baten etxera aldatu ziren, askoz erosoago egoteko. Sukalde ondoko gelan zeuden eta handik patiora irteteko modua zuten zabalagoa jolasteko. Andereño berria etorri zitzaien, euskalduna baina titulurik gabe, nahiz eta hutsune hori betetzeko pedagogiako ikastaro azkarrak egin zituen. Urte hartan bertan Andra Mariko parrokoa aldatu zen eta horrek garatzeko bideak eman zizkion ikastolari. Apaizarengana jo zuten eta parrokiak "Escuela del Campo" -Portugaleteko lehenengo ikastetxea izan zen, eta nahiz eta elizak erabili, udalarena zen berez- zaharrean zeuzkan lokalak opatu zizkien; katekesia ematen zuen berak han. Gela bat ikastolak ordurako zituen 12 haurrentzat. Eraikina zaharra zen eta oso hondatuta zegoen, ia botatzeko moduan. Alkatea noizbehinka joaten zen ikuskatzera, eta halako batean ikastolarekin egin zuen topo udal lokaletan. Alkatea gehiago harritu zen ausardiarekin ikastolarekin baino. Ordurako entzunda zeukan ikastolaren berri, eta ez zion oztoporik jarri. Hala eta guztiz ere, arduratuta zegoen zenbat haziko zen eta nondik joko zuen.
Larri zebiltzan irakasteko leku egokiaren bila hurrengo ikasturterako. Eskari gehiago zituzten, ikastola bide onetik zihoala eta. Guraso Batzordeko kide gehienak Elai Alai kultur elkarteko zuzendaritzan ere bazeuden; beraz, kolektibo bien beharrizanei erantzuteko plana taxutu zen. ORCURESA (Organización Cultural y Recretiva Sociedad Anónima) sortu zuten. Merkataritza erakunde honen bidez kredituak eskatu eta transakzioekonomikoak egin ziren ORCURESA-ren bitartez. Lonjak, bebarruak eta lehenengo pisua erosi zituzten. Aurrerantzean hantxe izango zuten egoitza ikastolak, Elai Alai izenez, eta kultur elkarteak. Baina ez zuen astirik izan eskolak hasi aurretik lokala gertatzeko. Landa Etxea bota behar zela eta uzteko agindua hartu zuten.
1966 zail hartan beste arazorik ere izan zituen. Aurreko urtean Eskolaketa Liburua jarri zuten. Ikastetxe ofizialetan bakarrik ematen zuten, eta han jasotzen zen ikaslearen hezkuntza ibilbide osoa. Legeak zehazten zuen derrigorrezko eskolatzea sei urterekin hasten zela, eta hortxe-hortxe zeuden pisuan hasitako umeak.
Ikasturte osoan egon ziren lanean, Andra Mari kaleko egoitza berria egokitzen, baina ezin izan zituzten ipinitako epeak bete. Azkenean, 1967ko urrian, eskolaurreko gelak prestatu ziren, eta andereño berri bat hasi zen lanean, irakasle tituluduna. Behin lan guztiak burututa, beste andereño eta laguntzaile batzuk etorri ziren laurogei neskato-mutikoren kargu hartzeko. Ezkerraldean hainbeste ikasle batu zituen ikastola bakarra zen.
Defizit ekonomiko kronikoa gorabehera, ikastolak legeztatzeko bidea hasi zuen, Bilbon gertatutakoak animatuta. Resurrección María de Azkue ikastolak, Euskaltzaindiaren bermeari esker, legeztatzeko baimena lortu zuen 1965ean, aurreko urtean onartutako Kultur Elkarteen Legeari helduta. Elai Alai izena eman zuen Organización Atlética Recreativa, OAR, Gotzaintzaren menpeko organismoa zen eta haren arrimuan hainbat talde legeztatu ziren. Elai Alai eskakizunak betetzen zituen lokala zeukan, maistra tituluduna eta ordutegi eta ikasgai homologarriak.
Ordea, ikastola legeztatzea esan nahi zuen erregimenaren hezkuntza proiektuaren zati bat eta haren sinboloak onartzea. Inspekzio egunetan besterik ez bazen, hormetan ipinita eduki beharko zituzten. Ikasleen onerako izango zelakoan, onartu beharrekotzat jo zuten Batzordeko guztiek. Ez zen hainbesteko adostasuna egon ikastolen mugimenduan; tirabira sortu zen esaterako bi andereñoen artean, bata sinboloak eta onartzearen aldekoa zen eta bestea kontrakoa. Dena dela, Elai Alai ikastolaren sasoi itxaropentsu honetan gertatu zen haren historiako unerik saminena, Ezkerraldeko ikastola guztien bilakaera markatuko zuen gertaera bat. Talde guztian, zirela bazkideak, zirela laguntzaile edo andreñoak, konponezinak eta gaizkiulertuak sortu ziren eta banaketa izan zuten ondorio.
Ver versión en euskara.