Littéraires

Au poza senti det eta beste bertso asko (1997). Biktoriano Iraola

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

Antonio Zavalak paratu zuen Au poza senti det liburuan Biktoriano Iraola (1840-1919) gizon harrigarriaren bertso-sorta edo olerkiak biltzen dira. Bertso eta olerkien hautaketa bat da, Iraolaren ekoizpena hain da luze eta zabala ezin baita liburu bakar batean kabitu (Bidador 1999), alerik onenak-edo aukeratu behar. Pasai-Donibanekoa zen jaiotzaz, baina adopzioz zein izatez donostiar-donostiarra sentitzen zen. Litografia izan zuen ogibide. Idazten ere trebea zen, liburu honetako bertso eta olerkietan bistan denez. Narrazioak, gertaerak, zartzuelak eta antzerki-lanak idatzi zituen bizitzan zehar; baita argitaratu ere hemen-hor-han hainbat argitalpenetan. Liburu honetako sortak ondorengo argitalpenetan agertu ziren: Ibaizabal, Eusal-Erria, La Vasconia / La Baskonia, Euskal Esnalea, Baserritarra, eta abar.

Daukan narrazio-sena edo kontatzeko gogoa antzematen da liburu honen hasiera-hasieratik, bertsotan ari delarik betiere, eduki narratiboa 'deskriptiboaren aurretik' nabarmentzen da eta. Alderdi dramatikoa ere ez da batere eskasa, bertsotan sortutako hainbat elkarrizketa txinpartatsu aurki ditzakegulako Iraolaren konposizioetan.

Ahozkoaren estiloko bertsoak dira liburu honetakoak, baina konparazio, pertsonifikazio eta metaforetan oparoa den estiloaz edertuta dugu liburuko edukia. Txiro izango zen Biktoriano Iraola erreferentzia literario "jasoetan", baina aberatsa iruditegi eta adierazkortasunean, herri-literaturatik edo ahozkotik edan egin baitzuen ziur asko eta sarritan. Zertzelada, deskripzio eta baieztapen agoniazkoak ere ez dira falta, ahozkotasunaren erretorikari men eginez:

Ura bai zala Donostirako
juiziyoko azken eguna [...] (16. or.).

Borroka kontuak aipatzen direnean, ikusi izan ez arren, imajinatuak, borroken ondorio odoltsu eta tragikoak zehaztasunez aipatzen dira, aipamen grafikoak lagun:

[...] Burniz josita illotzi uzten
-ango gustua!-,
soro berdea gorritzeraño
alajainkua! (150. or.).

O, zeren gogor gudatzen ziran
mutill guziak,
lur egiñ eta odol beltzean
gero nasiak!
Amari deika oju tristean
ango antsiak!
Negar minduak eta txilio
izugarriak ! (153. or.).

Arestian aipatu bezala, bertso-sorten eduki narratiboa nabarmentzekoa da,. Narraziook fikziozkoak edo benetako gertaera edo bizitzetakoak izan zitezkeen. Horren lekuko, dugu 1885ean Donostian argitaratutako herri-kutsua dario "Euskaldun leial bat" poema (orduko Lore Jokoetan sarituak izaten zirenen tankerakoa), non euskaldunen kondaira egin nahi den, euskaldunak izanik garai bateko erromatarrei aurka egiten azartu omen zirenak. Eta badakigu, historian (edo kondairan) herriaren ezaugarriak bilatu nahi direnean, herriaren justifikazio historikoa aurkitu nahi dela. Halaxe egin zuten XIX. mendearen bukaeran zenbait mugimendu nazionalistek:

Ara etsaiak bikudatuka
landetan eta mendi goitsuan,
erauntsi naian gure Erriya (60. or.).

Beraz, nahiz eta ideologiaz abertzalea ez izan (Sabino Aranaren abertzaletasuna zabaldu eta modan jarri zenerako, Biktoriano Iraolak bertso-sorta gehienak argitaratuak zituen jada), lantzean joera "aurre-abertzale" zenbait sumatzen dira haren bertso-sortetan. Esaterako, garai bateko euskaldunen balizko erromatarren inperioaren aurkako "ausardia", edo topiko hura, behin baino gehiagotan agertuko zaigu. Kutsu epikoa duten eta zertzelada agonistikoz beterik dauden bertso sortetan, antzinako euskaldunek erromatarrekin izan zituzten "enkontru" eta borrokak kontatzen dira:

Milla ta millak sartu ziraden
erromatarrak,
eta euskaldunak mendi mutillak
ale bakarrak.

