Lexique

Agot

Nafarroa garaiko iparraldean bizi den jatorri ezezaguneko arraza bateko kidea; ile hori, larru zuri eta begi nabarrekoak izan ohi dira. Era guztietako bizioen jabe egin izan dira agotak: lapur, doilor, biziotsu eta kirastuntzat eduki izan dituzte. Judu, sarrazeno, heretiko eta belarrian gingilik gabeak zirela esan ohi zen, horregatik ez zegoen apaizgorako agotik onartzerik.

Agotek ez omen dute mukirik. Elizan, meza nagusikoan, ez ziren ofertorioan aldarera joaten. Meza ostean, apaiza eliz atarira joaten zen agoten eskaintza hartzera; horregatik agotak eta odol garbiko euskaldunak ez ziren elkarren artean nahasten eta elizan sartzeko ere ate desberdinez baliatzen ziren. Azkueren eta beste zenbaiten ustez, agotak Erdi Aroko legenardunen ondorengoak ziren.

Agotak eta mairuak: Garai batean Ezkurran baziren agotak, Arizkungo Bozate auzotik etorriak. Ezkurrako agotak mezatara joaten ziren, baina elizara sartzeko beren atea eta urbedeinkatu-ontzia zituzten. Beste ezkurrarrak bezala artzaintza eta nekazaritzatik bizi ziren. Agotei antzematen zitzaien belarriak aurpegian erantsiak zituztelako. Bi agot ezkontzen baziren, haien haurrari mairu deitzen zitzaion.