1972an Donostian jaiotako abeslari gipuzkoarra.
Solfeoa, abesbatza, harmonia analitikoa eta akordeoi musikala ikasi zituen Donostiako Goi Mailako Kontserbatorioan. 1988an, Donostiako Orfeoian sartu zen, eta 1996ra arte egon zen elkarte horri lotuta. Besteak beste, Frübeck de Burgos, Claudio Abaddo, Lorin Maazel eta Zubin Metha zuzendari handiekin aritu zen. 1991n Donostian Felix Lavillak eskainitako Kantu ikastaroan parte hartu zuen. 1994an Donostiako Orfeoiaren Kantu Eskolan sartu zen. 1995-96 urteetan HIKA taldearekin antzerki bira bat egin zuen Easoko Las Bellas komedia musikala interpretatuz. 1997 eta 2002 artean Madrilgo "Teresa Berganza" Musika Kontserbatorio Profesionalean ikasi zuen. 1996. urtetik 1999. urtera arte Madrilgo Calderón Antzokiko abesbatzan parte hartu zuen. 1999an, José Tamayok zuzendutako "Antología de la Zarzuela" konpainiako kide izan zen, eta Mexikon egindako emanaldiak nabarmendu behar dira. Hainbat zarzuela interpretatu ditu Verdi Concerts eta Teatro Madrid bezalako konpainiekin.
