Kontzeptua

Tolosako Inauteriak

Mozorroa eta hari buruz, harekin eta haren bidez egiten den irudikapena da antzezpenaren funtsa, hala bakarka nola kolektiboki egindakoa. Mozorroa ez da jantzi bakarrik egiten, mozorroak ematen duen papera hartu behar da.

Bakarkako mozorroen artean, aurki ditzakegu arruntenak, hots, urtez urte ohikoenak bilakatu direnak (apaiz, gotzain, moja, militar, umezain, etab.), eta aurki ditzakegu berritzaileago direnak, edo garai jakin bat irudikatzekoak (filmetako pertsonaiak, herrialdeetako presidenteak edo hedabideen eskutik herritarrengan eragin handia izan duten pertsonaiak).

Kolektiboen artean, konpartsak ezinbestekoak dira. Mozorroak ezberdinak dira garai historikoen arabera. Horrela, txirrindulari mozorrotutako kolektibo baten alboan, modako film ospetsu bateko pertsonaiak irudikatzen dituzten mozorroak aurki ditzakegu, jantzi deigarri eta koloretsuz jantzita.

Txantxoak katamalo batekin atera ohi ziren. Hori aprobetxatuz, bihurrikeria ugari egiten zituzten, esate baterako, konfetia neurrigabe erabiltzea:

"Herri honetako Udalak jakinarazten du, atzoko saioan adostu zela Inauteri-igandean horrenbeste konfeti botatzearen debekua; eta Inauterietako hiru egunetan entretenimendu hori baimentzen bada ere, kolore bakarreko konfetiak erabiliko dira eta debekatuta gelditzen da lurretik jasotzea berriro jendartera botatzeko". (1901eko bandoa).

(Itzulpen moldatua gaztelaniatik)

Partaidetza ez zen bat-batekoa eta askea. Zenbait alderdi Udal aginduen baitan egitekoak ziren, 1847ko testu-zati honetan ikus daitekeenez:

"...hil honetako bederatzigarren egunez zuk egindako eskaria ontzat ematen dut, hots, adierazitako hiru mozorro-dantzaldiak egitekoa, eta hiriburu honetako herritar baketsuek ohiko egunetan kaleetan zehar mozorro berak erabili ahal izatekoa, ziur egonik ez dela neurrigabekeriarik egingo eta ziur egonik, era berean, dibertsioan direnen artean edozein atsekabe gertatzea ekidingo duzula...".

(Itzulpen moldatua gaztelaniatik)

Lokal publikoei dagokienez, baziren mozorro desiragarriak alokatzeko eta, are, erosteko dendak. Edo girotzeko lokalak, ordutegi zehatz bat zutenak:

"... 1. - Inauterietako hiru egunetan edaritegiak ezingo dira eguna zabaldu aurretik ireki eta kafetegiak gaueko hamabietan itxiko dira, tabernak hamaiketan eta sagardotegiak hamarretan. Tolosa, 1902ko otsailak 8".

(Itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Amaitzeko, sutzarrak ezin dira aipatzeke utzi. Hiru egun nagusietako gauetan estrapuak (txalupetan arrauna toletera lotzeko erabiltzen diren kalamuzko uztaiak) erretzen ziren eta, bide batez, argia lortzen zen iluntasun betean.