Kontzeptua

Sunpriñua, Sunprinua

Euskal Herrian erabili izan dira "oboe" motako soinu-tresnen artean, badira soinu-tresna hauen bilakabide prozesuaren hasiera erakusten diguten landare edo zuhaitz adarren azalarekin egindako oboeak. Hauek, ezagutzen diren mihi bikoitzeko soinu-tresna sinpleenak dira. Batzuetan oboe hauen pita eta gorputza, dena azal puska berarekin egiten da; batzuetan digitaziorako zulorik gabe eta besteetan doinuak jotzeko zuloak dituzte. Oboe mota hau munduan zehar ezaguna da eta Europan esate-baterako, hegoaldeko muturretik iparraldeko muturreraino egin eta jotzen dira, edo erabiliak izan dira. Horretarako, tokian tokiko, honako landare hauen azalak erabiltzen dira: lizarra, intxaurrondoa, sahatsa, urkia, gaztainondoa, hurritza....

Gure artean mota horretako bi soinu-tresna ezagutzen dira: digitaziorako zulorik gabeko Araitz-Beteluko "tronpeta" edo "tutubia" eta digitaziorako bi zulo dituen Larraungo sunpriñua.

Sunpriñua ez da batere ezaguna gaur egun, erabat galdua dago eta. Nafarroako Larraungo bailaran, Aralar mendian ibiltzen ziren artzainak izan dira azkeneko sunpriñu-jotzaileak. 936ko gerra bitartean normaltasun osoz jo izan dute, geroago ere baten batek jo izan du noizbait.

Sunpriñua, hurritz makil bati kentzen zaion azala zinta luze batez egiten da. Metro t'erditik bi metro arteko makila luze, makila garbi eta begirik gabekoa behar da. Labanarekin bueltan-bueltan, sei bat zentimetroko zabaleraz, espiralean markatzen da, azalean ebaketa bat eginez. Gero mutur batetik hasita, markatutako azal zinta luze bat makilatik askatzen da. Hau egin ahal izan dadin, hurritz makilak izerdiz beterik egon behar du. Horregatik soinu-tresna honek badu egiteko sasoia. Sunpriñua udaberri hasieran egin behar da, udaberriaren lehen ilgoran, izerdiak gora jotzen duenean, bestela, hori gertatu baino lehen egiten bada, azala makilari erantsita dago eta ezinezkoa da osorik edo puska luzez kentzea. Horrezaz gain, hurritza landarea izerdiz betetzen denean, begi berriak sortzen dira makilaren azalean eta kentzerakoan, begi horiek eragiten dituzten zuloetatik, kentzen ari garen zinta erraz hausten da edo zuloz beterik geratzen da. Beraz, hiru bat astetako epea dugu sunpriñu onak egiteko.

Azal zinta luze hori karakol antzera estu-estu biltzen da, tutu koniko formako kukurutxo luze eta estu bat eginez, dultzaina luze baten itxura emanez. Kontu handia eduki behar da tutu bilketaren hasieran, hori izango baita oboe honen "pipitte" (pita). Horretarako, zintaren punta tolestatuko da pitaren bi mihi horiek modu egokian bibratu dezaten. Bildu eta ondoren, beheko mutur zabala askatu ez dadin, sunpriñuaren azalezko behealdeko muturra "errena" deitzen zaion elorri arantza batekin lotzen da.

Bukatzeko, tonu aldaketarako bi zulo egiten zaizkio. Hauek non egin behar diren jakiteko, sunpriñua jotzeko jarreran eskuetan hartu eta behatzak (bi erakusleak) jartzen diren tokietan zuloak egiten dira. Neurriaren arabera eskuetan hartzen da eta zuloak ere neurri horrekin erlazionaturik egiten dira doinuetarako notak eman ahal izateko.

Digitaziorako bi zulo dituenez, hiru notako doinuak jo ahal izaten dira. Pita ahoan sartu, putz egin eta doinuak osatzeko dituen bi zuloak itxi eta ireki bi eskutako behatz erakusleekin jotzen da. Sunpriñuarekin jotzen den musika edo doinu nagusiari "durunbele" deitzen zaio, eta jotzaile bakoitzak libertate handiz bere gustura jotzen zuen: batzuek behatzak azkar mugituz eta txio asko eginez, beste batzuek polikiago eta nota luzeak emanez. Entzuleek entzuterakoan berehala ezagutzen zuten momentu bakoitzean nor zen jotzen ari zena.

Larraungo bailara bi zonaldetan banatzen da: Urrizti-herri eta Ote-herri. Urrizti-herrialdean jotzen zen sunpriñua. Inguru horretako artzainak goizero igotzen ziren arditara. Gehienetan txakur eta ardiak zituzten lagun bakarrak eta hau jotzea izaten zen entretenimenduetako bat.

Artzain bati bururatu eta sunpriñua jotzen hasten zenean (bere sasoian, egoera egokian honen hotsa handia da eta urrundik entzuten da mendian), inguruko artzainek entzundakoan bat edo beste animatzen zen eta elkarrekin txandakatuz "elkarrizketa" musikal bat mantentzen zuten aspertu arte.

Arratsaldeetan, ardiak jetzi ondoren, gazta mendiko bordan egiten zutenak esku hutsik eta gazta etxean egiten zutenak (normalean etxeko beste norbaitek egingo zuen) esne marmita bizkarrean harturik, ilunabarrerako, gutxi gora-behera ordu berean, denak beren etxeetara jaisten ziren. Herrira iritsi baino lehen, sunpriñua hartu eta hasten zuten eguneroko saioa. Herritar guztiek entzuten zuten, nahiz ukuilutik, sukaldetik edo baratzetik... Hau izaten zen sunpriñu saio garrantzitsuena. Beti usadiozko leku jakinetatik jotzen zen, herritik pare bat kilometrotara zeuden lekuetatik. Hauek, sunpriñuak gordetzen ziren askak edo ur putzuak izaten ziren. Bakoitza bere tokian jarririk, han aritzen ziren ordu erdi inguruan jo eta jo, txandakatuz, ingurua "durunbele"aren musikaz betetzen, bertako jendearen gozamenerako.

Beraz, sunpriñua urruti zegoenentzat jotzen zen eta horretarako bolumen handiko hotsa eman behar zuen. Jotzeko modu egokian kontserbatzeko kontu handiz zaindu behar zituzten sunpriñuak, beti erreka putzuetako, ur asketako edo bestelako uretan sarturik gordeta. Bestela lehortu egiten da eta ez du hotsik ematen. Hala ere, uretan denbora luzea daramanean usteldu egiten da eta hiru edo lau hilabetetan hotsik ematen ez duela geratzen da. Hurrengo udaberrian berriro berriak egin beharra dago. Horregatik, udaberrian egiten zenetik "San Ferminak" arte jotzen zen sunpriñua. Dena dela bakarren batek lortu izan du azaroko "San Martinak" arte jotzea.