Lexikoa

Urtzi

Aymeric Picaud erromesak, XII. mendean Santiagoko kodizean idatzitakoaren arabera, antzinako euskaldunek Urtzi (Urcia) deitzen zioten Jainkoari. Baliteke interpretazio zuzena ez izatea erromesarena, baina termino hori hitz banaka batzuetan ageri da (urzondo-orzondo, iurtziri, ortzi, ortziri, ostiri, ihuzturi, ozkar...) eta baliteke horietan urz, urtz, ortz, ost erroak zeruko argia adieraztea eta ortzeguna (osteguna), asteko egun bat eskaintzen zaion dibinitatea izatea. Badirudi euskaldunek, indoeuroparrek bezala, Dyeus dibinitatea trumoi eta tximistaren jeinuarekin bat egin zutela. Zeruko dibinitate horren beste izen bat Egu izan zitekeen, Eguen hitzean ageri dena. Barandiaranen ustez, In hitza ere erabili da zeru edo ortzia aipatzeko inusturi, inar, inhar, iñetasi, inastura, indriska eta abarretan ageri dena. Hodei, Hodai geroagokoa bide da, ekaitzen jeinu gisa; dibinitate horri egozten zaio udaberriko euri ongilea edo ostebia; Ereñusarren jasotako euri hori larruazaleko gaitzak sendatzeko erabiltzen zen.