Arkitektura

Tourseko San Martin Eliza. San Martín de Unx

Dakigunez, parrokia hau 1156ko azaroaren 3an sagaratu egin zen. Unxeko San Martin herriko alde altuenean kokatua dago, hirigunea bere altuerarekin menperatuz. Jatorriz fabrika erromanikoa zuen, gotikorako aurrerapen nabarmenekin. Esan bezala, XII. mendean eraiki zuten, baina eraldaketa sakonak egin zitzaizkion. XIV. mendean koru jasoa gehitu zitzaion, XVI.enean elizpea berreraiki zuten, aurrekoa tximista batek suntsitu zuelako, eta XVIII. mendean jatorrizko fabrikari hirugarren nabe bat gehitu zitzaion Epistolaren aldeko murruan. Azken interbentzio handia 1977an egin zen, garai horretan hondaturik zegoen dorrea desmuntatu zuten eta. Bestalde, eta elizaren zati erromanikoari dagokionez, bi une ezberdinetan eraiki zela pentsatu ohi da, ezberdintasun nabariak daudelako nabeen altueran, eta ganga eta arku fajoietan.

Dirudienez, eraiki zuten lehen zatia burualdea eta bere azpian dagoen kripta izan zen, azken hau lurrean dagoen desnibela orekatzeko asmoz. Hortik aurrera lanek jarraituko zuten tenpluaren oinalderantz, hantxe ikus daitezkeelako osagaiak protogotiko gehienak, hala nola profila zorrotza duten ganga eta arku fajoiak. Hala ere, esan egin behar da tenpluan izandako azken interbentzioek kolokan jarri dutela azken hipotesi hau.

Oinplanoan, erdiko nabea, zaharrena, hiru ataletan banatua doa, gehi burualdeko absidea, eta kanoi ganga jaso zuen, lehen atalean izan ezik, hor gurutze ganga sinple bat dagoelako. Azken atal honek, gainera, itsatsita darama beste barrundegi bat, elizako arkupe bezala balio duena. Nabe honen alboetan beste bi daude. Epistolaren aldekoa ganga izarratuekin estalita doa, eta burualdean sakristia darama. Ebanjelioaren aldeko nabea, berriz, nabarmenki motzagoa da.

Barnealdean zati bakoitzaren altxatua garai hartan indarrean zegoen estiloarekin bat dator, guztietatik interesgarriena gotikoari dagokiona dela esan daitekeelarik. Presbiteriotik gertu eta Epistolaren aldeko murruan, kriptara jaisteko eskailera biribil bat dago. Kriptaren oinplanoa elizaren burualdearekin eta nabearen lehen atalarekin bat dator. Modu honetan, kriptak berak eliza txiki baten itxura hartzen du, hiru ataletan banatuak dauden hiru naberekin, gehi burualde erdizirkularrarekin. Arku formeroak eta fajoiak erdi puntukoak dira, eta itxura zakarreko hamabi zutabeen gainean doaz.

Kanpoaldean elizaren sarrera aurki daiteke, XII. mendekoa. Erdi puntuko arku handi batez irekita doa, zeihartasun handikoa, eta arkiboltak lau angeluko sekzioa duten zutabeen gainean doaz. Kapitelak historiatuak dira, eta bertan irudikatu zuten, besteak beste, San Martin bere soingainekoa eskalearekin banatzen, eta Sanson lehoiarekin. Ate hau babestuz aterpe modernoa dago, nahiz eta Erdi Aroko beste elizpe baten zatiak eta XVIII. mendeko harrizko armarri rokoko bat ere bertan ikus daitezkeen. Esan bezala, gainera, arkupe hau garai batetan Erdi Aroko dorrea zegoen tokian doa, eta hondatutako dorre hura desmuntatu zenean kokatu zuten hemen. Ebanjelioaren aldeko murruan, XVIII. mendeko nabea dagoen tokian, Sengaritz izeneko herri abandonatutik ekarritako portada dago, xumea baina era berean interesgarria.

Garai bateko erretaula nagusia, San Martini dedikatua, Ebanjelioaren aldeko murruan dago gaur egun. XVI. mende bukaerakoa da, Erromanismoaren garaikoa, eta diseinu arkitektoniko markatua du. Banku handia darama, eta hiru kaleko bi atal ditu. Bi atalen artean friso bat ikus daiteke, biluzik doazen umeekin apaindua, eta obra guztia orden konposatuko zutabeekin antolatua dago. Gainean atiko hirukoitza dago.

Ikonografiari dagokionez, mukulu biribileko irudiak eta erliebeak daude txandaturik. Honela, bankuan honako erliebe hauek ikus daitezke: Jesus Kalbario bidean, lau apostolu eta Pietatea. Hauen gainean, lehen atalean eta erliebean ere, Azken Afaria eta Otoitza Baratzean, gehi Aita Santu ezezagun bat eta profeta bat. Bigarren atalean eta mukulu biribilean kasu honetan, San Roke eta San Sebastian daude, eta bien erdian San Martinen irudi titularra. Muturretan beste bi erliebe daude, Jesus Anasen aurrean eta Atxiloketa. Atikoari dagokionez, Kalbarioa dago, San Pablo eta San Pedroren artean, konposizioaren gainean Aita Betikoa ikus daitekeen bitartean.

Presbiterioan Santa Zita izeneko baselizatik ekarritako Amabirjinaren irudi gotikoa ikus daiteke gaur egun. Urregintzari dagokionez, Martín José de Larumbe Iruñeko zilarginak egindako ekisaindua dago, XVIII. mendekoa eta urreztatutako zilarraz egina. Apainduraz betea dago, garaiko estiloari dagokion moduan.