Arkitektura

Sortzez Garbiaren parrokia. Artozki

Artozkiko Sortzez Garbiaren parrokia XIII. mendearen hastapenean eraiki zen, Nafarroako landa erromaniko berantiarrean arras hedatutako tipologia bati jarraiki. Haatik, gerora egindako eraldaketen ondotik bere itxura aldatu egin da.

Lau ataleko eta burualde zuzeneko nabe bat dauka eta gurutzaduraren parean alboko kaperaz dago hornituta. Horiek erdi aroan izan dezakete jatorria, baina konponketa asko egin zaizkie. Kanoi-gangaz estalita dago, erdi-puntuko parpain-arku zaharrekin luzitua, koruan izan ezik, bertan zorroztua baita. Arku guztiak lobulu formako mentsuletan bermatzen dira. Korupean, eta Ebanjelioaren aldean, kainoi erdiz estalitako kapera txiki bat irekitzen da. Bertara erdi-puntuko arku bat igaroz iristen da. Oinean zurezko koru moderno bat altxatzen da. Antzinako bao bakarra, burualdean dagoen erdi-puntuko txaranbeldua da.

Kanpoaldetik silarri txikiz landutako murruak ikusten dira, alboetako lau kontrahormaz indartuak, nabearen atalak markatuz. Sarrerako atea bigarren atalean dago, Epistolaren aldean. Erdi-puntuko arku sinple bat da, eliza eraiki zen garaikoa. Atea kanpoaldetik apur bat birmoldatutako moldura batek gaineztatzen du, inposta eta mentsuletan bermatzen dena, hurrenez hurren. Atearen aurrean, pilare gainean, ateburudun arkupea dago eta oinean erdi aroko dorrea altxatzen da. Dorre horrek gorputz prismatikoa du nabearen gainean eta goialdean kanpaiak paratzeko baoak. Presbiterioaren zatian, murruan irekitako hutsune bat ikus daiteke, agian erdi aroko santutegi bat hartuko zukeena, zeinaren burdina-hesia ez den mantentzen.

Burualdean, Presbiterioan, hainbat irudi gurtzen dira: XVII. mendearen lehen erdialdeko Gurutziltzaketa bat; XVIII. mendearen bigarren erdialdeko Sortzez Garbia, rokokoa, baina apur bat kaltetua berriro pintatu ostean; Haurtxoa duen San Jose bat, barroko herrikoia; eta Santa Luziaren tailu zabar bat, jesarritako irudi bat probestuz egindakoa itxuraz, agian XVI. mendekoa.

Epistolaren aldean beste Gurutziltzaketa bat ikus daiteke, polikromiarik gabe, XVII. mendearen lehen erdialdekoa.

Sakristian irudi ugari mantentzen dira, horien artean Ama Birjina eta San Juanen irudi bat nabarmentzen dira, XVII. mendearen lehen erdialdekoak. Irudi horiek, apika, kalbario batekoak izango ziren. Gurutziltzaketa egun Epistolaren aldean dago lekutua. Halaber, beste Gurutziltzaketa barroko bat (46 x 42), XVIII. mendearen lehen erdialdeko Jesus Haurtxo bat eta zutargiko Andre Maria Doloretako bat, XIX. mendekoa, gordetzen dira.

Horrez gain, sakristian zilarrezko bi kaliza ere mantentzen dira. Horietako bat zati gotiko batekin berriro eratua, zirkulu formako oinarria duena, jadanik errenazentista, gurutze bat inguratzen duten xingola-gubil bidez apaindua. Kopan Johan maisuaren marka ikus daiteke, karaktere gotikoekin. Beste kaliza estilo gotikokoa da, dekoraziorik gabea, eta marka hauek ditu: E/LOPEZ, PP koroatuak eta 96 (egilea, hiria eta urtea, 1796, adieraziz). Orobat, zilarrezko ostia-ontzi bat mantentzen da, kaxa zilindriko sinplearen forma duena, laua, bolaz errematatuta. Tipologia horrek, XVI. mendean hedatu bazen ere, XVII. mendean ere jarraipena izan zuen. Oinarriaren atzealdean ILA marka irakur daiteke. Azkenik, San Joseren erlikia-ontzia eta bake-musu bat nabarmendu behar dira, biak jadanik XIX. mendekoak.