Marinelak

urdaneta, Andres de

Andres Urdaneta Alfontso X.a Jakintsuak 1256an sortutako Ordizian jaio zen 1508 inguruan eta Espainia Berrian (Mexikon) aurkitu zuen heriotza 1568an. Aita Joan Otxoa Urdaneta zen eta ama, berriz, Grazia Zerain. Aita Ordiziako alkate izan zen 1511. urtean, behintzat -1512an Ordizia erre zuen sute ikaragarriak gehiago jakitea galarazten digu- eta amaren aldetik, burdinolen sektorearekin zerikusia zuen familia batekoa zen, eta Legazpiren ahaide zela uste da. Betidanik entzun dugu Urdaneta Oiangu baserrian jaio zela, baina datu hau ez dago baieztatuta eta gaur egungo ikerketa batzuk bere jaiotetxea hirigunean kokatzen digute.

Egia esan, gutxi dakigu bere haurtzaroaz, bere zaletasunaren jatorriaz eta 1525eraino denboraldi ilun bat da bere bizitza. Ez dakigu non eta nola hezia izan zen, baina badakigu 17 urterekin ontziratu zenean, idazkera zaindua zuela eta erraztasun handia erakusten du lan horretan. Mutikoaren behaketa dohain apartak eta oroimen bikaina ere suma ditzakegu bere idatzietan. Elebiduna zela ere garbi ikusten da: gaztelaniaz idazten du, baina euskaraz pentsatzen du. Ezingo genuke bere idatzia ondo ulertu, euskarara jo gabe, euskararen joskera sintaktikoak eta lokuzioak erabiltzen baititu erruz.

Marinel, esploratzaile, kosmografo eta agustindarren ordenako fraide, ospe izugarria hartu zuen bere garaian "itzulbidaia" deritzonak (Ruta de Urdaneta edo Tornaviaje), hau da, Filipinetatik Espainia Berrira (Mexikora) itzultzeko ibilbideak, Ozeano Barea zeharkatuz.

1525ean 17 urte zituen eta Garcia Jofre de Loaisak Moluketara eginiko espedizioan laguntzaile gisa ontziratu zen, Elkanorekin batera, Sancti Spiritus itsasontzian. Magallanes itsasartean ontzia hondoratu egin zitzaien eta, zenbait egun lehorrean egin ondoren, atzetik zetozen ontzietan sartu beharra izan zuten. Bidaia penagarri hartan Garcia Jofre de Loaisa, Elkano bera eta beste buruzagi batzuk hiltzen joan ziren (Loaisa 1526ko ekainaren 30ean hil zen. Elkano, berriz, 1526ko abuztuaren 4an). Elkanoren testamentua sinatu zuen lekuko bat bera izan zen eta, grafiari erreparatuz, agian testamentu osoaren idazlea ere Urdaneta izan daitekeela pentsa daiteke.

Sufrimenduz beteriko bidaiaren ondoren, Moluketara iritsi ziren (7 ontzi irten ziren eta bakarra iritsi zen) eta Tidore uhartean gotorlekua eraiki zuten. Gaztela eta Portugalen artean sinatutako akordioaren arabera (Tordesillaseko Ituna), hura portugaldarrei zegokien lurra zen eta, arrazoi horrexegatik, portugaldarren espedizioari eraso eta ontziak suntsitu egin zizkieten; borrokek luzaro iraun zuten eta Urdaneta larri zauritu zuten. 1529an, bakea sinatu zutenean, Karlos I.ak, Espainiako erregeak, Molukak Portugalen esku utzi zituen eta Urdaneta eta beste guztiak itzuli beharrean izan ziren. 1534an gaude eta Urdanetak 26 urte ditu.

Euskalduna eta bere kideak 1535eko otsailaren 15ean abiatu ziren eta 1536ko ekainaren 26an heldu ziren Lisboara. Bertara iritsi bezain laster, portugaldarrek zeramatzan agiri guztiak konfiskatu zizkioten. Espainiako enbaxadorearen aginduari jarraituz, Portugaletik alde egin zuen atxilotua izango zen beldur eta, ahal izan zuen bezain laster, Urdanetak mapak berregin zituen Moluketarako bidea markatuz eta memoria bat ere idatzi zuen, bidaia ahalik eta hobetoen kontatuz eta etorkizunerako aukerak gomendatuz.

