Littéraires

Bigarren poema liburua (1974). Xabier Lete

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

Xabier Lete (Oiartzun, 1944-2010) poeta eta abeslaria, 1963-64 urteetan hasi zen Kantagintza Berriko lehenengo kantu sortzaile eta abeslariekin harremanetan, herrikide zuen Julen Lekuonarekin bereziki eta geroxeago Lurdes Iriondorekin. 60-70etako aldarrikapen kulturalen berri jaso zuen, eta bereziki Frantziako zenbait abeslariren sorkuntzak miretsi zituen, George Brassens, Jacques Brel, Leo Ferre... Bestalde, Julen Lekuonak bezala, Hego Ameriketako errebindikapen-kantu sozialetarako zaletasun bizia izan zuen, besteak beste Atahualpa Yupangui, Violeta Parra, Victor Jara... Zalantzarik gabe, 1960tik 1970 arteko euskal abeslari askorengan bezala, Leteren estilo, ideia eta adierazmoldeetan ongi sustraituak daude aipatu diren bi iturri horien eraginak. Ez dok amairu taldeak bildu zituen Euskal Kantagintza Berriaren sortzailerik ezagunenak eta 1965z geroztik sinergia moduan bildu zituen haien indarrak euskal ikusle, entzule eta lehen irakurleen zaletasunak piztuz apurka-apurka.

Lete abeslari baino lehenago izan zen poeta. 1968an argitaratu zuen Egunetik egunera egunen gurpillean liburua eta Ez dok amairuko taldekoen kantaldietan parte hartzen hasi zen, poema horiei musika jarrita. Idatzi, argitaratu eta jendearengana ahalik eta modurik zuzenean iristeko helburua hartu zuen. Taulatu gainera igo orduko, Letek indar eta espresibitate handiko komunikatzailea zela erakutsi zuen, ikusleekin harreman emozional sakonean sartzeko gaitasuna zuela, eta berezko abildadea zuela bere testuak eta besterenak interpretatzeko. Leteren komunikazio gaitasun horrek bertsolarien enpatia fenomenoa ekartzen du gogora eta ez da harritzekoa bere bozez eta sentimenduz bizi berria eman izana euskal kantu zahar askori (baladak zaharrak, Etxepare) eta garaikide zituen poeta euskaldun nahiz bestelakoei (G. Aresti, Gandiaga, J. M. Lekuona,...). Lete ez da liburuetako paperetan kabitzen Lekuonak esan ohi zuen moduan, eta ikusleengana zuzenean iristen asmatzen du, paperaren mugak gaindituz. Bere abeslari garaikideen artean aho batez aitortua da kantu-letren egile paregabea dela. Interprete gaitasun nabarmen horren lekuko da, bestalde, 1970 urteetan, abeslari izateaz gain, antzerki-egile eta zuzendari ere ibili zela, hala nola, Deusetik izatera, Gabon, Txirrita eta Lehen karlistadaren kronika antzezlanetan.

Antzerkigile, aktore eta gehienbat taula gaineko abeslari izan da, hortaz, baina sekulan ez dio poeta izateari utzi, eta bertso-lerroak idazte horretan umotu da sortzailea. Leteren poesiaren bilakaeraren lekuko izan dira argitaraturiko liburuak: 1968an, Egunetik egunera egunen gurpillean, 1974an, Bigarren poema liburua, eta zazpi urte beranduago Urrats desbideratuak (1981). Argitaratu dituen azken bi liburuak Zentzu antzaldatuen poemategia eta beronen bigarren edizioa den Biziaren ikurrak, biak urte berekoak.

1974ko Bigarren poema liburuatik berak grabatu zituen disko baterako hain ezagunak diren zenbait testu: Izarren hautsa, Nafarroa Arragoa, Sinesten dut, Hala ere, Hitzez hitz ... Poema ezagunak baino zerbait gehiago, euskal kantutegiaren parte dira dagoeneko, Lete nor denik askorik ez dakien hainbat jenderen errepertorioko kantuak, baina beste askorentzat, garaikoentzat bereziki, kanturik maitatuenetako batzuk, garaiko ikusmoldearen lekuko.

Leteren obra osoan kritikoek bigarren liburu hauxe azpimarratu izan dute hoberentzat, bere ahotsaren indarragatik, zuzentasunagatik eta sakontasunagatik (Arkotxa, 1983, Kortazar 1989, Aldekoa, 1991). Letek baliabide poetikoez soildu zuen bere diskurtso literarioa, kutsu errealistako poesigintza egin zuen, gaiak berrituz eta zuzentasunez aurkeztuz. Leteren poesia konpromisoari lotua ikusi dute kritikoek, nahiz eta bigarren liburu honetan poesia sozialaren oldea gainditu eta ahots pertsonalagoa eta estetika depuratuagoa garatua zuen, kezka sozial eta existentzialismoaren ubide bilakatuz, paralelismo, metafora eta adjektibazioaren bitartez.

