Historialariak

Torre Campo, Joseba de la

Ekonomiaren historialaria, 1961ean Iruñean (Nafarroa) jaioa.

Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan burutu zuen Historiako lizentziatura, 1984an, eta doktoregoa ere unibertsitate berean erdietsi zuen, 1989an. 2004-2007 bitartean Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko dekanorde izan zen, eta 2007-2011 bitarterako dekano aukeratu zuten.

Ekonomiaren Historia Garaikidean kokatzen dira bere ikerketak, batez ere Nafarroako egoerari begira. 90. hamarkadatik aurrera, XVIII. mendearen bigarren erdialdean eta XIX.en mendean Nafarroan gerrek eta erabaki instituzional nahiz politikoek ekonomiarekin, finantzekin eta udalen eta talde sozial ezberdinen (burgesia, nekazariak) egoerarekin zituzten erlazioak ikertzeari ekin zion. Besteren artean, "Adopción de innovaciones: dependencia de la secuencia histórica y teoría económica" (2000-2001) eta "Navarra en el crecimiento económico de la Europa de las regiones, Siglos XIX y XX" (2002-2005) ikerketa proiektuen baitan burutu zituen bere ikerlanak.

Gai hauen inguruko hainbat artikulu eta liburu argitaratu zituen orduan; besteak beste:

  • Los campesinos navarros ante la guerra de la independencia: quiebra de la hacienda municipal, venta de bienes concejiles y conflictividad campesina en Navarra al final de la crisis del antiguo régimen. Bartzelona: Universitat Autònoma de Barcelona, 1989.
  • Los campesinos navarros ante la guerra napoleónica: financiación bélica y desamortización civil. Madrid: Ministerio de Agricultura, Pesca y Alimentación, 1991.
  • "Patrimonios y rentas de la nobleza y de la burguesía agraria en la Navarra de la revolución liberal (1820-1865)". Agricultura y sociedad; 67. Madrid; Ministerio de Agricultura, Pesca y Alimentación, 1993, 93-124 orr.
  • "Revolución burguesa y privilegios fiscales: La Hacienda Foral de Navarra (1780-1860)" (M. GARCÍA-ZÚÑIGArekin batera). Non: Antiguo Régimen y liberalismo: homenaje a Miguel Artola (2. alea). Madrid: Universidad Autónoma de Madrid / Alianza Editorial, 1994; 81-96 orr.
  • "El asalto a los bienes comunales. Cambio económico y conflictos sociales en Navarra, 1808-1936". Historia social; 37. Valentzia: UNED Alzira-Valencia, 2000, 75-96 orr.

2000. urteaz ondorengo lehen hamarkadaren erdialdetik aurrera, bere interesak XX. mendeko gaietara iragango dira, aurreko urteetako ikergaiak bazterreratuko ez baditu ere. Garai honetan Nafarroako Unibertsitate Publikoan garatuko dituen ikerketa proiektuek, hain zuzen ere, aurreko urteetako interes hauen mantenua agertzen digute: "Enigmas del común: pervivencia y gestión de recursos comunales en comunidades rurales europeas" (2006-2009), eta "Los provechos de común. Un enfoque histórico sobre la propiedad, uso y gestión comunitaria de recursos y sus efectos ambientales y sociales" (2010-2012). Alabaina, Frantzia eta Italiako unibertsitateetan landuko dituen ikerketa lanek, ondorengo garaietako interesetara bideratuko dute; honakoak izango dira bere egonaldiak: Maison Sciences de L'Homme (Paris, Frantzia) deritzonean, 2002 ("Planificación económica"), 2004 ("Relaciones económicas entre Europa y España (c. 1950-1975)") eta 2006an ("Relaciones económicas y financieras hispanofrancesas (1945-1975)"), eta European University Institute delakoaren EU Historical Archives sailean (Florentzia, Italia), 2008an ("Migraciones y desarrollo económico en Europa (1950-1975)").

Hortaz, beti ere Nafarroako testuingurua espazio nagusitzat duela, XX. mendeko industrializazio prozesuak eta hauen ondorioak izango ditu ondorengo garaietan ikergai nagusi, eta espezifikoki, alde batetik migrazio fenomenoen inguruan, eta bestetik autoen industriaren garapenaren inguruan ere zenbait ikerlan burutuko ditu; aipagarri:

  • "Instituciones, empresarios y mercado: la industrialización de Navarra bajo el franquismo". Historia industrial; XIV (27). Bartzelona: Universitat de Barcelona, 2005, 121-161 orr.
  • "Trabajadores, empresarios y tecnócratas en el desarrollo industrial de Navarra (c. 1950-1980)". Jerónimo de Ustariz; 22. Iruñea, Instituto Jerónimo de Ustariz, 2006, 75-103 orr.
  • "Industria del automóvil y desarrollo económico regional: la experiencia de Navarra (c. 1955-1980)". Investigaciones de historia económica; 9. Madrid: Universidad Complutense de Madrid / Asociación Española de Historia Económica, 2007, 109-140 orr.
  • "Entre la inercia y el cambio: Evolución del gasto público en Navarra, 1900-1970" (M. GARCÍA-ZÚÑIGArekin batera). Non: LANA BERASAIN, J.M. (arg.): En torno a la Navarra del siglo XX: Veintiún reflexiones acerca de Sociedad, Economía e Historia. Iruñea: UPNA, 2002, 215-235 orr.
  • "Cambio económico y triunfo de la burguesía. Navarra a mediados del siglo XIX". Non: Joseph Fontana: Historia y proyecto social. Bartzelona: Crítica, 2004, 907-924 orr.
  • "Emigraciones y coyuntura económica en Europa, c. 1950-85" (G. SANZekin batera). Non: Migraciones y coyuntura económica del franquismo a la democracia. Zaragoza: Prensas Universitarias de Zaragoza, 2009, 11-61 orr.

Azken lan kolektibo honen koordinatzaile lanak ere egin zituen, Gloria Sanz Lafuenterekin batera.

Bere lanen etekinak hainbat nazio-mailako nahiz nazioarteko kongresu, sinposio, seminario eta hitzalditan azaldu izan ditu, batez ere Euskal Herrian eta Espainian zehar, Europako lurraldeetara ere irtenaldiren batzuek eginaz (Helsinki, Finlandia, eta Aberystwyth, Bretainia Handia). Bestalde, Historia industrial eta Investigaciones de historia económica aldizkarietan berrikuspen lanak eginak ditu (2004), eta Asociación Española de Historia Económica-ko Zuzendaritza Kontseiluko partaidea da, sufragio bidez 2008-2011 aldirako hautatua.