Écoles basques

Ander Deuna Ikastola. Sopela

Sopela (1968)

60. hamarkadan Bizkaiko herri askotan zehar sortzen hasiak ziren euskal kulturaren inguruan taldeak. Talde hauek mendira irteerak, dantza saioak, abesbatzak,... antolatzen zituzten. Honela bada, Sopelan Alkartasuna sortu zen.

Garai hartan, eskualdean bakarra zegoen Algortako San Nikolas ikastola, zeina 1962an hasi zen. Alkartasunako partaideek aukera ikusi zuten Sopelan era ikastola bat sortzeko. Ildo horretatik abiatuz, lehen urratsak eman zituzten gertuko guraso abertzale, konfidantzazkoak eta proiektuan interesa izan zezaketengana joz, seme-alabak bertan eskolaritza zitzaten. Beraz, Sopelako ikastola sorburua Alkartasuna taldea izan zen, jendea ere berbera zelako. Hurrengo urratsa toki egoki bat bilatzearena zen. Bilaketa honetan, eta Euskal Herriko bazter gehienetan gertatu ohi izan den bezala, sopelaztarrak ere herriko apaizarengana joan ziren laguntza bila. Apaizak San Pedro Elizatik San Antonio aretoa eskaini zien eta 1968ko irailean, San Antonion eta lehen andereñoarekin zazpi ume hasi ziren,nahiz eta kurtsoan zehar kopurua gehituz joan eta kurtso bukaerako 20 bat ume egon ikastolan. Hauek ez zuten inolako kuotarik ordaintzen. Egia esan, San Antonio egoitza oso iluna, tristea eta hotza zen. Santu Zaharrez josia zegoen gela bakar hura. Ez zegoen mahairik, handi bat baino; ezta aulkirik ere, Elizako bankuak ezik. Ikasleak lurrean jesartzen ziren. Material aldetik oso txiroa zen... 1970. ikasturtean Sopelako ikastolan 70 ikasle inguru zeuden, baina gurasoek beste toki handiago baten beharra ikusi zuten eta Elizpe apaizetxearen behe solairura eramanak izan ziren haurrak. Elizpen, andereño batez gain, bazegoen beste andereño bat eta laguntzaile bat eta hauei soldata bata ematearen beharra ikusi zenez, ikasturte horretan 140 pezetatako gutxiengo kuota kobratzen hasi ziren.

Ander Deuna Euskadiko beste ikastolak bezalaxe hazi zen. Elizpeko egoitzak ezin zien matrikulatzen ziren ikasle guztiei harrera eman. 1971. urtean herriko etxebizitza bi (184 metro karratu) eta behe solairuko atal bateko lonja erosi ziren. Egoitza berri hauetara azaroan 80 ikasle (OHO 4. mailara arte) pasatu ziren, bitartean Elizpen oraindik haurtzaindegiko 20 ume geldituz andereño bakar batekin; gero denak batu ziren pisuetan.

1973an, ikastolak eskolaurreko hirugarren maila eta OHOko 5. mailara arte zituela, ezuste desatsegina gertatu zen: Hezkuntza Ordezkaritzak Ikastolako gurasoei, egoitzak baldintzak betetzen ez zituela eta egokiak bilatzen ez bazituzten Ikastola itxiko zuela adierazi zien. Agindua han zegoen eta Ordezkariarekin bilera bortzakorrak izan arren, non mahaiko bai alde batetik nola bestetik ukabilkadak falta ez ziren; aurrera jarraitzeko baldintza batzuk lortu ziren; baldintza negargarriak alde guztietatik. Ander Deuna Ikastolaren jarraipenari oztopoak jartzea zen beraien asmo bakarra eta argiena. Arazoari aurre egiteko bilera bat antolatu zuten eta ideia desberdinak izan ziren bertan. Azkenean ama batek bere orubearen erabilpena eskaini zuen desinteresatuki. Amak emandako orube hura ikustera joatean eta alboko soroan zeuden eraikuntza lagatuak ikustean haien erabilpenaren ahalmena ikusi zen.

Salerosketa bertan behera uztean, bankuek orubea bereganatu zuten. Hartzedunen talde batek erosi zuen orubea. Bilera askoren ostean, erosketa akordio batera heldu zen 5.500.000 pezetatan erosiz. Ordurako eraikuntzen aukerak ikusteko aurreproiektu batzuk prestatuak ziren jadanik. Baliagarritasuna ikusiz, behin-betiko OHOko zortzi gelen proiektuari ekin zitzaion, horri Laborategia, Liburutegia, Eskulanen gela, eta abar, eta Eskolaurreko hiru gela gehituz. Uda guztian zehar, asteburu, jai egun, eta ahal zutenek asteko arratsaldetan ere eraikuntzak prestatzen ihardun zuten su eta gar.

Kurtsoaren zabalaldi egunean, 1974ko irailaren 15ean, OHOko sei gela eta Eskolaurreko hiru (160 ikasle eta 8 andereño) prestatuak zeuden; Laborategi, Liburutegi, Administrazio eta abar ere bai.

Lehen, ikastolaren aurkako propaganda asko zegoen; bertako ikasketek ez zutela baliorik, euskaraz ez zuela baliorik, euskaraz ikasiz gero ez zegoela Unibertsitatean sartzerik... Une hartatik aurrera, legalizatu eta kooperatiba gorpuztu zenetik, jendeak begionez zekusan Ikastola. Eskualdeko hainbat herritatik haurrak etortzen hasi ziren.

Ver versión en euskara.