1976ko poema horietan aurki daiteke Leteren belaunaldikoen hausnarketa filosofiko eta sozialaren formulazio oso bat, gizakia bere osotasunean hartzen duena, maila pertsonalean eta unibertsalean, baina garai hartako Euskal Herriaren errealitate sozialari eta politikoari begiratzen ziona, oroz gainetik. Poesia sozialaren hizkera indartsu eta ia profetikoaz iragartzen du gizakiaren etengabeko ahaleginak absurduak direla, baina zentzua izatea nahi lukeela poetak, etsai zaion ingurumarian aurrera ateratzeko ahaleginak ez izatea zentzurik gabekoak. Halere, nagusi da, poemario osoa aintzat hartuta, nihilismo eta etsipen giroa, batez ere hasieran, galtzailearen duintasunez jantzia bada ere. Camus eta garaiko existentzialismoaren malenkonia kosmikoa eta izatearen absurdua eta ondoriozko asperdura islatzen dira. Halere, antsia irrazionalarekin batean, liburuko poemarik hoberenek argitasunaren bilaketa, zentzu eskea egiten dute.

Lau zati ditu poemarioak honako titulu hauen pean: "Hitzak izaten jarrai daitezela", "Zuhaitz bakarraren itzala", "Poeta bat ilargian" eta "Itsaso eragotzia". Lehenengo bien benazkotasun eta seriotasunaren aldean, ironiak irabazten du hirugarrenean. Amaia Iturbidek (2000) Letek liburu honetan garaturiko irudi errekurrenteak aztertu ditu arretaz. Horien artean, bereziki poetak idazteari buruz duen ikuspuntuarekin lotzen duena gailentzen da: suzko ezpainei dagokiena, esan beharraren konpromisoa adierazten duena. Bestalde, Leteren olerkigintza osoan zehar garatzen den irudi errekurrenteena nagusitzen da, argia bilatzea, plastikoki era batera eta bestera irudikatua. Leteren poesia gogoetatsua da, kontzeptuala eta filosofikoa gehienbat. Argiaren lilura eta argiaren beharra nagusitzen dira, ulertu beharra. Bestalde, izadiarekiko miresmenaren eta maitasunaren gaia ere hor nagusitzen dira, oreka bat aurkitu nahian norberaren, inguruaren eta izadiaren artean. Hirugarrenik, galtzearen esperientziarekin batean, bizi egarri handi bat. Bizitzari atxiki nahia, eta bizitza ulertu nahia, eta gozatu nahia.

Poemen tankera formalari erreparatzen bazaio, liburuan era batekoak eta besteko testuak biltzen dira, batzuk kantagarriak dira, neurtitzak, molde metriko jakinean finkatuak daude, batzuk berak sortuak. Beste asko laburrak dira haikuak bezala, besteak aldiz, libreak eta erritmodunak, metrikak markatzen ez duen irudien eta esaldien paralelismoetan oinarrituak, zenbaitetan argudioen paralelismoan oinarrituak.

Lekuonak esan duen bezala, Lete izango da euskal literaturaren hogeita hamar urte hauetan bertsolariak hobekien ezagutu eta baliozta daitezen lan eraginkorrena egin duenetako bat, haien bertsoak bildu eta musikaren laguntzaz grabatu eta kantaldietan ezagutzera emanez. Bertsolarien ahozko transmisioa berritzeko eta komunikabideen bozgoragailuez hedarazteko eginiko lan eskergarri horren lekuko dira bereziki Bertso Zaharrak I (Antton Valverde eta Julen Lekuonarekin batean grabatutakoa) eta Bertso zaharrak II, bigarren hau oso-osorik J. M. Lujambio Txirritaren bertsoez osatua. Berriki, 2002 urtean osatu du zenbait bertsolarien bertsoen bertsio-bilduma.

Zaletasun horren lekuko, bere ikuspuntua emateko zenbait poematan, kantagarrietan bereziki, Lete bertsolarien hizketa modura hurbiltzen da, une honetan, eta herri-jakituria edo eskarmentua adierazten duten esapideen bidez mintzatzen da. Esperientzia-adierazpen herritarraren lekuko da bera ere, eta herri behartsu eta langilearen parte sentitzen den aldetik, gogoan eduki beharreko jarrera eta irizpide zentzukoak gogoratzen ditu. Leteren mezuaren hartzaileak euskal herritar guztiak dira eta horiek ulertzeko moduko hizkeran dihardu, baina tankera literarioaz ere bai, eta, era berean, Frankoren diktaduraren eraginpeko autozentsurak esan beharrekoak modu sinboliko eta konnotatiboan esanarazten dizkio, dakienak entenditzeko eran, alegia.

