Bertsolariak

Treku, Mattin

Mattin.

Bertsolaria. Ahetze (Lapurdi), 1916-1981.

Martin Treku bertsolaria "Mattin" ezizenez da ezaguna. Aita, Pantxoa Treku, Ahetzetarra zen, Harrieta baserritarra. Aitaren aita, Lezotik zetorren (bigarren gerra karlistan Ahetzera etorria). Mattin aitarenenean jaio zen mundura, Ahetzen, Harrieta laborari-etxean, 1916ko azaroaren 11n, San Martin egunez. Eguneko santuaren izena du, alegia, bertsolariak. Zenbait urtez bizi izan zen han, eta, ondoren, handik gertu aitonak erositako etxe batera aldatzea erabaki zuten gurasoek, hain zuzen ere Kaxandegia etxera. 1940an Moulienia baserrira aldatu zen familia, eta ordutik aurrera han bizi izan zen beti. Han bizi dira oraindik Mattinen oinordekoak.

Sei urterekin hasi zen eskolan, eta han frantsesez egiten zuten. Ez zen erraza izan eskola garaia Mattinentzat, etxean euskara hutsean egiten baitzuten. Aitak harrobian lan egiten zuen, ama etxerik etxe zebilen jostun. Etxean askotan lagundu behar izaten zuten berak eta bere bi arrebek. Maria Terexa eta Maria Luixa zituen arreba Mattinek.

Zazpi urte inguru zituela egonaldi bat egin zuen Getarian, osabarenean, baina laster itzuli zen Ahetzera.



Hamabi urterekin eskola utzi zuen. Ahetzen bertan hasi zitzaion bertsoekiko zaletasuna Mattini. Bestalde, bertsoak irakurtzeko eta idazteko ohitura ere bazuen. Aitarekin hasi zen lanean plazako agure baten etxean. Garai hartan hasi zen bertsotan Mattin. Aita ere kantuzalea zuen. Gainera, Amaren lehengusu bat ere bertsolaria zen, amaren aldeko aitonak bertso zahar asko kantatzen omen zituen, eta aitona haren osaba bat ere bertsolari izana zen. Bertsozaletasuna, hortaz, familiagandik jaso zuela esan daiteke.

Soldaduskatik itzulitakoan, osaba batekin hasi zen lanean Mattin, Ahetze inguruko bideak antolatzeko lanetan.

1940an Moulienia izeneko etxaldea erosi zuen Treku familiak. Bertara ezkondu zen Mattin, 1947an, eta han bizi izan zen geroztik beti. Senperen jaio eta Arbonan bizi izandako Mari Olandiregi izan zuen emazte. Laborantzatik bizi izan ziren, ganadua eta ortua mantentzen zuten. Baserrikoaz gain, Mattinek izan zuen beste ofiziorik ere: ile moztailea zen, herriko haurrei eta familiakoei berak mozten zien ilea.

Familiako gizona omen zen Mattin, bertsolari edanzale arlotearen mitoaren kontra. Lehen bi semeak galdu egin zituen bikoteak. Hirugarren semea, Jean Pierre, ostera, osasuntsu hazi zen. Postari lanetan ibili zen semea eskolakoak bukatuta. Lana zela-eta Parisen izan zen denboraldi batez. Bada, asko dira semearen falta dela-eta Mattinek kantatu izandako bertsoak.

Nabarmentzekoa da Mattin bertsolaria bikotean irudikatzen duela bertsozaleak, Mattin-Xalbador bertso-bikotea ezaguna da han-hemen. Mattinek, bertso-kide leial eta lagun izan zuen Xalbador bertsolaria. 1946az geroztik urteak eta urteak egin zituzten elkarrekin kantuan mugaren alde bietako bertso-giroan. Izan ere, Donibane Lohizunen egindako txapelketa batean ezagutu zuten elkar.

Mattin 1933an hasi zen bertsotan, Saran, Larralderi erantzunez, hark gazteen kontrakoak esan eta erantzun beharrez, alegia. Geroztik, urtero gonbidatu izan zuten bertara. Hara bertsolariaren hitzak une hari buruz:

"Baina egun hartan bertsulari bakarra zen, Panpale erraten ziotena, Luhusokoa, Larralde deitura. Etzuen lagunik, bere lehengo lagun denak hil-eta.

