Medikuntza

Zumalabe Arcelus, Aniceto

Aniceto Zumalabe (Bergara, 1808 - Bergara, 1892) herriko eta Bergarako Errege Seminarioko mediku titularra izan zen. 1875ean, Bigarren Karlistaldian, Cánovas del Castillo Espainiako Gobernuko presidentearengandik, bere lagun pertsonalarengandik, konfidente liberalen sare bat sortzeko enkargua jaso zuen, jeneral karlistei korrespondentzia eta dirua helarazteko helburuarekin. Medikua zenez, bere espioitza-sarea Miranda de Ebro, La Puebla de Arganzón eta Irun arteko lurralde karlistan askatasun nahikoarekin mugitzen zen. Horrek arrisku handia bazuen ere, beti eramaten zuen aldean koaderno bat, isilmandatari-buruarekin lan egitean izandako gastu guztiak zehatz-mehatz jasotzeko. Jose Arteche idazleak Cuatro Relatos liburuan "Confidentes en Lastaola" izeneko atala eskaini zion koadernoari.

Aniceto Zumalabek bi seme-alaba izan zituen, hauek ere medikuak: Mateo (Bergara, 1844) eta Felix (Bergara, 1847). Hain zuzen ere, Felix Zumalabe Bergarako Epaitegiko Justizia Administrazioko eta Espetxeko mediku laguntzaileak egin zion autopsia 1897an Arrasaten hil zuten Cánovas del Castilloren gorpuari.