Écoles basques

Assa Ikastola

Lapuebla de Labarka (1979)

Assa ikastolaren sorrerak 1977rarte garamatza. Urte hori da, hain zuzen ere, norberak sinesten edo desio duena aurrera eramateko bidea adierazten duen adibide garbia. Ezin dugu ahaztu bosturteko honen aurretik Euskal Herriak bere eskubideak berreskuratzearen alde zeraman borroka kementsua, beti ere diktadura garaiko zapalkuntzaren zain. Hain zuzen ere, ikurrina baimendu eta Askatasunaren Aldeko Ibilaldia Arabar Errioxatik ere pasatu zen.

1977ko otsailean, Arabako Foru Aldundiak euskara probintziako ondarea historiko eta kulturala zela aldarrikatu ahal izan zuen, hain zuzen ere, euskal hizkuntzaren galera modurik gordinenean gertatutako lurralde batetan, euskararen berreskurapena lurralde honetan helburu bezala hartzen delarik. Horrela, euskara Arabako lurraldean hizkuntza bezala biziberritzeko aukeraren zain zeuden hainbat eta hainbat pertsonek, aukera horri eutsi zioten.

Garai honetako mugimenduek, Lapueblan ere leku izan zuten, hain zuzen ere Araba Errioxako benetako euskal izaera berreskuratu nahi zuten herriko gazte batzuengan. Hori dela eta, 1978ko neguaren hasieran, helburua zehatza zen: Araba Errioxako lehenengo ikastolak sortzea, Oion, Bastia, Lantziego eta Ziekoko ikastolekin batera.

Eskualdean euskara berreskuratzeko aurrera pauso garrantzitsua izan zen, nahiz eta hauetako proiektu batzuk aurrera ez egin. Lapueblan, familia eta auzokide askok jo eta su heldu zioten proiektuari, beraien seme alabek bere herriko hizkuntza eta kultura jaso zezaten. Helburu horri eutsiz, herriko biztanle baten, Balbino Fernandezen, lokal bat egokitu zuten. Horrela 1979ko urtarrilean 2tik 4 urte bitarteko umeak ikastolan ikasten hasi ziren. Garai hau izan zen Assa, sorreran "Nuestra Señora de Assa", ikastolaren sorrera.

Bestalde, burokraziari dagokionez, urte hartan ere Javier Pagaldairen laguntzarekin, ikastolaren legalizazioa gauzatu zen, Assa Ikastola Gurasoen Kooperatiba izendatuz. Momentu honetan ere hasten da Ikastolen Elkartearekin harremana eta finantzatzeko lehenengo kontzertuen lorpena. Arabar Errioxako euskararen trena abian jarri zen.

80ko hamarkada berriaren hasieran Arabar Errioxako ikastoletako ordezkarien bilera egin zen Biasterin, beraien seme alaben hizkuntza eredua zein izan behar zen erabakitzeko. Biasteri izan zen salbuespena, gainontzeko ikastolek euskarazko eredua hartu baitzuten. Hurrengo erronka ikastolako gela ezberdinak leku berean kokatzearena izan zen, eta bai lortu ere. Garai honetatik aurrera areagotu ziren Euskal Herriko beste ikastolekin harreman estuagoak. Bitartean, bilera asko eta asko egiten jarraitu zen erakundeekin Lapueblako ikastola aurrera eramateko. Hasiera eginda zegoen, baina bidea luzea zen, helburu eta erronka asko, eta are oztopo eragozpen gehiago.

Ver versión en euskara.