Erdi-aroko tenplua da jatorriz, XIII. mendekoa ziur aski, baina XVI. mendean eraldaketak izan zituen, eta geroago handitze moderno bat.
Estilistikoki antza handia du gertu dauden Azantza eta Goñiko elizetatik. Oinplanoa habearte bakarrekoa da, eta hiru tarteuneetan banatua dago, lehenengoa modernoa eta besteak erdi-arokoak, transeptu nabarmena eta burualde erdizirkularra duelarik. Sarrera Epistolaren aldeko murruan dago, hirugarren tarteunean, eta pilareen gaineko aterpe batekin babestua dago. Pareko murruan tamaina txikiko bataio-kapera bat dago, tarteune modernoan irekia. Hurrengo bi tarteuneei atxikia dago koru jasora eta dorrera igotzeko horma-barruko eskaileraren bolumena. Sakristia, azkenik, burualdearen Epistolaren aldeko murruan atxikitako oinplano karratuko gela da, burualdearen forma erdizirkularrari egokitua.
Murruak harlanduxkaz egina daude, baita handitze modernoan ere, sakristian, kaperetan eta dorrean tamaina handiagoko harlanduak daudelarik. Hiru leiho daude, zuzen eta modernoak, horietako bat burualdean kokatua eta beste biak lehenengo tarteunean. Habeartearen oinetan koru jaso modernoa dago, handitze modernoaren garaikidea, bi tribunekin alboetan.
Habearteak estalki-sistema anitza du. Lehenengo tarteune modernoak gurutze-ganga sinplea jaso zuen, hurrengo bi tarteuneek eta gurutzadurak kanoi-ganga zorrotza duten bitartean, profil bereko arku zorrotzekin antolaturik. Bultzadak perimetro-hormetara transmititzen dira, hormetan sartuta dauden mentsula gingildunen bitartez, gurutzaduran izan ezik, hemen hormari atxikitako pilastrak daudelako. Burualdeak labe-ganga bat du, eta Epistolaren aldeko kaperak mentsulen gaineko gurutze-ganga izarratua, Ebanjelioaren aldekoak kanoi-ganga zorrotza duen bitartean. Sakristiak ere gurutze-ganga izarratua du.
Kanpoaldean bolumenen mailakatzea ikus daiteke, sakristiarekin, habeartearen murru altuak eta dorrearekin gainetik, habeartearen bigarren tarteunearen gainean, erdi-aroko fabrikaren lehenengoa zena. Dorre hau XVII. mendean berreraiki zuten, eta 1918an errestauratu zuten. Fuste motz trinkoa du, eta goialdean kanpaiak kokatzeko baoak ditu, lau isurialdeko teilatu baten azpian. Aterpea XVIII. mendekoa da, eta adreiluz eginiko erdi puntuko hiru arku ditu, ebakidura karratuko harrizko pilareen gainean. Barnean ertz-gangako hiru tarteune ditu. Ateari dagokionez, arku zorrotz abozinatua da, profil bereko hiru arkibolta lauekin. Arkiboltak zutabetxoen gainean doaz, eta sagarrekin, palmetekin eta giza buru traketsekin apaindutako kapitelak dituzte.
Presbiterioan Santu Tomasen erretaula modernoa dago, 1841. urtean Iruñeko katedraleko obren maisua zen José Aramburu Echaidek egina, estilo neoklasikoan. Irudigintzari dagokionez, hala ere, XVI. mendeko eskultura zaharragoak aprobetxatzen ditu. Lehen atalean Katalina Alexandriakoa eta beste santu bat daude, azken hau liburu batekin. Bigarren atalean Santa Kiteria, titularra den San Andres, eta beste santu bat. Atikoan, Pietatea erdian dago, eta alboetan San Migel eta San Fermin. Gertu, Ama Birjina eta Haurraren bi irudi ikus daitezke. Horietako bat Arrosarioko Andra Mariaren baselizatik ekarri zuten, eta bertan "Donamaria" izenarekin ezagutzen dute. Eskultura hau 1981. urtean errestauratu zuten. Maria eserita dago, nahiko frontala eta hieratikoa, eta Clara Fernández-Ladredaren ustez konposizioak eta tolesturen trataerak gogorarazten dute Orreagako Ama Birjinaren eredua.
Ebanjelioaren aldeko murruan, transeptuan dagoen kaperan, XV. mendeko Gurutziltzatu bat dago, hilik, burua apur bat alboratua eta oinaze-aurpegiarekin. Beso luzeak eta hanka sendoak ditu, enborra "contrapposto" bortxatu batetan kakotzen den bitartean. Garbitasun oihala eskematikoa da, nahiko traketsa. Gertu, 1882. urtean Bienvenido Bruk eginiko mihisearen gaineko oleo bat dago, San Joan eta San Pablo irudikatuz.
Epistolaren aldeko murruan, atearen ondoan XVII. mendeko ur bedeinkatuko ponte bat dago, plinto molduratuarekin, harroina, fuste helikoidala, orden toskanarreko kapitela, abako eta ekinorekin, eta katilu semiesferiko molduratua. Transeptuaren hegoaldeko besoan San Antonio Abadearen erretaula erromanista dago, XVII. mendearen lehen herenean Jerónimo de Arózteguik eta Juan de Echaurik egina. Trazan bankua du, hiru kaleko atala eta aletoien arteko atikoa, frontoi makurrekin. Fuste helikoidala duten zutabeekin antolatua doa. Ikonografiari dagokionez, bankuko erliebeetan Santa Luzia, Deikundea eta Santa Apolonia daude. Atalean San Joseren eta San Frantzisko Xabierkoaren irudi modernoak ikus daitezke, eta titularra den San Antonio Abadearen mukulu biribileko eskultura erromanista.
Korupean itxuraz erdi-arokoa den bataio-ponte bat dago, katilu lauarekin. Sakristian, azkenik, XVII. mendeko tiradera-altzari bat dago, baita hornidura liturgikoko zenbait objektu ere.
