Baztan
Gerra aurreko ikastolaren esperientzia laburra eduki ondoren, urte ilunak pasatu zituen euskarak Baztan ibarrean, eskola guztietan erdaraz bakarrik ikasten baitzen. Bi lagun izan ziren ikastola sortzeko proiektua buruan zutenak: M. Irigoien eta P. Eraso. Hernaniko ikastola bisitatu, eta "Principe de Viana"ren barruan zegoen Euskararen Aldeko Sailarekin harremanetan jarri ziren. Erakunde honekiko kontaktuak Jorge Cortés eta Karlos Garaikoetxea izan ziren.
Guraso haiek kontaktu hau egin ondoren hainbat pausu eman zituzten. Hasteko, lagunekin egin zuten solas eta herrian 3-6 urte tarteko haurrak zituzten gurasoei eskutitz bat igorri ondoren, haur horien gurasoekin bat banaka hitz egin zuten. Horrela 27 haur lortu zituzten. Ume hauetatik 23 ziren eskolaurrekoak eta beste bostak Oinarrizko Hezkuntza Orokorrekoak (OHO). Denak Mª Karmen Goñi andereñoaren ardurapean egon ziren Misericordia egoitzako gela batean. Hurrengo urtean bi talde egin ziren. Hiru egoitza ezberdinetatik pasatu zen ikastola, gaur egun dituen bietan finkatu arte. Hasieran "Elizondoko" ikastola izena jarri zitzaion, eta gero "Baztan" Ikastola bihurtu zen. Urtetik urtera ikasle gehiago zituela eta, leku arazoak berehalaxe sortu ziren hemen ere.
Irakaskuntzako derrigorrezko mailak, hots, sei urtetik hamalau urte bitartekoa legeztatzea izan zen handik aurrera gurasoen erronka. Foru Aldundiak berak ere autonomia gehiago lortu ahal izateko Madrilen gestioren batzuk burutu arren erdietsi ez zuenez, behartu egin zituen Ikastolak Estatuko 1970eko Hezkuntza Lege Orokorrera, Villar Palasí-ren legetzat ezagutzen den horretara, egokitzen. Garai hartan jaioak ziren Ikastolak legeztatu ezinean zeuden eta horren lekuko, derrigorrezko mailetan zeuden ikasleek eduki behar zuten "Eskola kartila" falta zitzaien. Afera honek buruhauste handiak ematen hasi zen eta ondorioz guraso batzuk beste ikastetxe batera eraman zituzten seme-alabak. Dirua zen beste oztopo bat: Aldunditik diru-laguntza eskasa eta oso tartekatua iristen zenez, andereñoek maiz atzerapen handiarekin kobratzen zituzten soldatak. Jende anitzek eman zuen laguntza ekonomikoa kuoten bidez. Baztandarren Biltzarra Elkarteak ere gaurdaino lagundu du, bai ikastolako ostatua jartzen uzten eta baita diru laguntza ematen ere.
1978an Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko 8. mailarainoko ikasketak ezarri ziren, nahiz eta oraindik baimena ez zuen lortua. Egoitza egokirik eza zen legeztatuta egoteko jartzen zitzaion trabarik larriena. Gauzak horrela, 1981eko abenduan Batzar orokorrean bildurik, Baztango Udalari ikastetxea Udal Ikastola bihurtzeko eskaera egitea erabaki zen; honek 1982ko azaroan baietza eman zion eskaerari. Nafarroan munizipalizatu zen bigarren ikastola izan zen, eta horrelaxe iraun du gaur egun arte. Izan ere kasu hau harri bitxitzat hartzen ahal da, gaur egun ez baitago derrigorrezko ikasketetarako Udal eskola den beste kasurik Nafarroan. Egun, Haur eta Lehen Hezkuntza etapak eskaintzen ditu.
Ver versión en euskara.