Kontzeptua

Zubiak. Arkitektura

Zubiek gizakiaren historiaren hasieratik oso funtzio garrantzitsua jokatu dute. Horien bitartez, gizakiak hainbat osagai geografiko -errekak, bailarak, errepideak, trenbideak- gainditu ahal izan ditu. Zubiak diseinatzeko orduan, bete behar duten funtzioa eta kokatu behar diren lur mota kontutan hartzeaz gain, hiru dira eragina izan dezaketen faktoreak: erabilitako materialak, garatutako teknikak eta baldintza ekonomikoak. Azken finean, zubien bitartez hiru faktore horien bilakaera gizakia eta gizartearen arabera aztertu daiteke, hainbat garai desberdinduz eta ondorioz garapen mailak finkatuz.

Hasieran zubiak soilak eta sinpleak baziren ere -adibidez, harri batzuk errekan ertzetik ertzera kokatuta, gainetik saltoka pasatu ahal izateko- eta gehienbat harri eta egurrez eginak, Erromatarren zibilizazioa garatzen denean lehenengo aldaketa garrantzitsua sumatuko dugu, arkuaren erabilera asmatuko baitute. Horri esker zubiak eta beste eraikinak gauzatu ahal izango dituzte -akueduktuak, adibidez- eta ez bakarrik bi ertzen arteko tarte handiagoa bateratuz, baizik eta segurtasun handiagoa eskainiz. Berez, Erromatarrak gauzatutako hainbat zubi eta azpiegitura egun oraindik zutik mantentzen dira eta zenbait kasutan oraindik erabilgarriak dira.

Erromatarrek zubien gaineko teknika hau hainbeste garatuko dute hurrengo hogei mendetan ez dugula berrikuntza nabarmenik aurkituko, hau da, historia garaikidearen hasiera arte, industria iraultza abian jartzen denean alegia. Orduan, material berriak agertzen direnean bereziki -burdina, altzairua eta hormigoia aurrena, beira geroago-, zubien tipologian ere iraultza gertatuko da eta ordura arte ezagutu edo imajinatzen ere ez ziren luzera eta altuerak lortuko dira. Berez, zubi berri horiek ezinbestekoak gertatuko dira aurrena trenbidearen hedapenerako eta ondoren errepideen garapenerako.

Estiloari dagokionez, oro har Erromatarren garaiko zubiak soilak eta sinpleak izango dira. Gehienez jota, eraikuntzan bertan armarri edota inskripzioren bat jarriko dute. Joera aldatu egingo da Aro Modernoan barrokoak bere ibilbidea hasten duenean. Orduan bai, zenbait zubi -hiri handi eta garrantzitsuenetakoak- apaindu egingo baitira, garaiko modaren arabera. Ohitura hori horretan bere mantenduko da gero material berriak erabiltzen hasten direnean. Material berri horiekin gauzatuko diren lehen zubien kasuan, harriarekin estaliko dira bereziki XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran, lehen hamarkadetan. Zenbait zubietan material berriak agerian uzten hasten direnean, orduan joera nagusia zubiak apaintzea izango da, baina ez forma adierazkorrak eta esanguratsuak erabiliz, aitzitik garaiko edertasunaren gaineko kontzeptutik hurbilago egoten saiatuko dira, modernismoa izanik aukeratuko den estilo nagusia.

XX. mendearen erdialdetik aurrera, zubiak material berrien bitartez egingo dira bakarrik eta berauek apaintzeko joera erabat baztertuko da. Horrela, azken hamarkadetan zubien kasuan beste tipologietan garatu diren estilo eta joerek eragina izan badute ere, eragin hori normalean xumea eta zeharkakoa izan da. Zubietan funtzionaltasuna eta praktikotasuna garrantzitsuagoak dira. Berez, hainbat kasutan arkitektoak izan badira ere zubiak eraiki dituztenak, beste kasu askotan ingeniarien lana izan da. Hala ere, kasu batean zein bestean, baten partaidetza edo bestearena gertatu bada ere, bereizketa horrek ez du zubien tipologian hainbesteko eraginik izan, bi multzotan zubi interesgarriak aurki daitezkeelako.

Azkenik zera aipatu behar dugu, azken hamarkadetan zubiak gauzatzerakoan forma esanguratsuak eta adierazkorren aldeko joera nagusitu dela, askotan zubia bera eskultura bihurtuz. Kasu horiek askotan ez badira eman ere, halakoetan emaitzak ez dira beti egokienak suertatu, forma eta funtzioa elkarrekin joan beharrean bakoitzak bere bidea hartu duelako, azkenean zubia bera galtzailea izanik.