Bertsutan bakarrik ari zen, erranez orduko gazteak etzutela bertsutarako alderdirik; nahiago zutela ostatura gan, mozkortu eta han egon; etzirela lehengoak bezalako gazteak...

Ni berriz ez nintzen atrebitzen, deus ere edan ez nuelako; zerbeit ere edan izan banu kuraia gehiago izango nuen horretarako. Bainan orduan lagunek behartu ninduten; heiek ereman ninduten, eta haren aldean jarri mahain baten gainean. Eta hantxe, nahi ta nahi ez, hasi egin behar... Orduantxe hasi nintzen lehendabiziko, plazan, Panpale harekin...".

(Mattin, 1971)

1946an jokatu zen Donibane Lohitzunen iparraldeko lehenengo txapelketa, eta bertan parte hartu zuen Mattinek, beste zazpi bertsolarirekin batera (Xalbador, Zubikoa, Etxahun, Felix Iriarte, Goikoetxea eta Meltxor). Etxahun Iruri izan zen ordukoan txapelduna. Hurrengo urte bietako txapelketetan Mattin izan zen txapelduna, Ezpeletan era Donibane Garazin.

Iparraldeko eta hegoaldeko bertsolariak norgehiagokan aritu ziren txapelketetan ere parte hartu zuen Mattinek. Bai eta Euskal Herriko txapelketetan ere, hain zuzen ere 1960 eta 1967 artean egin ziren Euskal Herriko txapelketa nagusi bitan.

Bestelako sariketetan ere aritu zen, esaterako, Donostiako Anoetan, 1968ko otsailaren 4an eta 11n egindako "Ehun mila pezetako sariketa handian", Leitzan (1070), Bergaran (1970) era Gernikan (1970) egindako hainbat sariketatan; azken horietan Xanpun ere aritu izan zen.

Txapelketako bertsolari baino, plazako gizona zen, ordea, Mattin; erantzun azkarrekoa eta bixia zen bertsotan; gozoa eta atsegina ei zen, gainera, irribarre gozoak eginarazten zituena. Halaxe diote hari buruzko hitzok:

"Urrundik so egin eta, gizon tipito lodi bat duzu ikusiko. Bainan hurbiltzearekin, haren begiak dira bakarrik ageri: begi batzu dena malezia, halako irri maltzur batekin. Haren begiek ere ikusi zaituzte: ohartu dira bereala nun dukezun lotkia pertsu baten botatzeko."

(Herria, 1963-III-21).

Mattinek berak ere, halaxe definitzen du bere burua bertsolari gisa:

"Edozein herritarajoan eta alkateak, apezak eta denak adixkideak dítut. Denek ezagutzen naute. Oraíko gazte-gazte hoiek ez; bainan beste guziek bai.

Baita neskazar eta hoiek ere, beti hoiekín atakadan ari nintzen eta, jendeari parre puxka bat egin arazteko.

Neronek gostu haundía izaten nuen jendeari parre egin araztea, eta beti nere ahalegina egiten nuen hortarako. Hori izan da nere bertsutarako dohaina plazetan. Bertsulari sakona baino, hobea nintzen hola: alegera eta omoretsua.

Lehen, bertsutan ibili eta hurrengo egunean etxean banintzen, omorea ízaten nuen nik, eta komonera joanta ere bertsu kantari arítzen nintzen".

(Mattin, 1982)

Pariseko euskal etxean bertsotan izan zen 1958an, 1960an eta 1969an. Ameriketan ere izan zen bertsotan 1960an, hain zuzen ere, hilabete bat eman zuen Reno, Backersfield, San Francisco eta hango inguruetan lagunarteko bertso afarietan eta bazkarietan kantuan.

1972an urteko bertsolari hoberenaren saria irabazi zuen.

Idazteko ohitura ere bazuen. Haren bertsoak Ahal dena (Auspoa, 108), Etxe xokotik kantari (Auspoa, 151) eta Herria astekariaren hainbat aletan ikus daitezke. Omenaldietara joan ezin eta idatziz bidalitakoak ere baditu. Izan ere, hainbat omenaldi egin izan dira bertsolariari gorazarre egiteko: bertsozaleek eta bertsolariek Donostiako Astoria zinema-aretoan eskaini ziotena, adibidez, 1972ko urtarrilaren 16an. 1977an beste bat izan zuen, Miarritzen; Ahetzen 1978an, apirilaren 30ean; 1981ean Oiartzunen, ekainaren 7an; urte berean, Usurbilen, uztailaren 4an. Bada azken hori izan zen Mattinen azken agerraldia bertsotan (agurra kantatu zuen), uztailaren 22an hil baitzen.