Errealitatean eragiteko ikusmolde borondatetsu eta positibista adierazten du Letek 1974an poemetan, baina ez du luzerako izango Izarren hautsaren mezu eragilearen distirak, ezta urte berekoa den B. Gandiagaren Hiru gizon bakarkarena ere. Urte gutxiren buruan, zehazki Bernardo Atxagaren Etiopia (1978) eta Joseba Sarrionandiaren Izuaren gordelekuetan barrena (1981) liburuetan, Letek kantu honetan aurkezturikoa bezalako ikuspegiak urratu egiten dira, tenpluko oihala bezala: errealitatea hautsita dago eta horrela egotea dagokio. Euren ideia filosofikoetan Nietzsche, Heidegger eta Witgensteinen filosofien eragina nabari da eta positibismoaren zalantzan jartzen duten mugimenduak hedatuko dira mendebaldeko kulturan, badaezpadako norabidea duten prozesutzat ikusten dira progresoa, denbora eta historia. Utopiak hondatzen hasiak dira. Bost urte eskas daude obra horien artean, baina gogoan hartzea komeni da une honetan Letek poema liburu hori idaztean gogoan zuen testuinguru sozial eta politikoa: Frankismoaren azken urteak ziren eta euskal gizartea irakiten zegoen, alde batetik urte luzetan jasandako errepresio politiko, sozial eta kulturalaren sufrimenduan zaildutako gizartea eta, bestetik, etortzekoak ziruditen aldaketen atarian, itxaropentsu.

Leteren poemaren zuzentasunak eta mezu iradokorrak erabilitako mintzaira bera ere aipagarria da. Erabiltzen dituen irudiek naturari eta gizakiak harekiko duen harremanari buruz dihardute, modu denotatiboan eta konnotatiboan ere bai. Gizakiak lurrean ongi itsatsi behar du irauteko, landareek bezala eta beste izakiekin harremanetan egon. Bestalde, gizakiaren aktibitatea modu konnotatiboan adierazten duenean nekazaritza arloko irudiez baliatzen da: errotu egin behar du gizakiak, "inguru latz bat" den horretan, Gabriel Arestik, garaiko idazle gazteen gidari zenak San Simon eta San Juda kantuan esan bezala, eta bidenabar gogoratu behar X. Letek bilakatu zuela hain ezagun.

Leteren poesiak garai horretan izan zituen eragin jakinak izan ziren noski, lehenago aipaturikoez gain, G. Arestiren poesia soziala eta protesta-kantuen funtzio eragilea. Ongi frogatua den eragina izan zuen Arestik 1965-75 urteetan idazten hasitakoen artean (B. Atxagarenganaino iristen den eragina bestalde, "Bertso berriak jartzera noa" hasten direnetan, 1976ko Ziutateaz liburuko atariko bertsoetan ikus daitekeen bezalaxe). Arestiren eraginarekin eta Leteren beraren bizi-esperientziarekin du zerikusia, bestalde, bertsolaritzaren esapide eta formula ohikoez, jarrerez eta irudiez ehunduriko Leteren kantuen dohainak. Garai hartan sortu zuen poesia zuzen, argi, konprometituak, kantautore frantsesen eta hegoamerikarren oihartzuna zekarten. Eta, oinarri horrekin batean, Xabier Leteren kanturako letretan nabariak dira ahozko literaturaren eraginak, bereziki bertsolaritzarenak, beste batzuetan maite-kantuenak, eta horietatik zetorkion noski esanaren naturaltasuna eta komunikatzeko gaitasun aparta. Aldi berean, hartzaileen erantzun bizia eragiten daki, urteen joanak itzali ez den atxikimendua sortzen du, askorik jabetu gabe ere bertsolarien eta herri-kantuen erreferentzia ugari gogoan jasoak ditugun entzuleongan.

