Dantza

Saragi-dantza edo Zaragi-dantza

Herrialdeko leku askotan egiten den zahato edo zahagiaren dantza. Tradizionalki inauterietan egiten ziren dantza horiek usuen edo herriko festetako hirugarren egunez. Horrelaxe jasotzen du Juan Ignacio Iztuetak 1824an Gipuzkoako dantzei buruz argitaratu zuen liburuan. Bigarren data horretan dantzatzean, liburuan jasotakoaren arabera, lurra lantzeko jorraiak hartuta dantzatzen zen eta hortik Jorrai-dantza izena datorkio. Egilearen arabera, dantza horrekin festen amaiera eta landa-lanaren hasiera irudikatzen zen.

Arano eta Goizetako (Nafarroa) herrietako inauterietan ere agertzen da dantza hori. Bertan kolpatutako zahagiak "bizia hartzen du". Horrek antzinako errituzko elementuen presentzia erakusten du. XIX. mendeko datuei erreparatuz, Bilbon ere, inauterietako ekintzen barruan, dantza hori tradizionala izan zela ikus daiteke. Horrek herri garrantzitsuenetan ere dantzatzen zela berresten du.

Gaur egun, Gipuzkoako zonalde batzuetan egiten denean, oro har, jorrailekin egiten da. Arano eta Goizuetako (Nafarroa) inauterietan makilak erabiltzen dira eta baita Markinan (Bizkaia) ere. Bestalde, Ondarroan (Bizkaia) eta Deban (Gipuzkoa) herriko festen hirugarren egunean dantzatzen zen.

Normalean, zortzi dantzariz osatutako talde batek interpretatzen du. Hala, dantzari horiek, makilak edo jorrailak hartuta, kolpeka aritzen dira elkarren artean. Ondoren, taldearen erdian kokatutako beste dantzari baten sorbaldan dagoen zahatoa kolpatzen dute.

Dantza horietako batzuetan (Gipuzkoako Jorrai-dantzan edo Markinako inauterietan), aipatu jokoaren aurretik, paseo edo makilakadak ematen dira. Bizkaiko herri horretan bi makilekin dantzatzen da eta herria zeharkatzen duen segizioa (gaur egun, inauteri-igandean) hartzaren irudiarekin osatzen da. Hau da, gazte bat hartzaren larruz janzten da eta bere zaintzaile edo jagoleak gidatzen du kate batekin. Hala, hartza jauzika eta dantzan jartzen du panderoaren doinura. Pertsonaia hori, Goizuetan zahatoa eramaten duen dantzaria bezalaxe, jendea izutzen saiatzen da, batez ere, haur eta emakumeak. Azken hori, aurpegia beltzez tindatuta duela, beregandik iheska dabiltzan emakumeak musukatzen saiatzen da.

Markinako udal datuetan Aratusteetako festen ospakizunen truke egindako zenbait ordainketa aurkitu dira. Lehenengoa, festak girotzen zituen danbolin-jotzaileari egina. Beste bat 1778koa da. Horrek garai horretan jadanik makila-dantza bat dantzatzen zela adierazten du, zahatoa edo zahagia ere izango zuena, izan ere, Markinako inauterietan ohikoa da elementu hori eta oraindik hala egiten da. Aratusteetako funtzioan eta "trokeo" delakoan (makila-dantza izendatzeko forma klasikoa) parte hartzen zutenei afaria ordaintzen zitzaien.

  • IZTUETA, Juan Ignacio de. "Gipuzkoako Dantza Gogoangarriak". La Gran Enciclopedia Vasca. Bilbo, 1968.
  • ZERUTXU DANTZA TALDEA. Euskal Folklorea Lantzen. Markina-Xemein, 1995.
  • ZERUTXU DANTZA TALDEA. "Markiñako Iñauteriak". Dantzariak, 8 zbk. E.D.B.
  • IRIGOIEN, Iñaki. "Bilbo eta Bizkaia dantza inguruan". III. Jardunaldiak "Iturritik". Barrainkua-Bilbao.