XVIII. mendean egindako fabrika da, eliza zaharra oso urrun zegoelako hemen altxatu zuten beste baten ordez eraikia.
Oinplanoak luzera berdineko bost tarteuneez osatutako habearte bakarra du, gehi burualde erdizirkularra. Sarrera Epistolaren aldeko murruan dago, bigarren tarteunean, eta aterpe batekin eta eskola zaharraren eraikinarekin babestua doa. Pareko murruan oinplano errektangeluarreko bataio-kapera dago, eta sakristia burualdearen Epistolaren aldeko murruari itsatsitako oinplano karratuko gela da.
Murruak harlanduxkaz egina daude, elizaren zati bat eskolen eraikinak estaltzen badu ere, eta barnealdean harlanduen itxura imitatzen duen luzitu bat darama. Argiztapena bermatzeko bi leiho ditu, burualdean eta hegoaldeko murruan, eta habeartearen oinetan zurezko egitura duen koru jaso modernoa dago, zurezko balaustradarekin.
Habearteak lunetazko ganga bat jaso zuen, bost tarteuneetan antolatua erdi puntuko arku fajoien bidez. Bultzadak hormetara transmititzen dira elizaren barne-perimetroa zeharkatzen duen erlaitza baten bidez. Burualdeak labe-ganga bat du, eta sakristia zurezko habeak dituen sabai lau batekin doa.
Kanpoaldean, dorrea habeartearen lehen tarteunearen gainean dago, Nafarroako erdi-aroko landako tenpluetan ohi den bezala. Fuste motz eta trinkoa du, eta goialdean kanpaiak kokatzeko erdi puntuko baoekin irekia dago. Atea dintelatua da, eta nitxo batetan Ama Birjina eta Haurraren mukulu biribileko irudi gotikoa dago, XIV. mendekoa eta nahiko gaizki kontserbatua.
Barnealdean, presbiterioan erretaula erromanista bat aurki daiteke, XVII. mendearen lehen erdialdekoa. Traza poligonala du, burualdearen formari egokitzeko, eta bankua du, hiru kaleko bi atal, eta frontoi bikoitz makurra, kanpokoa hautsia. Zutabe korintoarrekin antolatua dago, eta trazaren garaikidea den sagrarioa kontserbatu du. Lehenengo atalean Deikundearen eta Ama Birjinaren Ikustaldiaren erliebeak daude, tolestura zurrun eta geometrikoekin, trakets xamarrak. Bigarren atalean San Fermin, San Pedro eta San Joan Bataiatzailea daude, mukulu biribilekoak. Nitxo txiki batean Santa Eulalia titularraren eskultura dago, San Pedro eliza zaharreko titularraren azpian.
Bi erretaula simetrikoki kokatuta daude bi alboetan. Fatimako Andra Mariari eta Ama Birjinari dedikaturik daude, eta traza berdina dute. Atal bakarra dute, zutabe korintoarrekin, eta frontoi triangeluarra duen atikoa. Aipatu dugun lehenengoak irudigintza modernoa du, interes gehiegirik gabekoa, San Migelen eta gotzain baten irudiak izan ezik, erromanistak eta XVI. mende bukaerakoak. Bigarren erretaulak Santa Katalina eta Santa Barbararen irudiak ditu, erromanistak ere, beste irudi modernoen artean. Gertu Gurutziltzatu barroko bat ikus daiteke, estilo herrikoian egina.
Ebanjelioaren aldeko murruan Gurutziltzatu erromanista bat dago, XVII. mende hasierakoa, eta elizaren oinetan dagoen kaperan erdi-aroko bataio-ponte bat ikus daiteke, fuste zilindrikoarekin eta katilu semiesferikoarekin. Sakristian, azkenik munta txikiko beste irudiren bat dago, baita zilargintza-lan batzuk ere.
- CARO BAROJA, J.: La casa en Navarra, Pamplona, II. tomoa, N.A.K. 1982, 434-435 orr.
- FERNÁNDEZ-LADREDA, Clara: Imaginería medieval mariana, Iruñea, Nafarroako Gobernua, 1988, 361 orr.
- GARCÍA GAÍNZA, M.C. (et. alt.): Catálogo Monumental de Navarra, V** tomoa, Merindad de Pamplona, Imoz-Zugarramurdi, Iruñea, Nafarroako Gobernua, Iruñeko Artzapezpikutegia, Nafarroako Unibertsitatea, 1996, 433-438 orr.
- PÉREZ OLLO, Fernando: Ermitas de Navarra, Iruñea, N.A.K, 1983, 134 orr.
- LACARRA DUCAY, Mª Carmen (et. alt.): Navarra, guía y mapa, Lizarra, N.A.K. 1983, 218 orr.
