Ikertzaileak

Tornamira, Francisco Vicente de

Kosmografo nafarra. Tutera, 1534 - Tutera, 1597ko abuztuak 24.

Bibliografo batzuk bere sehaska Tarazonan kokatzen duten arren, Tuteran jaioa izatea litekeena da (bere lanetako atariko orrialdean horrela zioan). Bere bizitzaz ezer gutxi dakigu: agian, amaren abizena (Vicente) bere aitarenaren aurretik jarri zuen, beharbada bere auzo birengandik bereiztearren; eta Ana Buenorekin ezkondu zen, hamar seme izanez bik bestek aurrera eginez.



Tornamiraren ospea bere Chronografía y repertorio de los tiempos (1585) idazlanetik datorkio. Egileak Falcesko Markesari testuaz aurretik egindako eskaintza baten hauxe zioan: "no tiene los grados de ciencias que en las escuelas se dan, ni profesa el hábito de ellas". Tornamirak berak Morako Jauna lez izenpetzen du eta ez du beste inolako unibertsitate titulurik gehitzen. Lanaren idaztera eta edukiak heziketa bikaina eta, beharbada, bere bizitza guztian zehar astronomiagatiko interesa izan zituela pentsaraztera garamatza. Chronografíak 162 idazpuru eta 88 lamina ditu. Jardundako gaien artean, aipagarriak: unibertsoaren sorkuntza; filosofiaren atalkatzea; zeruan astroen mugimenduaz; konstelazioak, zirkulua eta Zodiakoa; unibertsoaren kronologia; egutegi zahar eta modernoak, eta eguraldi-iragarpenak. Bertan Tronamirak Lurraren mugimenduari eta munduaren sistema ez geozentrista bati buruzko aukerari dagokion heliozentrikotasunaren teoria arbuiatu egiten du. Hala ere, ohiko eredu ptolemaikoa azaltzeaz ez du nahiko, eta garai hartako parametroetarako planeten mugimenduaren azalpen nahiko zehatza adierazten du, zorrotza ez baina.

Beharbada, sistema heliozentrikoa arbuiatzen zuen -Nicolas Copernicoren De Revolutionibus (1543) idazlanean zena-eta inola ere modernoa ez den idazlan batek bere garairako balio handiko ziren elementuak nola aurkeztu ditzakeen ez da ulerterraza. Kosmografo tuterarraren ekarpena gehien ikasi duen Javier Bergasaren hurrengo hitzok argi erakusten dute lanaren benetako garrantzia: "La obra de Tornamira, que sigue totalmente la concepción ptolemaica del Universo y de la física aristotélica, queda como uno de los últimos jalones de una Cosmología que terminará siendo desbancada por una nueva visión del Universo.... Pero no pensemos que [por ello] queda desfasada y pierde su interés científico, ya que por una parte aparece en un difícil momento de transición y por otra...se continuarán publicando obras basadas en sistemas geocéntricos durante los siglos XVI y XVII".

Chronografíatik arretarik handiena izan zuen idazpuru berezia Egutegiarena izan zen, garai hartan berari zegokion erreforma eginaz zebiltzalako (1582an, Gregorio XIII Aita Santuaren bularen bitartez). Tornamirak astronomia-ezagutzak gregoriar-zuzenketak zekartzan denboraren zenbaketarako aldaketari egokitzea beharrezkotzat jotzen zuen. Ohiko sistema ptolemaiko soila aurkeztera mugatzetik urrun, Tornamirak egutegientzako eta baita izarren altuerarentzako ere taula berriak kalkulatu zituen. Eta, egia esan, egutegiaren erabilera hil edo bizikoa zen Liturgiaren jai-egunak ezartzeko, horren arabera Korpus Eguna eta Garizuma bezalako eguneroko kristau-bizitzaren jaikizunak programatzen baitziren. Egutegiaren kontrolak zeukan garrantziaren ideia bat hiru gizaldi beranduago matematika-idazlanetan oraindik ere etengabe erantsi egiten zirenak adierazten digu.

Chronografíaren ostean bere bigarren Traducción del Kalendario Gregoriano de latín en español (1591) deritzon idazlana burutu zuen, Tornamirak bertan denboraren neurketari buruzko arau eta azalpenak emanez.