1537an Espainiara itzuli zenean, irla horien memoria entregatu zion Karlos I.ari, Loaisaren espedizioaren berri zehatzak emanez. 11 urte zeramatzan etxetik kanpo.

Urdaneta Espainia Berrira (Mexikora) joan eta agustindarren komentuan sartu zen 1553an (45 urte zituen). Antza, hemen ezagutuko zuen Migel Lopez Legazpi, beranduago elkarlanean ikusiko duguna.

Urdaneta, ikerketa ezberdinak egiteaz gain, fraide lanetan zebilen, baina bere ospea ez zen itzali eta Espainiako errege berriaren belarrietaraino iritsi zen. 1559an Filipe II.ak idatzi zion (Ikus 7.1. eranskina), Velasco erregeordeari Moluketarainoko espedizio bat antolatzeko agindua eman ziola esanez eta Urdanetaren beharra zuela. Espainia Berrirako (Mexikorako) espedizioek porrot egiten zutela ikusirik, baiezko erantzuna eman zion Filipe II.ari (Ikus 7.2. eranskina). Erregeak bazekien, Tordesillaseko Itunaren arabera, Filipinak Portugalen mugapean zeudela, baina bazekien, aldi berean, Filipinetan ez zegoela portugaldarrik. Urrutiko irla haiek menperatzeko eta Txinarekin merkataritza-zubi bat finkatzeko, beharrezkoa zen, Ozeano Baretik Espainia Berrirainoko (Mexikorainoko) itzulerako bide bat aurkitzea eta, horrela, portugaldarren bidea erabili beharrik ez izatea. Aurreko itzulbidaia aurkitzeko bost saiakerek kale egin zuten eta Urdanetak itxaropen pixka bat eskaintzen zuen erronka hartan.

1564ko azaroaren 21ean abiatu zen Navidad portutik (56 urte). Bere ezagutza zientifikoen kontuan hartuta, Urdanetak berak diseinatuko zuen bidaia eta bere lagun Legazpi izango zuen buru. Azkenean, Filipinetara iritsi ziren. Joanak ez zuen inongo misteriorik eta aurrez egina zegoen; etorrian zegoen kakoa!.

Filipinetan behin betiko kokalekua finkatu ondoren, Espainia Berriarekin lotuko zuen bide egonkorra aurkitzea besterik ez zen geratzen: itzulbidaia. Legazpi artxipelagoan gelditu zen bitartean, Urdanetak ekialderantz bidaiatuz itzultzeko bide bat aurkitzeari ekin zion. 1565eko ekainaren 1ean bide berri horretatik abiatu zen, Filipinetako San Migueletik, eta, lehendik eginiko mapei esker, Acapulcora iritsi zen urriaren 8an, 4 hilabetetan gutxi gorabehera 20.000 kilometro egin ondoren.

Iritsi zenean, Urdanetak zera jakin zuen: Alonso de Arellano, bere tripulazio kide izan zenak, aurrea hartu zion eta, Urdanetak esplikatutako bidea jarraituz, abuztuan iritsi zen Navidad portura. Hala ere, Arellanok berri gutxi idatzi zuen eta zenbaitzuk fede txarreko ekintza kontsideratu zuten, batez ere, epaiketa prozesua egin zitzaionean, desertatu zuelako. Hau guztiagatik eman zitzaion Ruta de Urdaneta izena eta XVI eta XVII. mendeetan, eta, batez ere, Acapulco-Manila-Acapulco bidaia urtero egingo zuten galeoi espainiarrek bide hau erabili zuten behin eta berriro.

Urdaneta Espainia Berriko (Mexikoko) agustindarren komentura erretiratu zen. 60 urte zituen 1568ko ekainaren 3an hil zenean.