Monarchie et Noblesse

Charles II de Navarre le Mauvais

Gaztelako Pedro I.arekin ituna eta Aragoiko erresumaren aurkako gerra, 1362. Nafarroak, Europako erresumetako batek, erregealdi horretan Frantziaren historia moldatzeaz gain, zeregin garrantzitsua izan zuen penintsulan. Ondoan, Gaztela eta Aragoi zituen. Lehenean, Pedro I.a eta bere anaia Enrique Trastamarakok egiten zuten elkarren aurkako gerra odoltsua Pirinioetako erresumara ere heldu zen; 1362an, Pedrok Ingalaterrako Eduardo II.arekin  ituna egin zuen (Londresko Ituna); haren anaia Henrikek aliantza lortu zuen errege frantsesarekin, eta, hala, penintsula Ehun Urteko Gerran (1339-1453) sartu zen. Bestalde, bere beste erregea, Aragoiko Pedro IV.a, Zeremoniatsua, "borroka latz" batean (Reynaldo) sartuta zegoen.  “Karlos,  bien artean kokaturik, ezin izan zen auzi odoltsu honetatik kanpo geratu. Hitzarmenen politika egin zuen,  inolako zintzotasunik gabe, une horretan gehien estutzen zuen bi bizilagunekin hitzartuta. Bere burua aske mantendu nahi zuen, baina batzuetan egoerak asmoaren gainetik jarri ziren (Campión: Nafarroan..., or. 251)". 1362ko maiatzaren 22an bildu ziren Lizarran Gaztelako ordezkariak -Iñigo Ortiz de las Cuevas eta Gil Veláz- eta Nafarroakoak -Arnalt Remon Agramonteko eta Ramiro Arellanoko-, eta Yanguasek dioenez, Karlosen aurrean hau adostu zuten: Bi erregeak beraien artean lagun eta etsaien etsai izatea; Nafarroakoa bere erresuman edo handik kanpo, Aragoiko erresuman edo beste edozein lurraldetan hogei legoatara Nafarroaren inguruan, edo bere pertsona inguratuta, edo beste errege baten edo etsai baten aurka borrokatu behar izanez gero, edo hiriren bat setiatuz gero, edo bere mendekoak matxinatuko balira, Gaztelakoak, berak bere indar guztiarekin, Karlos laguntzera joan beharko luke. Gertaera hauek Normandian edo Frantzian gertatuz gero, lurretik zein itsasotik lau hilabetez, bat bidaiarako eta beste hirurak laguntzeko,  bere pentsutan, laguntza bidaliko lioke. Denbora luzeagoa behar izanez gero, Nafarroakoak ordainduko luke, bere erresumakoei ordaintzen zien bezala. Horrela Gaztelakoek behar bezain luze lagunduko liokete.  Nafarroako erregeak Aragoikoarekin edo beste pertsona batekin gerra izanez gero, Gaztelakoak ere Nafarroako etsaien aurka bere botere guztiarekin borroka egingo luke. Gaztelakoak Nafarroako gudarosteei beren lurretatik pasatzen utziko lieke, etsaiei gerra egitera joango balira, jango lituzketen jakiak ordainduz, baina herrietan armadako buruzagiak bakarrik, 50 zaldunekin eta beste 50 oinezkoekin,  sartuko lirateke, eta gainerakoak kanpatuta geratuko lirateke; leku eta zubietatik igarotzean, 200 gizoneko konpainietan baino ez ziren sartuko, eta bigarren taldekoak ez lirateke igaroko lehenak igaro arte. Aipatutako arrazoiez gain, gerra Normandian izango balitz, Gaztelako erregeak bere ontzietan lau hilabeterako  1.500 oinezko bidaliko lituzke. Nafarroako arerioren bat Gaztelatik igaroko balitz, hura harrapatu eta Karlos erregeari emango litzaioke honek nahiko lukeena egiteko. Nafarroakoak gauza bera egingo luke. Pedrok Karlosi gerraren batean lagunduz gero, ezin izango luke bere kasa bakea egin, ez eta amore eman ere errege haren aholkurik gabe. Nafarroako erregeak, berriz, gauza bera egingo luke Gaztelakoarekin. Ekainaren 2an Carrascosan, Pedro I.ak berretsi zuen akordioa. Ondorioz, hilaren 14an, Nafarroako erregeak gerra deklaratu zion Aragoiri. Uztailean Salvatierra de Aragón setiatu zuten, eta Nafarroako eskuetan erori zen, baita Ruesta ere.