Uste zoroan guri kentzera
mendi ibarrak?
Non ziran diña oñezko zikiñ
aien indarrak? (150. or.).

Sentimendu aberkoi hori, baina, garai hartan ohikoa zenez, ez da gaur abertzaletzat hartua izan daitekeena, arestian aipatutako arrazoiak direla eta. Euskal Herriarekiko atxikimenduak, kasu, ez zekarren Espainiartasunarekin apurtzeko nahia:

[...] Españiako semeak dira
orlako koajetsuak. (94. or.).

Argi dago, baina, bigarren karlistaldia galdu osteko mugimendu euskaltzalean sartuta dagoela (zehazki Donositiako "euskalzale" taldeko partaidea zen).

Izaera hedakorra duen sentimendua da Biktoriano Iraolak transmititzen diguna. Sentimendu aberkoi gorazarrezkoak agertzen ditu, esaterako, Jose Maria Iparragirreri eskainitako ondoko bertso-sortan:

Ala euskal izkuntza/ zerutaturikan,
arkitzen omen dira/ oraiñ pozturikan;
argatik aingerubak/ diyote goitikan,
eztutela kanta nai/ ezer besterikan,
Gernikako arbolen/ kantuba baizikan. (78. or.)

Sinpatia eta grazia isurtzen dituzten bertso-lerroak aurkitzen ditugu "Petra txardin saltzailea" izeneko sortan, sardinak erosteko pertsuasio sutsuan murgilduta, sardinen onura gastronomikoak modu txinpartatsuan agertuz.

[...] mokadu goxo preskuagorik/ Dukiak ere ez du jaten. (72. or.)

Ageri da sardina-saltzaileekin bazuela txera berezia, aurreratxoago bizkortasun eta bizitasun handiko beste sardina saltzailearen eta bere bezeroaren arteko bertso-elkarrizketa bat agertzen digunez gero.

Erromantizismo berankorrari dagokion legez, naturarekin bat egiten du Iraolak bere sentimenduak hedatu edo zabaltzeko tenorean. Gerraren ordez, bakearen gorazarrea egiterakoan, esaterako, natura osoa pozten dela ematen du:

[...] pakeak dauzka saroi zelaiak/ lora politez jantzirik,
errekatxoak far antzan doaz/ ariñ, kontentuz beterik...
Guziya dago galaiturikan,/ guziyak daude pozturik. (98. or.).

Joera erromantiko berankorrekoa zen Bilintx bertso-jartzailearen "eskola" antzematen da Iraolaren zenbait bertsotan, era berean. Batez ere maitasunezkoetan, non galankeriak, maitasun-deklarazioak, maitearen deskripzio idealizatuak, ezezko borobilak eta antzerako pikardiak biltzen diren. Maitasun ukatuak ez dakar beti arrangura etsia. Umorezko azken zertzeladak, kontrapuntu moduan, gaiaren larritasuna leuntzen ohi du:

Esku emanaz andik kanpora
penatuba ninjuala,
biyotzez esan niyon bi itztxo
esan bihar niyozkala;
nik uste nuben nere esanaz
benetan gustatzen zala,
baña kupida gabe algaraz
erantzun dit beriala:
-Oker zabiltza; bi illabete
dira ezkondu nintzala! (197 or.).

Aldarte oneko, ekoizpen handiko eta tonu ugariko egilea dugu, beraz, Biktoriano Iraola.

  • IRAOLA, Biktoriano. Oroitzak eta beste ipuin asko. Tolosa: Auspoa Liburutegia, 1962.
  • IRAOLA, Biktoriano. Au poza senti det eta beste bertso asko. Oiartzun: Auspoa Liburutegia, 1997.
  • BIDADOR, Joxemiel. "Biktoriano Iraolaz aipu labur" in Euskaldunon Egunkaria. 1999-1-15 eta 1999-1-22.