Azken urteak diabeteak jota eginak zituen. Traktorearekin istripu larria izan zuen tartean, gainera. Gaixotasunaren diagnostikoarekin batera utzi zion Mattinek plazan kantatzeari, nahiz eta omenaldietan bertsoak kantatzen zituen edo beste norbaitek kanta zitzan idazten zituen.

Beste omenaldi hunkigarri bat izan zen Ahetzen, Mattin hil berri zela, 1987ko uztailaren 18an. Heriotzaren 10. urteurrenean beste omenaldi bat ere izan zen, eta orduantxe jarri zioten eskultura herriko plazan. Gerora, 2006an (urrian) ere omendu zuten Urepelen, Xalbadorren eguna tarteko, bai eta Ahetzen ere, azaroaren 12an.

Hari buruzko hainbat liburua dira Auspoa sailean: Ahal dena (Auspoa 107 - 1971) eta Etxe xokotik kantari (Auspoa 151 - 1981), Mattin nere gizona (Auspoa 158 1982), Mattin bertsularia, Mattin eta Mari Treku, (Auspoa 298 - 2006) eta Mattin eta Xalbador (Auspoa 301 - 2006).



Mattinek berak idatzitako liburuak dira aipatutako lehenengo liburu biak. Bertan jasotzen dira, esaterako, Oxobi zirenaren hitzak, Mattinek umetan zuen zirtolari famaz eta bere lehen ibilerez; horrez gainera, Mattinen beraren bertso jarriak eta bat-batekoak (batzuk berak zuzenduak) daude jasorik, erabilitako bertso-doinuen partitura eta guzti. Bigarren liburua, baina, ez zuen Mattinek argitaraturik ikusi, inprimategira eraman aurretik hil baitzen. Ondoren ondu zuen Mattin zenaren andreak gizonari buruzko Mattin nire gizona; bertan, gizonak kontatzen zituen gertakizunak eta andreak berak gogoan zituenak biltzen dira. Zenbait urteren buruan, Antonio Zabalak hiru liburu horiek bakarrean bildu zituen, bai eta Xalbadorrekin egindako ibilbideaz mintzo ere beste liburu batean.

Esan bezala, Antonio Zabalaren liburuak aurreko liburuak biltzen ditu; aurreko liburuez, hala dio hitzaurrean:

"Lehenengo liburua, Ahal dena izenburua duena, 1971 urtean agertu zen, eta Auspoaren 108 zenbakia egin zuen. Mattinek paperean emandako bertsu sail andana bat biltzen du, eta jende aurrean kantatutako beste zenbait bertsu ere bai. Azken hauk, jende aurrean kantatuak, mañetofonotik hartuak dira, noski.

Bigarren liburua handik hamar urtera etorri zen, 1981-ean, eta Auspoaren 151 zenbakia duo Hau ere Mattinek papelean eman bertsuek eta jende aurrean kantatuek osatzen dute.

Hirugarrena, berriz, ez da Mattinek izkiriatua, haren alargunak baizik. Mari beraren izena. Eta liburuarena: Mattin, nere gizona. Hau 1982 urtean aza1du zen, Auspoaren 158 zenbakia eginez."

(Zabala, 2006)

Sendoa argitaletxeak plazaratutako haurrentzako bertsolariei buruzko bilduman ere badu bere alea Mattinek (Mattin, Sendoa, 2000).

Mattinen irudiari buruzko bertso aipagarria da, esaterako, Lazkao Txikik bota zion bertsoa, Mattin omenduko zutela jakin zuen batean:

Bulto txikia daduka bañan
ain da gizon atsegiña,
bere lagunez biotz barrendik
egiten du alegiña;
gizon bezela aingerua da,
txória balitz pinpiña,
pozak kantatzen dakiena ta
penak gordetzen dakiña.

Lazkao Txiki