XIX. mendeko gipuzkoarra, Azkoitian 1837an jaioa eta Sainte-Croix-en (Frantzia) 1889an hila. Bergarako Errege Seminarioan ikasi zuen (1848-54), Valladolideko Unibertsitatean Filosofian graduatu zen (1855), Zuzenbide Zibil eta Kanonikoan 1861ean, eta bi urte beranduago Madrilgo Unibertsitatean doktoratu zen. Gipuzkoako Ahaldun Nagusia izan zen 1866an, eta ordezkoa 1868an; 1866ko abuztuaren 31n eta 1868ko abuztuaren 7an Bergaran egindako hiru Aldundien Konferentzietan izan zen. Elkarte Katoliko-Monarkikoaren Hauteskunde Batzordeko kidea, Diputazio karlistan parte hartu zuen 1872-1876ko Gerran. 1869ko hauteskundeetan Gipuzkoako Gorteetarako diputatua izan zen, 1871 eta 1872ko hauteskundeetan berriz hautatua izan zelarik.
