1916ko urtarrilaren 1ean Idiazabalen jaiotako organista, txistularia, zuzendaria, musikagilea eta irakaslea. Jaioterrian hil zen, 1997ko irailaren 14an.
Hamar urte zituela hasi zituen musika ikasketak, Jose Galo Zudaireren eskutik. Harengandik ikasi zituen solfeoa eta pianoa lehenik, eta ondoren organoa eta harmonia ikasi zituen, elizan kantatzen ziren pieza gregorianoak organoari laguntzen ikasiz. 1935ean txistulari plaza bat deitu zuten lehenik Beasainen, eta Victorianok txistua jotzen ikasi zuen. Behin plaza lortuta hamasei urtez egon zen bertan. Jose Galo Zudaireren heriotzaren ostean, Idiazabalgo organo-jotzaile postuan izan zuen bere lekua. Harrezkero, txistulari, parrokiako koruaren zuzendari eta solfeo irakasle lanetan aritu zen.
