Kulturalak

Tokyo-ko Euskal Etxea

Tokyo-ko Euskal Etxea (laburki TEE) 2009.ko maiatzan sortu zen, japonieraz Shadan Hôjin deitzen den nortasun juridiko korporatiboa lortuz. Urte bereko abenduan Euskaditik kanpoko Euskal Gizataldeetako bat bezala onartu zuen Eusko Jaurlaritzak.

TEEren helburu nagusia, bere estatutuen arabera, Euskal Herria eta Japoniaren arteko harreman kultural, ekonomiko eta akademikoak sustatzea eta mantentzea da. Helburu hauek gauzatzeko, Euskal Herria eta Japoniako herritarren arteko trukea laguntzen eta bultzatzen du TEEk. Elkarte honek helburu ez-lukratiboak dauzka eta, bere jarduerak nagusiki esparru kulturetan kokatzen dira. Jarduera horiek gela publikoetan, unibertsitateko aretoetan, eta euskal edo espainiar jatetxe-tabernetan antolatzen ditu TEEk, ez baitauka egoitza propiorik. Elkartearen kultur-ekintzak ez dira Tokion bakarrik antolatzen, baizik eta beste hiri handietan ere; esate baterako, Yokohaman, Nagoyan eta Kôben.

Izen ofizialari buruz, "Tokyo-ko Euskal Etxea" euskarazko izena da elkarteak duen bakarra, nahiz eta japoniera, ingelesa edo gaztelerara itzulitako izenak maiz erabiltzen diren. TEEren estatutuek ez dute zehazten zeintzuk diren erakundearen barruko hizkuntza ofizialak. TEEren jardueretan gehienbat erabiltzen diren hizkuntzak japoniera eta gaztelera dira. Hala ere, elkartearekin harremanetan jartzen diren pertsonekin euskaraz edo frantsesez ere komunika daiteke.

Azpimarratzekoa da TEE sortzeko ekimena euskal kulturarekiko interesa zuten jatorrizko japoniarren artean jaio zela batik bat, nahiz eta TEEko lehenengo eta bigarren lehendakariak Euskadin jaioak izan (Paulo Berriozabal eta Jon Veráztegui).

TEE eraikitzeko ideia, Euskal-Japoniar Elkarteko (Sociedad Vasco-Japonesa (laburki EJE/SVJ)) zenbait bazkideen artean jaio zen. EJE, 2006.an Tokion bertan sortutako erakunde pribatu bat da. EJEko bazkide gako batzuek bere erakundea Euskal Etxera aldatu nahi zuten. Baina EJEren helburuak ez dira euskal hizkuntza eta kultura Japonian zehar zabaltzea bakarrik, baizik eta baita Japoniako hizkuntza eta kultura Euskal Herrian ezagutaraztzea ere. Horretaz gain, EJEren helburuak ez dira beti ez-lukratiboak munduko beste euskal etxeak bezala. Horregatik, EJEko bazkide gako horiek Tokyoko Euskal Etxea EJEtik aparte eraikitzea erabaki zuten. Izan ere, gaur egungo TEEko bazkide nagusi guztiak EJEko bazkideak dira ere. Halaber, TEEko antolakuntza EJEkoarekin batera osatzen da askotan.

EJEko bazkide kopurua 100dik gorakoa izan zen 2011 urtean. 2013an berriz 70 inguruan mantentzen da. TEEko bazkide kopurua aldiz ez da inoiz 10 baino gehiagokoa izan, TEE eta EJE bata bestearen osagarri bezala funtsionatzen dutela aldarrikatzen bada ere.

TEEko bazkidetza irekita dago bertako helburuekin bat datozen pertsona guztientzat. Bazkide bakoitzak TEEko batzar nagusian parte hartzeko eskubidea dauka, baita arduradunak eta kontu-ikuskariak hautatzeko eskubidea ere. TEEko estatutuek gutxienez hiru eta gehienez zazpi arduradun eta gutxienez bat eta gehienez hiru kontu-ikuskari behar direla diote. Eta arduradunen artean bakar bat lehendakari hautatzen da.

Goian aipatu den helburu nagusia gauzatzeko, aurreproiektu batzuk prestatzen ari zituen TEEk baina, 2011ko martxoan Fukushima (Tokiotik 200 kilometro inguruan dagoen probintzia) herrialdean izandako ikaragarrizko hondamenaren (lurrikara, tsunamia eta istripu nuklearra) ondorioz, bere jarduerak ia gelditu egin ziren. TEE momentuz bere ekintzak berreskuratzeko fasean badago ere, bere jarduera nagusiak horrela laburtu daitezke.

  1. Euskal gaiei buruzko hitzaldi publikoak.
  2. Oinarrizko euskara ezagutzeko ikastaldiak.
  3. Euskal edari eta janariak aprobetxatzeko aukerak.