Apaiz klaretarra, organista, konpositorea eta abesbatzen zuzendaria. Villarejon (Errioxa) jaio zen 1926ko maiatzaren 4an, eta Donostian hil 2003ko maiatzaren 31n.
Txiki-txikitatik nabarmendu zen bere ahotsagatik, eta lehen ikasle-urteetan hasi zen trebatzen. Apaiz-ikasketak eta musika-ikasketak uztartu zituen, bereziki kantu gregorianoa. Madrilgo Goi Mailako Musika Eskolako ikaslea izan zen, Parisko Gregoriar Institutuaren filiala. Solesmes-eko Eskolako maisu onenekin ikasi zuen: Jose Gajard, Auguste Laguenann, Henri Potiron. Iraola, Juan Urteaga eta Francisco Escuderoren ikaslea Donostiako Kontserbatorioan.
Santo Domingo de la Calzadan apaiztu zen 1951n eta 1953tik Donostian bizi izan zen. Mariaren Bihotza parrokian kapilau eta organista izan zen. 1962an sortu zuen eta Donostiako Mariaren Bihotzeko Abesbatza eta Eskolania zuzendu zituen. Haiekin ezin konta ahala kontzertu eman zituen mundu osoan zehar, eta behin baino gehiagotan saritu zuten.
Eskolaniak, bere zuzendaritzapean, askotan parte hartu zuen Bach Jaialdian eta Donostiako Musika Hamabostaldian, J. S. Bach, Bizeten Carmen opera, Pucciniren La Bohéme, etab. Orkestra Nazionalarekin lankidetzan aritu zen, Gustav Malherren Zortzigarren Sinfonia, milakoa deitua, Granadan ospatutako Espainiako Jaialdietan estreinatuz Espainian, eta gero Madrilera, Bartzelonara eta Lisboara eramanez. Pierre Kaelinen Bi Munduen Sinfonia ere estreinatu zuten, Euskadiko Orkestrarekin.
Konpositore gisa, hainbat obra egin ditu: Tutera barrutik orkestra handirako, Errugbiaren ereserkia bandarako edo Barbastroko Martirien ereserkia organo eta abesbatzarako.
Behin Abesbatzen Federazioa eratuta eta musika koralaren alde egindako ibilbide luze eta emankorraren ondorioz, omenaldi bat egin zitzaion Legazpin, eta bi mila umeri zuzendutako kontzertua eman zuen bertan.
Hiritar Merezimenduaren Domina jaso zuen (1989).
- Mariaren Bihotza Abesbatza [Web]. [Kontsulta data: 02-09-2014].
- Peña, Aletxu. "Mariaren bihotza. 50 urte abesten". El Diario Vasco, 2012-03-02. [Kontsulta data: 02-09-2014].
- Antonio Sierra. Eresbil [Web]. [Kontsulta data: 02-09-2014].