Xabier Letek aski jarrera neurtua eta orekatua erakusten du, 1968ko lehen liburuaren aldean, solemnitate eta autoritate apur batez mintzo dena. Leteren hainbat kantu eta bertsotan hedatzen den ironiaren arrastorik ez da Izarren hautsa, Sinesten dut, Nafarroa Arragoa, benazko giroa dute. Jarrera neurtuz, aski duin eta dotore mintzatzen dira, axola duenaz: bizitzaren zentzuaz, historiaren zentzuaz, gizakiak naturarekin duen loturaz, edertasunaz, heriotzaz... 1974ko Bigarren poema liburuako poemek giroa eta tonua dute bateratzaile. Baina batzuetan gaia ere bai. Izarren hautsa abestia eta Sinesten dut deritzan beste poema bat eta liburu berean argitaraturiko Egun batez oinarrizko gai-batasuna dute, haiku eta poema sotilagoekin batera. Leteren kezka jakinen adierazpide dira hirurak: "Ezerezaren kearra/ kosmos zabalera barreiatuz/ espiral indartsuan zehar/ irentsia izanen da." (Egun batez) Gizaki ororen galderen erantzunaren bila dabil horietan, hastapena eta amaiera, eta zentzurik ba ote duen ahalegin eta sufrimendu honek guztiak. 1974ko liburu horretan bertan bilaketa horrek eragiten duen etsimendua adierazten du eta agian Izarren hautsa bezalako poemen adierazpenak ez dira liburuko beste hainbat poema bezala, Sartreren etsimendu existentzialaren lekuko, eta bai, aldiz, frankismoaren garai luzeetan zaildutako euskaltzaleen iraunkortasun etsi ezinaren legatarioak.

Izarren hautsa eta Sinesten dut poemek egiten duten printzipio-aldarrikapena idazlearen mundu-ikuskera jakin baten lekuko dira, munduaz eta bizitzaz zentzuz beteriko ikuskera da, belaunaldien zikloaren baitan onartuz. Sinesten dut poemak fede-aitortza egiten du hain zuzen ere ikusmolde horretan: izakien aldakuntza oro, sakoneko aldakuntza-lege baten arabera izakiz izaki antzaldatzen gaituen prozesu horretan sinesten duela adierazten du, behin ere gelditzen ez den gurpilean sarturik, espazioaren sakontasunerantz eta forma guztiak sortu ziren iturrira itzuliko direla jakinik.

Xabier Letek liburu honetako poemetan adierazten duen mundu-ikuskera honek islatzen du nabarmen Pierre Teilhard de Chardin filosofo, zientifiko eta teologoak garaiko euskal kultura sortzaileetan izandako eragin handia. Teilhard paleontologoak, "neo-humanismo" deiturikoaren sortzaileak, Giza fenomenoa saio-liburuaren idazleak, Vatikanoak bere obrari ezarritako zentsuraren ondorioz ezin izan zuen bizi zelarik (1881-1955) bere obra argitaratu, izan ere errealitateaz eta unibertsoaren bilakaeraz zuen ezagutza zientifikoa ezkonarazi nahi zuen bere fedeaz, kosmogenesia eragiten duen naturaren energia, batetik, eta bestetik, gizakiaren alderdi metafisikoa elkartuz.

Letek bezala, Mitxelena, Gandiaga edo Txillardegiren literaturak Teilhard de Chardinen kezka eta ikuspuntuen oihartzunak jaso zituzten. Kosmosaren eta gizateriaren bilakaera eta aldakuntza etengabea ikuspuntu humanista batetik garatu zituzten eta garaiko Elizaren estatismo eta dogmazaletasunaren krisia salatu. Hala, Ernesto Cardenal poeta nikaraguenseak, garaiko beste idazle kristau askok bezala, Teilharden herentzia jasoa zuen. 1960etako poeta hegoamerikarrik entzutetsuena izanik, euskal idazleengan, bereziki Lekuonarengan, eragin tematiko nabarietako bat izan zuen, Oración por Marilyn Monroe y otros poemas idatzi zuen garaian (1965). Cardenalek, fede kristauarekin, askatasunarekin eta justiziarekin zuen konpromisoaren lekuko eztabaidatua den poetak idatzia da Cantico cosmicon: "Somos polvo de estrellas".

  • LETE (elkarrizketan). Pagoa. Oiartzun, 2000.
  • ALDEKOA, Iñaki. Euskal Poesiaren antologia. Madrid: Visor, 1991.
  • ARKOTXA, Aurelia. "Xabier Lete. Un poète sous le franquisme. Une conception de la finalité du langage poétique" in Pierre Lafitte-ri omenaldia. Bilbo: Euskaltzaindia, 1983. 155-173 or.
  • ITURBIDE, Amaia. B. Gandiaga, J. A. Artze eta X. Leteren poemagintza. Poesia tradizionalaren bidetik . Donostia: Erein, 2000.
  • KORTAZAR, Jon. Laberintoaren oroimena. Donostia: Baroja, 1989.