Arkitektura

Santa Eulaliaren Parrokia. Beltzuntze

Erdi-aroko tenplua da jatorriz, XVI. eta XVIII. mendeetan eraldaketa nabarmenak jasan zituen arren.

Oinplanoa oso sinplea da, luzera berdineko hiru tarteune dituen habearte bakarrarekin, gehi burualde zuzena. Sarrera Epistolaren aldeko murruan irekia dago, bigarren tarteunean, eta harrizko aterpe batekin babestua doa. Sakristiari dagokionez, Epistolaren aldeko murruari atxikitako oinplano karratuko gela da.

Murruak harlandu irregularrez egina daude, eta barnealdean margotuak doaz landare-motiboekin eta harlanduen itxura imitatzen duen dekorazioarekin. Barnealde honen argiztapena bermatzeko bi leiho daude. Lehenengoa burualdean dago, hegoaldeko murruan irekia kanpoko argia hobeto jasotzeko, eta beste bat oinetako murruan. Azken honek erdi puntuko arku bat du, baketonekin apaindua eta euri-babes moduko moldura batekin. Elizaren oinetako murruan, azkenik, koru jaso moderno bat ikus daiteke.

Elizak estalki-sistema anitza du. Lehen tarteuneak erdi-aroko jatorria duen kanoi-ganga bat jaso zuen, hurrengo bi tarteuneek tradizio barrokoko lunetazko gangak, eta burualdeak XVI. mendeko tertzeletezko gurutze-ganga bat du. Tarteuneak hormetan txertatuak dauden mentsula gingildunetan amaitzen diren arku fajoiekin bereizten dira, burualdeko nerbioek pisua hormetan sartuta dauden mentsula zilindrikoen bitartez perimetro-hormetara transmititzen duten bitartean.

Kanpoaldean, dorrea habeartearen lehengo tarteunearen gainean altxatzen da, Nafarroako landako erdi-aroko tenplu gehienetan gertatzen den bezala. Fustea motz eta trinkoa da, garai barrokoko inposta batekin apaindua, eta goialdean kanpaiak kokatzeko erdi puntuko bi bao ikus daitezke, lau isurialdeko teilatu baten azpian. Harlanduz eginiko aterpe bat dago, harrizko pilare komun bat duten tamaina handiko erdi puntuko bi arkuekin, sarrera babesteko. Atea gotikoa da, 1200. urte ingurukoa, eta arku zorrotz abozinatu batekin doa. Ertz biziko hiru arkibolta ditu, apaingarririk gabekoak, eta xakeztatu batekin dekoratua doan euri-babes moduko moldura darama. Zutoinek dekorazio sareztatu bat duen moldura jarrai bat daramate, kapitel moduan. Sarreraren gainean mentsula batzuk daude, apaingarri figuratiboekin, non gizakien eta animalien buruak eta pinaburu bat ikus daitezkeen.

Barnealdean, presbiterioan ikus daiteke elizako garai bateko alboko erretaula, erdira ekarrita arestian izandako errestaurazio batean, neogotikoa zen beste erretaula baten ordez. Manierista berantiarra da, XVII. mendekoa, eta bere trazak bankua, nitxo bakarreko atala eta frontoi kurbo kiribildua du. Fuste ildaskatua duten zutabeekin antolatua dago eta, irudigintzari dagokionez, XVII. mendeko bi eskultura ditu, Maria Sortzez Garbiarena eta Gurutziltzatu bat. Presbiterioan oraindik eta erretaulatik gertu, horma-barneko sagrario bat dago, zerrenda boladuna daraman arku konopial batekin irekia, baita San Blas eta San Ferminen XVIII. mendeko bi eskultura barrokoak.

Ebanjelioaren aldeko murruan XV. mendeko Gurutziltzatu gotiko bat ikus daiteke, marko barroko batekin, eta pareko murruan erdi-aroko bataio-ponte bat, XIII. mendekoa antza denez, harroin zirkularrarekin, fuste motz zilindrikoa eta katilu semiesferikoarekin. Ohi den bezala, sakristian zilargintza-lan batzuk daude.

  • CARO BAROJA, J. La casa en Navarra, Pamplona, II. tomoa, N.A.K. 1982, 417 orr.
  • GARCÍA GAÍNZA, M.C. (et. alt.): Catálogo Monumental de Navarra, V** tomoa, Merindad de Pamplona, Imoz-Zugarramurdi, Iruñea. Nafarroako Gobernua, Iruñeko Artzapezpikutegia, Nafarroako Unibertsitatea, 1996, 134-137 orr.
  • MENÉNDEZ PIDAL, Faustino; MARTINENA, Juan José: Libro de Armería del Reino de Navarra, Iruñea, Nafarroako Gobernua, 2001, 26 eta 274. zk