Instrumentugilea

Valdes Goikoetxea, Julio

Organista eta konpositorea. 1877ko apirilaren 12an jaio zen Gasteizen; 1958ko uztailaren 30an zendu zen.

Vicente Goikoetxearen iloba, berarekin eta gasteiztar jatorriko Jose Sainz Basabe musikariarekin ikasi zuen musika. 1902an, eliz-ikasketak bukatu ondoren, Elorrioko organista izendatu zuten. Pio X.aren Erreformen ondoren, osabak Regensburgeko (Ratisbona) Eskola Zezildarrera bidali zuen 1909an, Heller, Haberl, Renner eta Weinmannekin bere ikasketak osatzeko asmoz. 1918an Bilboko Joan Santuen elizako organista zen Jesus Guridi ordezkatu zuen postuan, eta 1940an Gasteizko Elizbarrutiko Seminarioan armoniako irakasle izendatu zuten. Bere osaba Vicente Goicoechea bezala, eliz-musika bakarrik konposatu zuen, beti mistizismoa eta formaren perfekzioa bilatuz. Bere katalogoan honako lan hauek ditugu: organorako lanak, herri-partaidetza duten korurako mezak, eukaristia moteteak, Andre Mariaren omenezko moteteak eta Aste Santuko moteteak, zenbait hereserki eta eukaristia liturgirako edo erruki-ospakizunetarako lanak.

  • SALABERRI, Sabin et al.: La Música en Álava. Caja Vital Kutxa Fundazioa, Gasteiz, 1997.
  • CASARES RODICIO, Emilio (zuz.): Diccionario de la Música Española e Hispanoamericana. Sociedad General de Autores y Editores, Madril, 2000.