Dantza

Txino-dantza

Txino-dantza Santa Ageda neska-mutil bikoteek osatutako bi ilarek dantzatu eta abesten dute. Bikote kopurua aldakorra da, eta dantza bi zatitan banatzen da. Lehenengo zatia (A) ilaratan dantzatzen dute, kalean gora edo behera 50 bat metro aurreratuz. Hurrengo zatian (B) bikote-joko bat dantzatzen dute, osotara 5 bikote-joko eginez.

Eguerdiko ordu batean hasten da dantza, herriko plazan. Danbolin eta txistuaz lagunduta, Durana eta Mitarte kaleetatik gora joaten dira, karnabal desfilearekin topo egiten duten arte. Arin-arina eta fandangoa dantzatzen dute, eta desfilea irekiz bueltako bidea egiten dute herriko plazaraino.

Abesten duten letra ondorengoa da, A eta B zatiak berezituz:

Txin txin, txin txin
mahatsa heldu gabe dago. A
Txin txin, txin txin,
baina helduko da.

Txiribito ta andrea
joan ziren jatera, B
Txiribito haserretu
ta bota zun lapiku.

Kalean aurrera doazen heinean (A), dantzariek salto txikiak egiten dituzte ezker eta eskuineko oinekin, eta hauekin batera bi besoak gora eramaten dituzte txandaka, hatz erakuslearekin zerura seinalatuz, beste besoa bizkarrean itsatsita daramatela. A bertsoa errepikatzen da, eta ondoren bikoteek joko bat dantzatzen dute (B). Orotara 5 bikote dantza-joko ezberdin egiten dira:

  1. Goiko gorputz erdia txandaka makurtu, lurrera begira jarriz, bata bestea agurtuz.
  2. Atzamarrekin bestea bularrean ukitzen da, txandaka.
  3. Eskuineko hanka altxatzen da txandaka.
  4. Pauso bat aurrera ematen da, besarkatu eta musuak eman.
  5. Aurrekoaren berdina baina bueltak ematen dituzte besarkatuta.

Bikote joko hauetan bi ilarak aurrez aurre daudela, elkarren arteko iseka, probokazio, akusazio eta laztanak trukatzen dituzte dantzariek, erritmoak lagunduta eta dantza-jokoen eran.