Kontzeptua

Sokagileak

Euskal Herrian, usadioz, sokak aire zabalean egiten ziren, jarduera horretarako leku asko behar baitzen. Gehienetan leku jakin batzuetan egiten zuten lan, herriguneetatik kanpo.

Sokagile bakoitzari ikastun batek laguntzen zion, gehienetan haurra izaten zen, Nafarroan maka esaten zitzaiona. Haur horren lan garrantzitsuena gurpilari eragitea zen.

Sokagileak lan-gunera behar ziren materialak eraman behar zituen lehenbizi. Jarraian, instalazioak muntatu behar zituen, hau da, soka batez inguratuta zegoen egurrezko gurpila (soka bikoitza esaten zitzaiona), poleei eragiten ziena; horrez gain, hainbat euskarri, materiala zuzentzen zuen kako okerra, ezpel edo gaztainondo zurezko tronpa (soka osatzen zuten hariak elkar-kiribiltzen ziren bertan), biribilkiak jasotzeko bizkartxoak, eta hainbat labana eta guraize.

Sokagileak gerriaren inguruan biltzen zituen kalamu-sortak. Hari-zuntz bat hartu eta bihurritu egiten zuen, lehen haria lortzeko. Hari hori gurpileko kakora lotzen zuen. Ikastunak tornu batekin gurpilari eragiten zion eta horrek haria birarazten zuen. Atzeraka oinez zihoan bitartean, osatzen zihoan haria luzatu egiten zuen sokagileak. Gerritik kalamu-zuntzak atera eta horiek kiribiltzen joaten zen, horrela haria osatuz. Ezkerreko eskuarekin kalamua harian sartzen zihoan (handitzen), hariak nahi zuen diametroa lortu arte. Bitartean, eskuineko eskuarekin, artilezko trapu bat hartuta, osatzen ari zen haria estutzen zihoan. Sokaren tortsio edo bihurdura maila sokagilea atzeraka ibiltzen zen abiaduraren eta kakoaren nahiz gurpilaren abiaduraren araberakoa zen. Azkenik, hainbat hari elkar-kiribilduz eta bihurrituz, sokak osatzen ziren. Erabilitako hari kopuruaren arabera, soka lodiagoak edo finagoak egiten ziren.

Sokak nahi zen luzera hartzen zuenean, tornetetan kiribiltzen zen.Torneta horiek gurutzean jarritako albo-oholek osatzen zuten. Albo ohol horiek egurrezko langetekin eta burdinazko tiranteekin eusten ziren. Tornetahori biratzeko bi kojinetek eusten zuten ardatz bat erabiltzen zen.

Lanbide horretarako trebetasun eta eskarmentu handia behar ziren. Izan ere, azken produktuaren kalitatea sokagilearen eskuen trebetasunaz gain, atzeraka mugitzean zuen erritmoaren araberakoa zen.

Artisau horiei estimu handia izaten zitzaien gizartean, nahiz eta, lan-baldintzak (aire zabalean) eta lanbiderako behar ziren ezagutzak kontuan hartuta, ez zuten horren soldata ona irabazten. Izan ere, 1950eko hamarkadan, eskarmentu handiko sokagile batek asteko 300 pezeta irabazten zituen, eta laguntzaileak, berriz, asteko 75 pezeta.