Écoles basques

Bihotz Gaztea ikastola

Santurtzi (1964)

Bihotz Gaztea ikastolaren lehen urratsak Elai Alaik egindakoen antzekoak izan ziren, baina sekula ez zuten haurtzaindegitik aurrera egiteko asmorik izan. Aurreneko pausoak 1964ean eman zituzten; Portugaleten antzera, guraso batzuek seme-alabak elkartu zituzten euskaraz ikas zezaten, pisuetan han ere. Urte bian, pisurik-pisu ibili ziren. 1966an sortzaile batek amaren etxebizitza eskaini zuen eta han urtebete egin zuten, pisu batean egindako azkena. 1967an egoitza bila hasi ziren. Mamarigako parrokia aipatu zieten eta hara jo zuten lokalaren eske. Parrokoak ez zuen proiektuan nahastu gura izan eta beste sortzaileei erantzun zien beste apaiz batekin eta beste apaizgai batekin hitz egin behar zutela. Biek eskolei jarraipena ematen lagundu zieten parrokiako sektore bat oso kontra egon arren.

Ikasturte hartan, sortzaile batek Bihotz Gaztea egitasmoa prestatu zuen. Asmoa zen ikastola mendi elkartearekin eta dantza taldearekin lotzea elkarte batean. Sustatzaileak ez ziren askorik fidatzen, ez zioten etorkizun handirik ikusten proiektuari eta beldur ziren irakaskuntzaren gaineko kontrola galtzeko. Azkenean, ikusirik egitasmo horrek jende gehiago batuko zuela euskal kulturaren aldeko lanean eta umeek beste kultur ekintzetan parte hartzeko aukera izango zutela, zirt-zart egin eta erronkari heldu zioten.

Auzoko jaietan bildutako 35.000 pezeta eta Udalak emandako 15.000 izan zuten hasierako kapitala ibilbideari lotzeko. Lehenengo pausoa, elkartearen estatutuak idaztea, egoitza topatzea eta karguak banatzea izan zen. Egoitza berehala erabaki zuten, Mamarigako parrokia. Bigarrena ez zen hain samurra izan. Jakina, Bihotz Gazteko arduradunek ez zuten aurrekari polizialik izan behar, legeztatzeko trabarik ez izateko eta apaizgai presidentea izendatu zuten. Egoitza parrokian eta apaizgai bat presidente, oztopo barik legeztatu zuten Bihotz Gaztea. Legeari begira, han ez zen ikastolarik, euskararen irakaskuntza elkartearen barruko jarduera bat zen, beste hainbaten artean. Oso harrera ona izan zuen. Jende asko batu zitzaien.

Iraungo bazuten Mamariga auzotik kanpora irten beharra zeukatela konturatuz, Santurtzi erdira pasatzea pentsatu zuten. Pentsatu eta egin. Batzordeak lokal egokiak topatu zituen eta hantxe jarri zuten behin betiko egoitza. 1968ko urrian hasi zen Bihotz Gaztea ikastola eta ordurako baziren 50 ume inguru eta andereño bi. Hurrengo urteak lasai antzean joan ziren Bihotz Gaztearentzat. Eztabaidagai bakarra izan zuten, ikastolaren legeztatzeaz. Batzuen ustez hobe zen elkartetik banatu eta ikastola bera laguntzea, eta beste batzuek nahiago zuten itxaron, geroak zer esango. Gurasoentzat etsikoa zen umeek sei urte betetzean moja ikastetxe batera edo sare publikora bidali behar izatea, eta horregatik legeztatzeko bideari ekin zioten.

Bihotz Gaztea beti izan zen eskolaurreko zentroa. Sei urte betetzean umeak beste ikastetxe batzuetara aldatzen ziren. Portugaleteko bi ikastolen arteko lehenengo gerra inguruko herrietako umeak bereganatzeko izan zen. Bihotz Gaztea Herrikoaren alde egin zuen, baina ez arrazoi ideologiko hutsengatik. Arrazoi pertsonalengatik eta proposamenaren azkarrengatik egin zuten bat Herrikoarekin. Ikastola batetik besterako ikasleen aldaketa 1974 arte egin zen. Urte hartan, sendotzen hasita zegoen beste proiektu batera jo zuten, Asti Lekura.

Ver versión en euskara.