Literatoak

Urteaga Garmendia, Joxemari

Euskarazko idazlea eta 1961eko otsailaren 26an Lazkaon (Gipuzkoa) jaiotako irakaslea, baina Ondarroan bizi da aspalditik, eta bertan egiten du lan Zubi Zahar ikastolan.

2001ean argitaratu zuen bere lehen eleberria: Ordaina nizun (Elkarlanean), non, polizia-giroan, argazkilari metodiko baten istorioa kontatzen baitzuen, gutun anonimoak jasotzen hasten dena, eta, aldi berean, tartean hildakoren bat duten ipuinak jasotzen dituena. Inguruko guztiez mesfidatzen hasi da Justo Badiola argazkilaria. Juan Kruz Igerabide idazle eta lagunak lerro dezente kentzea aholkatu ondoren argitaratu zen eleberria, istorioa kondentsatuago gera zedin.

Urteagak, aurretik, hainbat ipuin argitaratu zituen, literatur sarien emaitza ziren argitalpenetan. 94an, adibidez, Augustin Zubikarai ipuin saria irabazi zuen, eta 2000an Euskarazko Testamentuena, Ondarroak berak emandako sari bat. 1986an Ehun jolas eskolarako (Erein) liburua argitaratu zuen eta 2006an Diamantezko miraria (Elkar) gazteentzako eleberria. Sarri kolaboratu ohi du bere herriko Bolo bolo aldizkarian.