1967an Bilbon jaiotako eskultorea.
Bere lehen aitorpenen artean Gure Artea Lehiaketan lortutako accesita aipatu behar da (1989). 1991. urtean Ertibil Bizkaia 91 erakusketan parte hartu zuen.
Artistak, bere ekoizpen artistikoa jorratzeaz gain, aldi berean, irakasle modura pintura eskolak ere ematen ditu.
2000. urteko abuztuan teknika mistoa baliatuz egindako Urbis 1 lanarekin Quesadako Udalak (Jaen) Rafael Zabaleta (1907-1960) tokiko artistaren omenez antolatzen duen Pintura, Eskultura eta Marrazketako Nazioarteko XXX. Lehiaketan lehen saria eskuratu zuen. Lehiaketa hori Andaluziako garrantzitsuenetakoa da eta edizio hartan herrialde askotako artista ezberdinen 179 lan lehiatu ziren.
2010eko martxoan Bilbon izan zen bere lana ikusgai, Abandoko Udal Zentroan.
2011n Eibarko Portalea Erakusketa Aretoan Pinceladas urbanas izeneko bere erakusketa jarri zen ikusgai. Olio-pintura eta akuarelaz osatutako bilduma hartan hainbat hiri ziren protagonistak. Argazkietatik abiatuz estudioan egindako hiri-paisaiak dira. Bertan artistarengan hiriek eta arkitektura garaikideak sortzen duten interesa ikus daiteke.
