Iruñean jaiotako artista nafarra.
Gerardo Sacristanen dizipulua izan zen Iruñeko Arte Aplikatuen Eskolan. Bertan marrazketa eta pintura ikasketak egin zituen 1956-1959 bitartean, eta zeramika ikasi zuen 1980-1983 bitartean. Vianako Printzea Instituzioak antolatutako paisaia-ikastaroetan parte hartu zuen (1984-1987). 1998an Arte Liberaleko lizentziatura eskuratu zuen Ikasketa Artistikoen diplomarekin Nafarroako Unibertsitatean. 2004. eta 2007. urteetako udetan eskultura-tailerretan izan zen Menendez Pelayo Nazioarteko Unibertsitatean, Julio Lopez Hernandezen gidaritzapean.
Marrazketa- eta pintura-eskolak eman ditu Gizakia Helburu proiektuan, auzotarren Zentro Kulturalean, Ermitagañan (Iruñea), eta 2004ko abuztuan Caja Navarrak antolatutako Pintura al aire libre ikastaroa eman zuen.
Bakarkako lehen erakusketa Tafallako kultur etxean egin zuen 1988an. Gerora, hainbat udalerritan izan dira ikusgai bere pintura eta eskulturak, esate baterako, Lizarra, Iruñea, Donostia, Gasteiz, Zumarraga edo Biriatun. 2001ean erakusketa antologiko bat egin zuen Iruñeko Carlos Ciriza Galerian, El hombre, el arte y la naturaleza izenekoa. Bere azken erakusketetako bat Mutiloko (Nafarroa) Kultur Etxean 2012ko urrian egin zuen erakusketa antologikoa da, Vivir en el arte para el arte (1955-2012) izenekoa. Bertan bere pinturak eta eskulturak ipini zituen ikusgai.
Hasiera batean bere pintura akademikoa da, ondoren inpresionismorantz jo zuen eta, are, espresionismo kutsu bat ere badu. Gai ugari ukitzen ditu. Hala, natura hila, eraikinak, erretratuak edo paisaiak pintatu ditu, azken horiek beti naturakoak.
1998-2000 bitartean Nafarroako Gardena Artisten Elkarteko presidente izan zen.
