Euskarazko idazlea eta itzultzailea, Irunen (Gipuzkoa) 1963an jaioa.
1986an "Villa de Renteria" ipuin lehiaketa irabazi zuen Nikolas Flamel'en irakurketa lanarekin. Bere jaioterriko "Plazara" aldizkarian literatur lan dezente argitaratu ondoren, 1993an Irun Hiria Poesia Saria irabazi zuen Akabatu (Kutxa, 1994) lanari esker. Tene Mujika ipuin lehiaketako 1999ko edizioan hirugarren saria eskuratu zuen, Begia da mundua narrazioagatik. Arabako Foru Aldundian egiten du lan itzultzaile gisa.
2002. urtean Zarauzko Udalak (Gipuzkoa) sortutako Lizardi Saria irabazi zuen, Karakol Txikiren ipuinak (Erein, 2000) narrazioari esker. Artzain xume baten istorioa da: aberats izatera iritsi ondoren, seme perfektua nahi du, eta jaiotzen zaizkionak ez direnez, etxetik botatzen ditu. Narrazioak kutsu ekialdetarra du, Mila eta bat gauen antzekoa, baina elementu modernoekin, telefonoa kasu.