Politikariak eta Kargu publikoak

Vea-Murguía Escalante, Cayo

XIX. mendeko nortasun politikoa, euskal jatorrikoa, Cartagenan (Murtzia) 1827an jaioa. 1840 eta 1843 artean Administrazioan hasi zen lanean, eta Ondasun Nazionalen saileko hainbat postu bete zituen Bartzelonan eta Lleidan. Progresista, 1843an Milizia Nazionalean sartu zen, hurrengo urtean Mora de Ebrora desterratua izan zelarik, non 1845era arte iraun zuen. Lleidara itzuli zen, eta Madozen Hiztegia idazten parte hartu zuen. 1848an atzerria emigratu zuen, hurrengo urtera itzuliz; amnistiatua eta berriz espetxeratua, Fragan konfinatu zuten Kataluniako Kapitain Nagusiaren aginduz, eta 1850ean askatu zuten.

Askatasuna berreskuratzean, Pascual Madozen idazkari partikularra izan zen, 1854ko ekainera arte. Aurrerakoien itzulerarekin, Ogasun Publikoko ofizial gisa berriro ere administrazioan postuak bete ditu. Madozen ministerioen kabineteko idazkaria izan zen, eta, geroago, Ogasun Ministerioko kargu berriak hartu zituen. Biurteko Progresistan Milizia Nazionalean parte hartu zuen berriro, 1856an kapitain mailara iritsiz. Gero Gipuzkoan kokatu zen, 1868ko iraultzarekin bizitza publikora itzuliz.

Hirugarren alderdiko Ahaldun Nagusia izan zen, 1869ko uztaileko Hondarribiko Batzarretatik, 1871ko uztaileko Mutrikukoetan berrautatua; 1873ko Batzar Nagusietan Zarauzko ordezkaria, 1876ko apirileko Batzar Partikularretan Beasaingoa. 1872ko abuztuko hauteskundeetan Azpeitiko barrutian Gorteetarako diputatua izan zen; 1873ko maiatzeko hauteskundeetan berrautatua. Halaber, 1873ko irailaren 25ean eratutako Donostiako Armamentu, Defentsa eta Biziraupen Batzordeko kide izan zen, eta Bizkaiko gobernadore zibil 1874ko urtarriletik 1875eko urtarrilera arte. Berrezarkuntzarekin bizitza publikotik behin betiko erretiratu zen. Karlos III.aren zalduna (1855).

Erref. "Euskal Herriko Parlamentarien Hiztegi Biografikoa".