Arkitektura

Santo Tomas eliza. Arratzu

Lehen tenplu interesgarria Arratzuko San Tomas izenekoa da, maila eztabaidaezina duen eliza, jatorriz estilo errenazentista izan zuena, gerora egindako esku-hartzeen ondorioz monumentu izaera handiagoa hartu duen arren, hasierako izaera galtzearen truke.

Kanpoaldean arkupe batek zeharkatzen du perimetro osoa. Halaber, estribuak eta oinean dorrea ikus daitezke. Areto-eliza edo hallenkirche delakoa dela esan daiteke, izan ere, nabe guztiak altuera berean dituenez, tasun hori izan dezake. Haatik, azterketa zorrotzago bat eginda ikus daitekeenez, 1817. urtean barnealdea bete ondotik hartuko zukeen kutsu hori, jatorrian izan ez zuena. Edozein kasutan, tenplu horretan barnealde hori da adierazgarriena. Korua 1772. urtean sortu zuen Juan de Iturburuk harlandu ona erabiliz eta pilare eta arku karpanelen gainean. Hamarkada zenbait beranduago zutabeen egituraketa hasiko zen Toskano erara, gerora ganga trenkatuetara lotua, eta bao gehiagorekin. Dorrea XVII. mendearen erdialdekoa da, sarrera nagusia oinean zegoenean (egun bi sarrera ditu alboetan, Ebanjelioaren eta Epistolaren murruetan) arkupearenak egingo zituen beheko gorputz batekin. Gainera, erdi-puntuko hiru arku handi ditu. Goialdean, berriz, kanpandorrea lekutzen da, erdi-puntuko baoz hornitua, hura ere, lau isurkitan estalia.

Altzariari dagokionez aberastasun handia dago eta, nagusiki, barrokoa da. Ebanjelioaren aldeko nabean Kristo Santuaren erretaula dago, XVII. mendearen lehen erdialdekoa, salomondar zutabeduna, gorputz bakarrekoa eta Kristo Gurutziltzatuaren, San Roqueren eta San Antonen (manierista) irudiekin; Arrosarioaren erretaula 1738koa da eta titularraren eta San Sebastianen irudiak lekutzen dira bertan; Bataio-kaperak hesi barrokoa ageri du eta XVII. mendeko bataiarria. Epistolan San Joseren erretaula dago, Arrosariokoaren berdina baina San Joseren eta San Joan Bataiatzailearen irudiekin; Bakardadearen erretaulak, Kristo Santuarenaren ildo beretik, titularraren, San Juanen, San Miguelen eta San Frantziskoren tailuak ditu. Aipatuta bi erretaula horiek erromanistak dira, berraprobetxatuak. Pietatearen kaperak artaburuen hesi barrokoa dauka eta kalitate handiko pietate barrokoa lekutzen da bertan. Erretaula nagusiak hiru kale ditu eta solairu bat zutabe korintiarrekin, 1813koa da.

  • Arregi Azpeitia, G.: Ermitas de Bizkaia. I libk., Bilbao, Diputación Foral de Bizkaia, 1987, 524 orr.
  • Barrio Loza, J. A.(dir.): Bizkaia: Arqueología, urbanismo y arquitectura histórica. II. libk. Markina-Ondarroa/Gernika-Bermeo/Plentzia-Mungia, Bilbao, Diputación Foral de Bizkaia, 1989.
  • Ibarra y Berge, J.: Catalogo de Monumentos de Vizcaya, Bilbao, Junta de Cultura Vasca, 1958, 2 libk.
  • Lasuen Solozabal, B.: Puentes Antiguos de Bizkaia, Bilbao, BBK, 1990, 116 pp.
  • Zabala Uriarte, A. (dir.): Monumentos de Bizkaia, II. libk. Uribe-Busturialdea-Lea-Artibai, Bilbao, Diputación Foral de Bizkaia, 1987, 375 pp.
  • VV.AA.: Presas de Bizkaia, Bilbao, Diputación Foral de Bizkaia, 1990, 115 or.