Kontzeptua

Zigantiak

Izen hori ematen diete bi emakumezkoak irudikatzen dituzten bi panpina erraldoiei. Nafarroa Beherean eta Luzaiden (Nafarroa) Kabalkadak, Libertimendia eta Tobera Mustrak bezalako segizioetako dantzariak dira bi irudi horiek eramaten dituztenak.

Harruguet da horien berri ematen duen lehendabiziko kronista 1895ean. Baliteke zaharragoak izatea baina XIX mende bukaera eta 1924. urte artean, Herellek Baigorrin eta Urdosen.

Beharrezkoa izaten da zurezko egitura prestatzea, hiru edo lau metroko altueraz. Egitura barrendik hutsik dago eramailea barrura sartzeko aukera izan dezan. Antzina, panpinak makil antzeko bat zeukan pertsonak heldu zezan. Burua beteta zeukan. Aurpegia kartoian pintatzen zen. Burua lastozko buruko handi batez estaltzen dute zinta arrosa edo berde batez, inguruan txapel gorria duelarik. Bularrean oihal zuria edo kolorezkoa darama (gehienetan arrosa edo gorria), emakumezkoen kortsea gogora ekarriz. Lepoaren inguruan batzuetan parpaila darama. Behealdean gona gorri edo zuri zabala izaten du, kolorezko gerrikoarekin. Gona hain zabal izanik, eramailea horren azpian sar daiteke horren izurrak belaunetaraino ailegatzen direlarik. Besoak, beteta eta muturretan eskularruz hornitutako eskuak izanik, dantzaren doinuaren arabera mugitzen dira. Eramailea, aldi berean dantzaria izanik, eskularruak, alkandora, galtza zuriak, lepoko gorria eta horia, kolorezko gerrikoa eta txapel beltza eramaten ditu soinean. Batzuetan Kaskarot edo Bolantak bezalako jantzia darama.

Gizon sendoak behar izaten dira pertsonai hau antzezteko. Batzuk eramaile bat baino gehiago daukate, txandaka ibiltzeko. Luzaiden ZIENTEPEKOAK esaten diete. Segizioko dantzak burutzen dituzte: Martxa, Bolant-Dantza. Bi Zigantiak elkarri agur egiten diote, bata bestearen aurrean burua makurtuz.

  • HERELLE, Georges. Etudes sur le théâtre Basque, Le Théâtre comique. Paris: Librairie Honoré Champion, 1925.
  • HARRUQUET, Sauveur. La danse en Basse-Navarre. Baiona: Bulletin du Musée Basque, 1927.
  • SAGASETA ARIZTEGUI, Miguel Angel. Luzaideko Dantzak. Bilbo, 2011.