1966an sortu zen Zumaiako Ikastola, herriko euskaltzaleen ekimenari esker. Ikastolaren lehen izena Enseñanzas Urola izan zen eta Luistarren geletan zegoen kokatua. Ondoren, lehen Astorki etxean, orain Aizpuruatarren etxeko azken pisuan egon zen. Sorreran bere titularitatea, jabetza, Elizarena izan zen.
1972an zatiketa eman zen eta ikasleen erdia gelditu zen Ikastolan. Aldaketa honen ondoren Zumea Ikastola sortu zen kultur elkarte bezala, Arrangoletako Ikastetxe publikoan. Ikastolaren kokapenaz, esan beharra dago Ikastolako ikasleak leku ezberdinetan egon zirela: Apaizetxean, Alondegian, Aita-Mari zinemako goiko geletan, Aita Mari poligonoko 2 lokaletan, Arrangoletan ere egon ziren.
Ikastolak 1981-82 ikasturtean baimen ofiziala lortu zuen eta OHO osoa eman ahal izan zuen. 1986an behin betiko baimena jaso zuen Zumea Kooperatiba Elkarteak-Sociedad Cooperativa-k, une horretan Ikastolaren jabea zenak. Ikastola ikastegi pribatu bezala sailkatua zegoen eta 420 ikasleentzat baimena zuen, 12 unitatez OHOko mailan jarduteko.
1993ko otsailaren 19an Euskal Eskola Publikoari buruzko Legearen Proiektua onartu zuen Eusko Legebiltzarrak. Lege honek eztabaida ekarri zuen herrira, Kooperatibara. Publifikazioaren aldekoen eta aurkakoen arteko eztabaida sutsua izan zen. Kooperatibako batzarraren gehiengo sinpleak sare publikoaren aldeko apustua egin arren, arazoa legalak zeuden kooperatiba desegiteko.
Maiatzaren 25a pasata, behin betiko erabakia garbi argitu beharra zegoen Gipuzkoako eta Bizkaiko bederatzi ikastolen kasuan, sare publikoaren aldeko hautua hartu arren, ikastoletako batzarrean ez zelako errespetatu kooperatibaren estatutuak zioena; hots, erabaki bat hartzeko gutxienez bi herenen babesa izatea. Ondorengo ikastoletan gertatu zen hori: Azkoitian, Azpeitian, Beasainen, Zumaian, Donostian (Ibai Ikastola), Deustun, Leioan, Elorrion eta Zaratamon.
Herri bakoitzeko auzibideak bere bideari jarraitu zion. 1994ko azaroaren 20a, zenbait hilabetetan elkarrizketetan ibili ondoren, Zumea Ikastola, Julene Azpeitia Ikastetxe Publikoa eta Zumaiako Institutuak, Zumaiako Herri Eskolaren elkarketa agiria sinatu zuten. Une horretan sortu zen Zumaiako Herri Eskola izango zenaren kimu berria. Urriaren 17an hiru ikastetxeen arteko Batzordea eratzeari ekin zitzaion, honekin elkartze prozesua martxan jarriz. Martxoaren 2an Aita Mari zineman egin zen proiektuaren aurkezpen publikoa.
1998ko urriaren 16koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak onartu zuen, Zumaiako Zumea Ikastola-Julene Azpeitia Lehen Hezkuntzako Ikastetxe publikoaren berariazko izenaren aldaketa onartzea. Zumaia deituko da aurrerantzean. 2012an eskola honen deitura ofiziala, Zumaiako Herri Eskola da.
- AGIRRE, Paulo (2012). Ikastolak Gipuzkoan, datutegia. Argitaratu gabeko materiala.
- IZA, Iban. Ikastola mugimendua Dabilen herria. Ikastolaren eredua 1960-2010, Jagon saila, Euskaltzaindia. Bilbo, 2010.
- EHAA-1986ko azaroaren 3a.
- "Sortu da Zumaiako herri eskola". Baleike Zumaiako aldizkaria, 8. zenb., 1995eko urtarrila.
- "Zumaiako Herri eskolaren lehen pausoak". Baleike Zumaiako aldizkaria, 11. zenb., 1995eko apirila.